AYUDAS A LA NAVEGACIÓN:

Saltar al contenido.

Saltar al menú.

Agenda parlamentaria.

Iniciativas parlamentarias.



BUSCADORES

Desplegar menú Mostrar buscador

Ciudadanía


RUTA DE ACCESO A LA PÁGINA ACTUAL



CONTENIDO PRINCIPAL DE LA PÁGINA

Discurso de la Presidenta de Juntas Generales en la Sesión Plenaria Itinerante

 

Bergarako alkate jauna, zinegotzi jaun-andreak, agur t'erdi; eskerrik asko Gipuzkoako Batzar Nagusiei Bergaran egin diguzuen harreragatik, hain egoera berezian aurkitzen garen honetan.

 

Gipuzkoako diputatu nagusi jauna, foru diputatu jaun-andreak; batzarkideak, egun on.

 

Bilkura hasteko, zutitu eta isildu egingo gara une batez. Tarte bat har dezakegu gertatzen ari denaz pentsatzeko: bailara honetan hilak, 50 pertsona inguru, sendatuak, 400dik gora, eta haien etxekoak gogoan izateko; eta larrialdian bizitutakoaz oroitzeko. Jar gaitezen, beraz, zutik isilunea egiteko.

 

.....

 

Isilunearen ondoren, hitzaren unea. Gorka Artola, Bergarako alkate jauna, aurrera.

 

.....

 

Eskerrik asko, alkate jauna.

 

Lehen hitzetik, eskerrak eta zorionak eman nahi dizkiet koronabirus aldian Gipuzkoan eta, zehazki, Bergaran larrialdiari arduraz eta herri ikuspegiz jokatu duen herritar, elkarte, zerbitzuetako langile eta buru guztiei. Ez dira estualdiak eta ikarak falta izan, baina ezta sormena, orduak kontatu gabeko lana eta sendotasuna. Ez da inprobisatzen pandemia honetan gure herrian eman dugun erantzuna. Osakidetza nabarmendu nahi dut. Batetik, esker ona adieraziz hainbeste erizaini eta medikuri sendatzeko bokazioa bizitzeagatik. Eta agintari politikoei berdin, herri-zerbitzuagatik.

 

Iruditzen zait komeni dela fokoa hurbiltzea eta zabaltzea zer daukagun ikusteko: Debagoiena Ospitalea eta 9 osasun zentro daude Debagoienako herrietan; begirada zabalduz gero, Gipuzkoan Osakidetzako 6 ospitale eta Onkologikoa dauzkagu, 100 osasun zentro, kontsultategi eta anbulatorio, Osasun Mentaleko sarea eta Eibarko Ospitale berrian bi egoitza sozio-sanitario 50 lagunentzat, Osakidetzaren eta Foru Aldundiaren arteko hitzarmenari esker. Eta ikuspegia areagotuz, honek esan nahi du osasun publikoko aurrekontua euskal herritar bakoitzeko 1.700 eurotik gorakoa dela, Estatuan baino %30 gehiago; eta Osakidetzaren aurrekontua ia 3.000 miloi eurokoa, iaz. Argi dago ez dela inprobisatzen pandemia honetan gure herrian eman dugun erantzuna, bereziki Osakidetzaren bidez. Urtean 16 miloi kontsulta eta egunean 5.000 larrialdi artatzen dituen zerbitzuak, konfiantza ematen du. Osakidetzak bete du bere egitekoa larrialdia heldu denean. Euskadiko Erkidegoan 21.000 kasu positiboren berri izan du, horietatik 3.000 pasa Gipuzkoan; %90 inguru sendatu dira bai lurraldean bai Debagoienan. Adineko egoitzekin lankidetza etengabea izan da. Ondo dakite Mizpirualden, ehun adindu egoiliar eta, birusa sartu ez den Gipuzkoako egoitzetako bat, Aldundiak neurri zorrotzak hartu ondoren. Zoritxarrez, Arrasateko egoitzan 28 pertsona hil dira. Bestetik, Aita Mennik eguneko egoitzak itxi zituenean, ez ziren besoak tolestuta geratu langileak. Ehundik gora adindu etxera itzuli zirenean, haien familientzako laguntza prestatu zuten. Bejondeiela.

