ARAKATZEKO LAGUNTZAK:

Edukira joan zuzenean.

Menura joan zuzenean.

Batzar Nagusien agenda.

Batzar Nagusietako ekimenak.



BILATZAILEAK

Menua ireki Bilatzailea erakutsi

Gipuzkoa


ORRI HONEN BIDE-IZENA



ORRIAREN EDUKI NAGUSIA

Donostia, Gipuzkoako hiriburua

Hiriburutza

Hiriburutzari buruzko beste atal batzuk

1823an San Luisen Ehun Mila Semeen inbasioarekin erregimen absolutista ezarriko da eta horren ondorioz, Gipuzkoako hiriburutza Tolosara aldatuko da. 1854an erresuma berrogeita hamabi probintziatan banatuko da eta Gipuzkoako hiriburutza Donostian ezarri zen. Aduanak Ebrora atzeratzea erabaki zen eta neurri hori probintziaren mesederako izan zen. Halaber, Donostia Amerikarekin merkataritzarako egokitutako portu gisa itxi egin zen.

 

Donostiari buruz idatzitako lehendabiziko berriek monasterio bat aipatzen dute, gaur egun oraindik Antiguo deitzen zaion auzoan kokatuta zegoena. Leku hori antzina, historialari batzuen arabera, Izurum bezala zen ezaguna.

 

Donostia etimologikoki Donebastian hitzaren bilakaeratik dator (Done=Santu, eta Sebastian).

 

Bere fundazioaren berririk izan ez arren, lehendabiziko datua Nafarroako Antso Handiaren 1014. urteko dokumentu faltsu batek ematen du. Horren arabera, Donostiako monasterioa Leyre abadearen eta Iruñeko apezpikuaren eskutan jarri zen. Dokumentu hori, 1101ean baieztatu zuen Pedro Ramirez erregeak (Pedro Sanchez I.a, Nafarroa eta Aragoiko erregea).

 

XI eta XII. Mendeetan Donostiako Antiguo monasterioa gune espirituala izateaz gain eremu horretako biztanleen bizitza sozial eta administratibo jaio berriaren gune ere bazen. Mugak sendotzeko eta antzinako amets bat egi bihurtzeko, Nafarroako eta Aragoiko artilea salerosteko eta ustiatzeko portu bat eraikitzearena, alegia, eta kontuan izanik portu horrek burgu harresitu batez babestuta egon beharko lukeela, Nafarroako Antso VI.a erregeak erabaki zuen Donostiari, 1180 inguruan, Jaca (1135) eta Lizarra (1164) birpopulatzeko era eraginkorrean erabili zuen foru bera aplikatzea Horrela, hiriaren erdigunea, Antiguon eratzen ari zirena, Urgull mendiaren behealdera aldatu zen aipatu foruarengatik.

 

Baiona denbora luzean Nafarroaren portu izan zen eta XI. mendean inolako baliorik gabeko portu bat zuen, landetako hareak itsutua. Gertakizun hauek eta foru berriaren abantailek, gaskoien (Baionako armadore eta merkatari burgesak) emigrazio garrantzitsu bat eragin zuten. Hauek azkar okupatu eta zuzendu zuten antzinako Izurum erromatarra, harresien babesean, orduan jada Donostiako hiribildu gisa ezaguna zena.

 

Donostiako hiribildua Nafarroaren portu izateko jaio zen eta hasieran eginkizun hori bete zuen. Baina ez ziren urte asko igaro, 1194an, Nafarroako Antso Indartsua tronura iritsi zenean, honen eta Donostiaren arteko krisia planteatu zen arte. Gipuzkoa, 1200. urtetik aurrera Gaztelako Alfontso VIII.aren mende jarri zen, Antso Indartsuaren etsaia.

 

Donostiako merkatarientzat aldaketa hori positiboa izan zen, izan ere, Frantziako dinastiaren mende erortzera zihoan gainbehera zegoen estatu txiki baten (Nafarroa) portu izatetik, monarkia baten itsasorako irteera izatera pasatu zen, Gaztelakoarena, alegia, askoz handiagoa eta aberatsagoa zena eta hedatzen ari zena.