 

Al mismo tiempo, creo que es necesario reflexionar sobre algunas situaciones que hemos vivido, especialmente, en relación con aquellas personas que han fallecido en soledad, así como el durísimo trance vivido por sus familias... Además de un buen servicio público y los mejores cuidados, es evidente que un momento como el citado necesita de humanismo y dignidad, también en tiempos de pandemia. Estoy seguro de que los expertos en salud y bioética estarán estudiando estos aspectos.

 

Halaber, azpimarratzekoa iruditzen zait boluntarioen lana ere: Euskadi eta Gipuzkoako herrietan bezala, Bergaran bertan 75 bat gizon-emakume izan ditugu 50 bat etxetara joanez; Elikagaien Bankua, Caritas, Gurutze Gorria ere elkarlanean Udalarekin, beharrean aurkitu diren pertsonak eta familiak babesten. Kontsumismoan indibidualismoak indar handia duen giroan, ikusi dugu bakarrik motz gertatzen garela. Zorionez, elkartasunaren indarra aterarazi du koronabirusak, itxialdian giza zabaltasuna berritu da eta distantzia fisikoan gertutasun humanoa. Euskal Herriarekiko atxikipena eragiten du horrek, konfiantza eta itxaropena pizten duten jarrerak eta balioak dira, eta memoria indibidual eta kolektiboan gorde beharrekoak, krisitik hobeto ateratzeko. Denok gaude krisi honen barruan eta elkarren beharra dugu, erakundeek herritarrena eta herritarrek erakundeena, elkarrekin aurrera ateratzeko.

 

Orain urtebete Hondarribian ginen Osoko Bilkura Ibiltarian, Batzar Nagusiak, Foru Gobernua, Udala, denak osorik. Gaur, ordea, guztia murritza, batzarkide herenarekin, eta elkarrengandik aldenduta; Aldundiko gobernua nahiz udalbatza ere erdira jaitsita. Ez gaude ohi bezala, baina ez gaude geldirik eta ez gara hutsetik ari. Bergaran bertan topa ditzakegu bide on askoak krisi honetatik sendotuta ateratzeko.

 

Jakin dugu Wolfratex enpresa sortu dutela hemengo lau enpresaren artean, maskara kirurjikoak egiteko. Foru Aldundiak miloi bat maskara eskatu dio eta Jaurlaritzak 7 miloi. Lazpiur, Embalan3, Servimasa eta Egile Taldea enpresak Bergarakoak ditugu, bertan hain ondo sustraituak non, lantegi berria bataiatzeko, Elhuyartar anaien aurkikuntza hartu baitute, beroa ondo jasaten duen wolframa, makina-erremintan, soldaduran, bonbilatan hain erabilia. Hala, wolframetik Wolfratex. Horrek gure iraganean begiratzeko aukera eman dit.

 

Orain 250 urte ere ez ziren bizi atzera begira. Euskal Herriaren Adiskideen Elkartea sortu zuten Azkoitiko Zalduntxoek. Xabier Munibe Peñafloridako kontea -Azkoitian jaio eta hemen, Bergaran, hil zena-, gizon jantzia eta atzerrian ibilia zen, Rousseau filosofoaren lagunartera heldu zen gipuzkoar hau. Jakinminak eta herriari zion maitasunak akuilatuta, adi zebilen XVIII. mendean Europan jakintzak zertan ziren. Munibe buru, Azkoitiko Zalduntxoek, Plan bat aurkeztu zuten 1763an Gipuzkoako Batzar Nagusietan, Nekazaritza, Zientzia, Arte eta Merkataritzako Akademia eratzeko; hurrengo urtean, 1764an, jaio zen Bascongada, Euskal Herriaren Adiskideen Elkartea. Koldo Mitxelenaren iritziz gure herriak sortu duen gauza interesgarrietako bat da Basconganda; sarri herritik kanpora ibili ziren gizon haiek euskal nortasunean nola iraun zuten adierazten duen fenomenoa. Martin Ugalderen arabera, aurreko hiru mendeetan sakabanatuta eta elkarren aurka borrokan ibilitako euskal lurraldeetan, batasuneranzko joera ari zen ernetzen eta zabaltzen. Bascongadak "Irurak-Bat" bihurtu zuen bere zigiluko goiburu eta ikur, hiru esku elkarri lotuta, Gipuzkoan, Bizkaian eta Araban zabaldu zelarik mugimendua, eta Nafarroan Tuterako Elkartearen hazia jarri zuelarik. Elkartearen estatutuen lehenengo puntuan Bascongadaren funtsa eta muina dago jasota: "Cultivar la inclinación y el gusto de la Nación Bascongada hacia las Ciencias, Bellas Letras y Artes, corregir y pulir sus costumbres, desterrar el ocio y sus funestas consecuencias y estrechar más la unión de las tres Provincias de Álava, Bizkaia y Gipuzkoa, y de todo el País Vasco". Hasta ahí la cita. Los tiempos cambian y en algo hemos ganado, además de desterrar aquellas sin duda agobiantes pelucas, que incluso los maceros han eliminado de su atuendo. Y en lo relativo al ocio creo que también hemos avanzado, ya que tenemos en gran valor el desconectar del trabajo y disfrutar del tiempo libre y de las vacaciones, hasta el punto de que hoy del ocio hemos ideado un negocio llamado turismo, medio de vida y fuente de disfrute y cultura.

 

Tira, halere ez du gaurkotasuna galdu Euskadin jakintza eta batasuna eragiteak. Helburu horren bila, Euskal Herriaren Adiskideen Elkarteak sortu zuen erakunde behinena dugu Bergarako Seminarixua, Udaletxe pare honetantxe, gure herrian jakintzen zaletasuna eragiteko, baina ez bakarrik matematika eta zientziak irakatsiz, eta latina, frantsesa eta ingelesa, baizik eta baita euskara ere, hizkuntza nazionaltzat izendatuz, gaztelaniaz gain. Lehen mailako jakintza gune bilakatu zen Bergarako Seminarioa eta Europa guztiko kulturgile eta zientzialarien arreta piztu zuen, bertako laborategi aurreratuetara Suediako eta Frantziako ikertzaileak erakarriz, matematikak, kimika nahiz osasun ikerketak egiteko, Seminarioko laborategiak Europako goi mailakoak baitziren, osasun ikerketen artean baztangaren inokulazio kanpaina nabarmendu zelarik.

 

Gure historiaren oinordekoak gara. Euskaldun haiek aprobetxatu zuten XVIII. gizaldiko kultur giroa elkar hartu eta herriari bultzada emateko, eta orain ere aprobetxa dezakegu aldi hau herri bezala hazteko. Krisi hau argi erakusten ari da berriro, nor garela herri bezala geure gauzak geuk gobernatzeko eta hori dela gure borondatea. Baina euskal borondateak eta gaitasunak, gure autonomia politikoak, topo egin du orain ere Estatu jokabidearekin. Pandemia aldi honetan areago agertu zaigu Madrilgo esku zentralista, gure eskumenen agintea bereganatu baitu Gobernu espainiarrak. Ez eskubidez eta legez gurea denari uko egin diogulako, Estatuak ematen duen lege-indarra erabiliz baizik. Euskadik herri bezala dituen eskumenen gainetik jartzea ez da elkar hartzea edota kogobernantzaren eredu. Gainera, gure herriaren erantzunaren bidez erakutsi dugu ez dela beharrezkoa. Gure osasun sistemak erantzun du, larrialdiaren olatuan galdu gabe. Hezkuntzak eta unibertsitate sistemak ere bai. En este último ámbito, también creo que debemos dejar algún hueco para la autocrítica y repensar nuestra creciente dependencia "educativa" de internet, especialmente para los más jóvenes. Como bien dice el filósofo José Antonio Marina, "un burro conectado a internet sigue siendo un burro", dicho sea con todo cariño hacia ambas especies.