 

Gaztelako Erregeek 1248an lehendabizikoz Donostiako itsasontzi-indarrak izango dituzte, mairuen ontzidia eta Trianako zubia ezdeus bihurtu dituztenak. Gertakizun horien ondorioa Sevilla hiriaren amore ematea izan zen.

 

Alfontso VIII.ak foruei zin egin eta Donostiari emandako pribilegio asko emango dizkio, batzuk Nafarroako trafikoa bizirik mantentzera zuzenduak eta besteak, merkatari donostiarrak Gaztelako merkatuan egoera pribilegiatua izatera zuzenduak.

 

Bere ondorengoek, Fernando III.ak eta, 1256an, Alfontso X.a Jakitunak, hiribildu berriak fundatuko dituzte eta horien helburua, besteak beste, segurtasuna bermatzea eta Araba eta Gipuzkoa zeharkatuz Gaztela Donostiako portuarekin batzen duen bideari azpiegitura bat ematea da. Horrek Gaztelatik zetorren merkatal trafikoa handiagoa eta arinagoa izatea ahalbidetu zuen eta hori, Nafarroarenarekin batera, Donostiaren oparotasunaren oinarri izango dira.

 

Oparotasun hori izango da 1266tik aurrera jasango dituen hainbat sutetatik berpiztu araziko duena. Sute horiek medio, bi mende eta laurdenetan sei aldiz erre zen erabat.

 

Antagonismo anglo-frantsesak Ehun Urteko Gerra eragingo du. Bi indarrek Gaztelaren aliantza lortu nahiko dute, honek duen itsas indarrarengatik. Alfontso XI.a argi eta garbi frantziarren alde agertuko da (1336ko ituna eta geroago 1345ekoa). Baina hori guztia, ingelesekin harremanik hautsi gabe, horrela Akitania, ingelesena, eta Gipuzkoaren arteko merkataritza-harremanak mantenduz.

 

Pedro Ankerra eta Enrike Trastamarakoa erregen arteko borroka fratizidak Gipuzkoan probintzia Donostiaren, Mutriku eta Getariaren aurka jartzea ekarri zuen. Gipuzkoak, "Ahaide Nagusiek" zuzendutako Ermandade bat zuenak, Enrikeren alde egingo du, Donostiak, aldiz, biztanleria burgesa, leinu oligarkikorik gabea eta "Ahaide Nagusien" aurka jarrera aktiboa hartu duenak, Pedro I.aren alde.

 

Pedro hil zenean, 1369an, bere anaiorde Enrike Trastamarakoak eraila, eta Enrike sasikoa tronura igo zenean, Gaztelako Koroak aliantza bat egingo du Frantziako monarkarekin. Erabaki horrek Akitania ingelesarekin tentsio-muga bat eragin zuen eta arrazoi horregatik, asko kaltetu ziren Akitania eta Donostiaren arteko merkataritza-harremanak.

 

Bestalde, Trastamarakoen aldia Gipuzkoarentzat sekulako nahas-mahasa izan zen Bandoen Gerraren barruan; oinaztarrak eta ganboatarrak euren lehia tragikoaren mendean erortzeak donostiarrentzako barne-merkataritzan zailtasunak eragingo ditu.

 

Beste elementu negatibo bat gehituko zaie bi horiei; izan ere, Nafarroak, Donostiako portuaren merkataritzaren zati nagusi eta aberatsak, arrazoi dinastikoak medio frantziar norabidea hartuko du.

 

Hiru arrazoi horiek Donostiara, XIV. mendearen bigarren erdialdean, ondorio larri bat ekarri zuten: trafikoaren linea nagusiak Bilborantz aldatzea, Donostia merkataritza-trafikoaren garrantzi-gune gisa ordezkatuz.

 

Aldi luze horretan, probintzia osoa Bandoen Gerraren ondorioz odoleztatuta dago eta hiribilduak elkartzen saiatzen dira horiei aurre egiteko. Bitartean, Donostia bakean dagoen gotorlekua da. Bere harresien barruan Donostiako burgesak lasai bizi dira, baina horietatik eta bere inguruetatik kanpo, "Ahaide Nagusien" gailentasun dinastiko eta ekonomikoa, beren boterea jaio berria zen burdinaren industriatik lortzen zuten oligarkia, Donostiaren kanpoaldea ahulduz doa, udalerria murriztuz. Lehendabizi Hondarribia, geroago Oiartzun, gero Hernani, Andoain, Orio, Usurbil,... etab. izango dira bata bestearen atzetik Donostiatik bereiziko diren herriak.