 

Elkartasunari dagokionez, Espainiatik laguntza eskatu duenari ere luzatu diogu eskua, adibidez, Soriari; bai eskertu ere Soriak. Elkartasunerako ez da aginte bakarrik behar, izan ere. Elkartasunerako duintasuna behar da, norberak beretzat behar eta nahi duena besterentzat opa izatea.

 

Diotenez koronabirusarentzat ez dago mugarik. Bada, esan dezagun elkartasunarentzat ere ezetz, ez duela mugarik egon behar beharrean dagoenari adi egoteko eta laguntzeko. Aita Mari datorkit gogora, eta beste batzuen lan humanitarioa, "Open Arms, "Alan Kurdi" eta "Sea Whatch3" salbamendu ontziena, adibidez. Aita Marik Mediterraneoan 281 pertsona erreskatatu ditu, azkeneko 63ak pandemia aldian, adorez eta elkartasunez. Harrez gero, 49 egun egin behar ditu Palermon, itsasoratzeko baimenik gabe, 55.000 euro ordainaraziz. Lotsa ematen du eta eskandalua da Europarako. Bestetik, honek ere lagun diezagula gure larrialdiaren neurriaz jabetzen, herri pobreetan gorriak eta bi ikusten dituztenak larrialditik itolarrira igarotzen baitira, ez botika, ez ospitale, ez laguntza... Beraz, elkartasuna dezagula etxerako eta kanporako. Beraz, nor bere buruaren jabe izatea eta nork besteekin elkar hartzea, horra igarotzen ari garen krisian aurrera egiteko eta berrituta ateratzeko bi palanka on.

 

Beharrean elkartasuna behar da, hori da krisi hau ondo aprobetxatzea. Politikan, tamalez, ezkortasun eta ezezko gehiegi izan dela iruditzen zait, indarrak bildu beharrean. Gauza bat da ikusitako hutsuneak eta egindako okerrak apuntatzea, behar denean kontuak eskatzeko eta bestea, egiten zena egiten zela kontra erantzutea. Ez dut uste ideologia politiko desberdinen kontua denik, ezereztatze politikoarena baizik. Arriskutsua iruditzen zait, populismo eta neofaxismo haizeak dabiltzan honetan ezkortasun sistematikoa, egoismoa elika dezakeelarik. Konbentzituta nago herritar askok eskertuko ligukeela politika egiten dugun herri ordezkariei elkar hartzea, bat egitea, elkarrekin heltzea desafio handi honi. Herritarren konfiantza behar dugu politikarekiko eta erakundeekin, eta horretarako sinesgarri ikusi behar gaituzte, elkarrekin bat egiten, nork beretik emanez herriaren ona bilatuz.

 

Pandemia krisian beheraka doaz ekonomia eta lana, eta Foru Ogasunak egin ditu kontuak zerga-bilketa %20 edo %25 jaitsiko dela. 200 miloi gutxiago esan nahi du Gipuzkoako aurrekontuetarako, jakinik gizarte politikak daukala pisu handiena, aurrekontuaren erdia baita. Horri eustea da erronka. Kontua ez baita soilik zenbat diru dagoen baizik eta banaketa zeren arabera egiten den. Gauza bat badugu gure alde, azken urteotan foru eta udaletako finantzak saneatu eta sendotzeaz gain: gure aurrekontu eredua, 40 urteotan eraikitzen joan garena. Lehen ere bizi izan ditugu urte zailak, eta hain zuzen, garai latzetan zabaldutako bideak dauzkagu.