 

1489ko urtarrilean sute batek errauts bihurtu zuen hiribildua. Zoritxarreko gertakizun horrek neurri gisa hiribildua harriz eraikitzea ekarri zuen. Sute hori Donostiako erdi aroko garaiko azkena izan zen. Erabateko erreketarik ez da gertatuko 1813. urtera arte.

 

1489ko zoritxarraren ondoren, hiribildua eraikitzeari baino donostiarrek bizimodu berri bati ekin zioten. Donostia, XV. mendearen azken laurdenetik aurrera, merkataritza-gune izatetik, bere kokapen estrategikoarengatik, toki militarra izatera pasatuko da; eta bere portu nagusia, Pasaia, erabat merkatala izatetik, Kantauriko Ontzidiaren itsasontzi-basearen eginkizunak betetzera pasatuko da. Kantauriko Ontzidia mendeetan zehar (XIX.era arte) Frantziako, Holandako eta Britainiako ontzidien aurka borroka egingo duen itsas indarra da.

 

Donostiak gotorleku gisa duen eginkizun berri horrek, frantziarren erasoak geldiaraztearen ardura besteak beste, hiribildua norabide berriak hartzera bideratuko du; horiengatik jaso zituen Noble eta Leial tituluak.

 

Errege Katolikoen eta Felipe V.aren arteko aldian, hirurehun urte gutxi gorabehera, hiribilduak setio ugari biziko ditu.

 

Etengabeko gerra-egoera horrek Donostiaren ekonomia larriki hondatzea ekarriko du, sendotzeko egindako gastuengatik, soldaduak mantentzeagatik eta itsas merkataritza etengabe erortzeagatik; hori, 1573tik aurrera are gehiago larrituko da, izan ere, Sevillak Amerikarekiko transakzioen monopolioa eskuratuko du.

 

Bere eginkizun belikoa bi mendez heroikoki bete ondoren, Felipe IV.ak, 1662an, Hiriaren titulua eman zion.

 

Errege horrekin berarekin, Felipe IV.arekin, 1659an Frantziarekin bakea lortuko da, "Pirinioetakoa" izenekoa eta horregatik Donostiako buru ziren mailak antzinako merkataritza-eginkizunetarako prestatzen dira. Horrela, 1682an Kontsulatua eta Kontratazio Etxea fundatu zen, Gipuzkoako merkataritzari eta nabigazioari zerbitzu onak eskainiko dizkiona.

 

Baina guztia irudikeria bat izan da, izan ere, gerrak aurrera darrai eta hiria sendotu egin behar da. Horrela, eztabaida sakona sortzen da harresiak defentsa-elementu gisa mantentzearen aldekoen eta defentsaren gunetzat gaztelua hartzearen aldekoen artean.

 

Eztabaida horretan murgildurik, 1719. urtean lehendabizikoz Donostia Berwick dukea buru duen frantziar armada batek hartzen du. Aurkitu zutena gotorleku ahulak zituen hiri bat izan zen eta elikagai eta munizio urriko goarnizio txiki bat. Hiria 2.000 soldadu frantsesez osatutako talde batek okupatu zuen, 1721eko abuztuaren 25era arte. Orduan Hagako Bakearen ondorioz alde egin zuten.

 

Hurrengo hirurogeita hamar urteak baketsuak izan ziren; 1728an Caracaseko Gipuzkoar Konpainia fundatu zen eta 1788an Amerikarekin merkataritza librea berrezarri zen. Urte horietan ekonomia indarberrituko da. Fundazio horretan Estatuaren interesak daude, merkataritza amerikarra kontrolatu nahi baitu berriro, baita Donostiako merkatari-taldearenak ere, bere merkataritza egurtuari irtenbide bat bilatzen ari baitira, Gaztelako (Bilboren monopolioa) eta Nafarroako (Baionara desbideratua) artilearen trafikoa galdu ostean.