 

Lau oinarri ditugu Euskadin herria egituratu dutenak, Gipuzkoa barne, diktadura ondoren gure buruaren jabe izateko autogobernu politikoa eskuratu genuenean, Jaurlaritza, Legebiltzarra eta Batzar Nagusiak eta Diputazioak elkar hartuta: batetik, industria eta enpresak bultzatzea aukeratu genuen; beste erabaki politikoa, bidezko gizartea eraikitzea pobreziari aurre eginez eta ezinean dagoena bazterrean utzi gabe; hirugarren aukera politikoa, euskara eta euskal kultura biziberritzen laguntzea; eta laugarren ardatz politikoa baina ez azkena, zerbitzu publiko sendoa eratzea, herri honetan bizi den orok osasuna, hezkuntza eta gizarte laguntzak ziurtatuak izan ditzan, aldi berean, ekimen pribatuarekin elkarlanean. Bada, Gipuzkoan gizarte babesari eustea izango da erronka politikoa aurrekontuak onartzeko garaian, irailetik aurrera. Elkar hartzeko gai bagina, askoz hobeto.

 

XXI. mendean auskalo ze beste kinkatan egongo garen baina bat gure bizimoduarekin lotua dago eta klimaren krisia ekarri digu. Mundu mailako erronka da: necesitamos un sistema jurídico y político global que imponga sus decisiones sobre Estados, empresas y ciudadanía para proteger la biosfera y los ecosistemas, mitigando el proceso de cambio climático. Es un derecho subjetivo de todas las personas, no una simple suma aritmética de políticas públicas. Desde lo local a lo global hay un sinfín de pequeñas acciones individuales y colectivas que todos tenemos pendientes con el planeta.

 

Bukatzera noa. Orain urtebete esandako hitz batzuk berreskuratu ditut, koronabirus aurretik esandakoak ondoren honetan ere balio dutelakoan: "Herria eta pertsonak gobernatzeko gaude politikagintzan, ez soilik gauzak kudeatzeko, nahiz eta politikaren alderdi bat izan kudeaketa. Herria gobernatzea, gipuzkoarren gobernua, ezin du ordezkatu gauzak pragmatismo soilez administratzeak. Izan ere, pertsonen gobernuaren ordez gauzen gobernua ezartzen badugu, halako atonia eta geldialdi batean erori gaitezke: dagoena dago eta kito, dagoena gobernatu, ez espero besterik. Baina hori ez da politika, hortik ez baitago ez jauzi politikorik ez gizartearen eraldaketarik. Eta ez da Gipuzkoako politikaren zigilua, ezta gure gizartearena ere. Ez gaur egun ez historian zehar. Gipuzkoan, Euskadin oro har berdin, politika bi eskuekin eragiten dugu: errealitateari heltzen dio esku batek eta besteak idealari, gertatzen diren premia eta erronkei erantzuteko eta errealitatearen aldapa gogorra igotzeko, errealismo gorrian ito gabe eta idealismo hutsean galdu gabe. Azken batean, politikaren bidez historian aurrera egiteko gaude, epe luzeko prozesuak eratuz, pazientzia eta begirune demokratikoz, erritmo humanoz -dena berehalakoan lortu beharrik gabe-, beti giza duintasuna eta funtsezko eskubideak sendotzen ahaleginduz". Horraino iaz esandakoa. Gaur, pandemia aldian, konbentzituta nago balio duela adierazpen honek, bai aurrera egiteko balio digun bidea aukeratzeko eta oztopo duguna salatzeko eta baztertzeko.

 

Irailean itzuliko gara, ea orduan Osoko Bilkura osorik dugun. Ordurako Legebiltzar berria izango dugu, hilaren 12an hauteskundeak egin ondoren. Esku bete lan izango dugu erakunde guztiek. Urtebete barru, okerrik ez dela, Mutrikun elkartuko gara Gipuzkoako Batzar Nagusiak Bilkura Ibiltarian. Ordura arte, zaindu gaitezen eta zaindu dezagun elkar. Zaindu herria guztion artean, eta egin dezagun bidea egunero arduraz, oraindik ere Covid-19a gurekin dugu eta. Mila esker denoi zuen arretagatik.

 

 

Xabier Ezeizabarrena Saenz

Gipuzkoako Batzar Nagusietako lehendakaria

Bergara, 2020ko uztailaren 2a

 

 


PIE DE PÁGINA:

Ir a inicio de esta página.