 

Aldi berean, hiriko defentsak alde batera uzten doaz, geroz eta zaharkituago eta erabilgaitzagoak baitira. Biztanleria hazten doa eta harresien barruan leku-arazo serioa sortzen da. Lehen zabaltze bat planteatu zen baina ez zen gauzatu XIX. mendera arte.

 

Beste behin, eta Konbentzio Frantsesaren aurkako gerra zela eta, baliorik gabeko harresi haiek behar bezala defendatu ez zutenez, eta gobernadore militarra zen Molina jeneralak defendatzeko inolako ahaleginik egin ez zuenez, frantziarrek Donostia hartu zuten 1794ko abuztuaren 4an. Konbentzioaren tropek gillotina ale bat utzi zuten, geroago Plaza Berrian (gaur Konstituzioarena) ezarri zena eta desertore batzuekin erabili zena.

 

Napoleonen tropek 1808an Donostia okupatu zuten eta Jose I.a (Jose Bonaparte) Espainiako subirano izendatu zuten. Donostian sartu zen ekainaren 9an, Narrika kalea zeharkatuz; kale horretako leiho guztiak itxita zeuden.

 

Napoleonen armadaren gehiengoa bazihoanean, 1813ko ekainaren 22an, Emmanuel Rey frantziar jeneralak lekuaren agintea hartu zuen 2.600 soldadurekin. Aliatuak, tropa anglo-portugaldarrak, Sir Thomas Graham-en zuzeneko agintearen mendean eta jeneraltzat Wellington-eko dukea zutela, tropa eta armekin indartsu ekin zioten setioari eta hiria isolatuta utzi zuten.

 

Une hartatik eta abuztuaren 31n hiria hartu arte, bi alderdiek borrokaren aurreko mugimendu taktikoak egin zituzten. Frantziarrek Donostian ostatu hartu zuten milaka frantsestu irtenarazi zituzten bitartean, biztanleei hiria uzteko gomendatu zieten, San Bartolome komentua hartu eta kanpoaldeko etxeei su eman zieten. Tropa anglo-portugaldarrak setioa itxiz doaz eta bateria guztiak beren lekuetan jarriz.

 

Hiriari egindako lehenengo erasoa uztailaren 25ean izan zen, behin jaurtitako jaurtigaiek zulo handia ireki zutela uste zutenean. Frantziarrek ez zuten eraso hori onartu; galera handiak eragin zizkieten tropa anglo-portugaldarrei.

 

Abuztuaren 4an setioa burutu aurretik Donostiatik irten ahal izan zuten hogeita bat bizilagunek, Wellington-go dukeari setioaren ondorioz hiriaren egoera agertzen zuen adierazpen bat igorri zioten eta beren bizilagunen eta hiriaren beraren alde egin zuten. Ohar hori ez zen sekula jeneral ingelesaren eskuetara iritsi, izan ere, Alava espainiar jeneralak ez zuen egokitzat jo.

 

Bonbardaketa biziko hainbat egunen ondoren, 1813ko abuztuaren 31n goizaldean, zuloa (1719an Frantziako tropak zeharkatu zuten bera) handiagotzea lortu zutenean, "etsitakoak" izeneko boluntario batzuk osatutako eraso-eragiketari ekin zitzaion. Hauek, harresian irekitako zuloaren goialdera iritsi zirenean ezusteko bat izan zuten. Haren barnealdeko lurzorutik lau metrora zeudela konturatu ziren eta frantziarrak harridura horretaz baliatu ziren zalantzarik gabe balaz josteko.

 

Egokiena beste behin atzera egitea zela zirudienean ustekabeko sute bat gertatu zen eta frantziarren munizioak eztanda egin zuen, bando honetan nahastea sortuz. Erasotzaileak gertakizun horretaz baliatzen dira eta Frantziako tropak gaztelurantz atzera egitera behartzen dituzte. Hauek irailaren 8an amore emango dute.

 

Denbora aldi horretan tropa aliatuak suteak sortu, arpilatu, bortxatu eta erail egin zuen. Arpilatzeak sei egun eta erdi iraun zuen eta sutetik bi parrokiak eta hogeita hamabost etxe salbatu ziren, Trinitate kalean kokatutakoak. Arrazoi hori dela eta gaur Abuztuaren 31 izena du. Etxe horiei ez zieten su eman ofizial britainiar eta portugaldarren ostatu zirelako gazteluari eraso egiten zioten bitartean.

 

Biztanleen errolda, setioaren aurretik 5.500ekoa zena, 2.600era jaitsi zen.

 

Gertakari tamalgarri harengatik bi hilarri jarri ziren, bat San Jeronimo kalearen sarreran; bertan aliatuei egozten zaie errua argi eta garbi. Bestea, Erresuma Batuko enbaxadoreak aurkitu zuen gazteluko arma patioan, 1963ko abuztuaren 31n.

 

Bizilagun esanguratsuenak kanpoaldean bildu ziren, Zubietan, eta hiria berreraikitzea erabaki zuten.

 

Nabarmengarria da, berreraikitze-lan horietan, Pedro Manuel de Ugartemendia arkitektoa. 1816an onartu zen behin-betiko itxura eta liskarrak sortu ziren militar eta zibilen artean hiria planteatu behar zen moduari buruz. Ez zuten erabaki harresiak defentsa-elementu gisa mantentzea ala ez komeni zen. Lanak Fernando VII.aren babesean egingo dira eta honek harresiak mantenduko ditu.

 

Erresuma berrogeita hamar probintziatan zatitu zen eta Gipuzkoaren hiriburutza Donostiari eman zitzaion. Ordura arte hiriburutza txandatu egin zen Donostia, Tolosa, Azpeitia eta Azkoitiaren artean, Batzarren bilerak non egiten ziren eta korrejidorea (erregearen ordezkaria probintzian) non bizi zen kontuan izanik.

 

1823an San Luisen Ehun Mila Semeen inbasioarekin erregimen absolutista ezarriko da eta horren ondorioz, Gipuzkoako hiriburutza Tolosara aldatuko da. 1854an Donostia probintziaren hiriburu izendatu zen. Aduanak Ebrora atzeratzea erabaki zen eta neurri hori probintziaren mesederako izan zen. Halaber, Donostia Amerikarekin merkataritzarako egokitutako portu gisa itxi egin zen.

 

Probintzian bi bando eratuz doaz, karlistak eta liberalak, azken hauek Konstituzioaren aldekoak. Biek defendatzen zituzten foruak baina modu ezberdinetan. Donostiak liberalismorantz joko du Gipuzkoaren gehiengoa landatarra izanik.

 

Fernando VII.a hil zenean, 1833ko irailaren 29an tronua bere alaba Isabelek hartu zuen oinordetzan, hiru urte zituela. Bere anaia hil eta bi egunetara, Karlosek bere tronurako eskubidea aldarrikatuko du. Donostiako Udala da Isabel Espainiako subirano gisa onartzen lehenengoa, eta erregina izendatzen du bere erretratuaren aurrean, Plaza Berrian (gaur Konstituzioarena) urriaren 2an.

 

Egoera horren ondorioz Lehen Karlistaldia hasi zen, "Zazpi Urtekoa" deiturikoa.

 

1835eko abenduaren 6an, karlistak hiriaren ateetan kokatu eta amore emateko eskatzen dute. Ezezkoaren aurrean bonbardatzen hasiko dira. Donostiak, kausa liberala defendatzeko 1835eko uztailaren 10etik sir Lacy Evans jeneralen agintearen mende zegoen legio ingeles bat zuenak, hiria defendatu zuen eta hildako asko izan zituen. Bere eginkizuna bete ondoren legio ingelesa desegin egin zen eta bere aberrira itzuli zen 1838an, atzean hildako eta zauritu ugari utziz.

 

Bere omenez 1924ko irailaren 28an Ingelesen Hilerria izenekoa inauguratu zen, Urgull mendian kokatu zena. Tropa honen ostatua Ategorrieta izan zen eta hor, geroago, Notre-Dame eskola eraiki zen eta alboan zegoen plazari Constitution Hill deitzen zioten. Absolutismo karlistaren aurkako protesta gisa inguruko baserritarrek "Konstituzioa hil" bezala itzuliko dute.

 

1839an Bergarako Hitzarmena egin zen Maroto, indar karlisten buruaren eta Esparteroren artean, gerrari amaiera emanez. Hitzarmenean ezarritakoa betez, behin Espainiako Goretak bildu zirenean, euskal probintzien foru-erregimena onartu zuten.

 

Donostiaren hazkuntza demografikoak, hirigunean 9.000 bizilagun, pilaketa-arazo larriak eragin zizkien harresien barruan bizi zirenei. Militarrekin kudeaketa eta liskarrezko zortzi urte igaro ondoren, beraiek harresiak mantendu nahi baitzituzten, azkenean eta Prim eta Lertxundi jeneralen bitartekotzari esker udal-kabildoak eta bizilagunek horrenbeste espero zuten berria iritsi zen: harresiak eraisteko agindua. Agindu hori Eustasio Amilibia alkateak jaso zuen. Bera Antzoki Zaharrean zegoela Mandasko dukearen telegrama bat jaso zuen. Bertan Gobernuaren erabakia jakinarazten zitzaion, harresiak eraistea onartzen zuena, alegia.

 

Espreski gertakizun horretarako sortutako martxa baten akordeei jarraituz, 1863ko maiatzaren 4an lehenengo harria kendu zen. Zatikatu eta lehenengo ilarako gonbidatuen artean banatu zen.

 

Hau historian zehar izandako une garrantzitsuetako bat da, Donostiak norabidea aldatu baitzuen. Gotorleku gisa bere garaia amaiturik probintziaren hiriburu gisa jardun zuen eta Antonio Cortazar-ek hiri berrirako egindako planean islatutakoaren arabera hedatzen hasi zuen. Plan horrek polemika handiak sortuko ditu. Batzuk antzinako gunea berritik banatzen duen boulevard edo zuhaizti baten aldekoak dira (boulevaristak) eta beste batzuk horren aurkakoak (antiboulevaristak).

 

1872an Hirugarren Karlistaldia hasi zen. Mehatxu berri horren aurrean, Donostiak 1873an beste defentsa-murru bat eraiki zuen Santa Katalinatik San Bartolomeraino, desagertutako harresiak ordezkatuz.

 

1875ean 5.000 karlista inguru hiria bonbardatzen hasi ziren. Urgull menditik sutaldiak begiztatzen ziren eta biztanleei hori kanpai baten bidez jakinarazten zitzaien. Horrek esan nahi zuen hamalau segundo zituztela donostiarrek jaurtigaietatik babesteko. Horietako bat Antzoki Zaharrean erori zen 1876ko San Sebastian egunean, atezain gisa Indalezio Bizkarrondo, Bilintxek, zuen bizilekuan. Bi hankak txikitu zizkion eta horren heriotza eragin zion.

 

Azken karlistaldia amaitu zenean, 1876an foru erregimena indargabetu egin zen, Kontzertu Ekonomiko ezberdinek ordezkatu zuten eta 1936ra arte indarrean egon ziren.

 

Alfontso XII.a hil zenean,1885ean bere alarguna, M. Kristina erregeordea uda guztietan Donostiako gortera joaten zen eta Miramar Jauregian hartzen zuen ostatu. Donostiako Udalak hiriaren alde egindako lan handiarengatik ohorezko alkate izendatuko du. Geroago, Cortazar Zabaltzea garatzen ari denean, 1887an Kasinoa eraikitzean udatiarren kopurua handituko du.

 

XX. mendearen hasieran Donostiak aurreko mendearen amaierako joera mantenduko du, udako hiriburu eta probintziako gune administratibo eta politiko gisa hobetuz. Probintziako udalerriek gorakada demografikoa biziko dute eta aurrerapen garrantzitsua industrializazioari dagokionez. Urte horietan halaber bankuak finkatuko dira, banku eta aurrezki kutxa asko eratuz.

 

Era berean, mendearen hasieran, 1904an, Donostian nazionalismoaren lehenengo nukleoak sortuko dira.

 

Gipuzkoako hiriburuan ekimenak burutuko dira esparru ezberdinetan: parkeak eta aisialdirako guneak (Ulia, Igeldo, Ondarreta hondartza, Urgulleko gotorlekuaren eskurapena...), asistentzia-instalazioak, garraio publikoa...; hogeigarren hamarkadan bere inguruko esparruetan ere esku hartuko du, golf-zelai bat eta Lasarten automobil-zirkuitu bat eta Zubietan hipodromo bat eraikiz.

 

Lehen Mundu Gerra hastean, 1914an, Donostia Europak hiririk kosmopolitena bihurtu zen. Bertako Kasinoan europar bizitzako pertsonaia guztiak agertuko dira, Mata Hari, Leon Trosky, Ravel, Romanones, Pastora Imperio, toreatzaile ospetsuak, banku-gizon harroak...; "belle epoque" donostiarraren garaia da eta Donostian operetaren konpainia frantsesa, errusiar balletak, opera-abeslariak eta beste artista ospetsu asko aritu zen.

 

Lehen Mundu Gerraren ondorioz eskualdeko handitzen ari den industrializazioa finkatzen da eta migrazio-mugimendu garrantzitsu bat eragiten du, proletario-talde garrantzitsuen oinarria izan zena, eta hortik, hain zuzen, sortzen da langileen mugimendua. Primo de Riveraren diktaduraren (1923tik 1930era) errepresioaren aurrean, langile-talde euskaldunek krisialdi bat jasango dute. Esaterako, UGT-k Donostian zituen bazkideen kopurua 4.000tik 2.700era jaitsiko da.

 

1925ean jokoa debekatu zen eta Kasinoa itxi zuten. Uda faktorea ere ahulduz doa Donostiak probintziako hiriburu gisa duen eginkizuna hazten doan bitartean. Egunetik egunera gehituz doaz administrazio publikoaren eta zerbitzuen egitekoak. Hamarkada horretan hiriburuak 61.000 biztanle baino gehiago zituen.

 

1930ean alderdi politiko errepublikar ezberdinen buruak Donostian biltzen dira fronte eta ideia komunak adosteko. Hori Donostiako Ituna izenez da ezaguna, monarkia hondatu eta errepublika ekarriko duena.

 

Gerra Zibila hasi zenean, 1936ko irailaren 13an, Donostia nazionalen eskuetan erori zen.

 

Urte kritikoak izan ziren hurrengoak, elikagai eta gasolina eskasia zegoen, tabakoaren errazionamendua, industrietan material falta, ilarak gai asko eskuratzeko...

 

Gerra amaitu zenean, 1939an Musika Hamabostaldia sortu zen eta horren hasierako egoitza Kursaal Antzokian ezarri zen. Gero, 1940. urtean Victoria Eugenia Antzokira aldatu zen. Horren bitartez ikuskizun handiak eskainiko dira eta musika arloko pertsona garrantzitsuak arituko dira.

 

Frankismoak Donostia uda-hiriburu gisa mantenduko du. Franco 1940tik 1975era arte abuztuan Aieteko Jauregian biziko da, Udalak erosi eta Estatuko buruari eskaini ziona. Garai hartan leku hartan Ministroen Kontseiluak ospatu ziren.

 

Berrogeigarren hamarkadan eta berrogeita hamargarren hamarkadaren hasieran hiriaren garapena hasi zen, Egiako auzoaren zabaltze-proiektuarekin eta Amarakoa eraikitzen hasiz, Urumeako paduretan.

 

Donostiak, 1950ean 113.776 biztanle zituen eta horrek probintzia osoaren %30 esan nahi du.

 

Garai honetan euskal artistaren karakterizazio baten ideia eratzen hasten da. Donostian Gipuzkoako Arte Elkartea sortu zen. Urrezko urteak dira hiriko antzerki amateurrarentzat; igandero obra berri bat estreinatzen da.

 

Donostia, 1953an lehenengo Zinemaldiaren ospakizunarekin, "zazpigarren arteko" jendearen topagunea bihurtu zen. Bertatik igaro ziren Ava Gardner, Vittorio Gasman, Charlton Heston...

 

Urte horietan orduan Espainiako printze zenak, Joan Karlos Borboikoak eta bere anai Alfontso infanteak Miramar Jauregian hartzen zuten ostatu.

 

Hirurogeigarren hamarkadan hiria zabaltzeko prozesu sendoa hasi zen, etxebizitza asko eraikiz, industria jaio berria erakartzen zuen inmigrazio-fenomeno bati eta probintzian jaiotze-tasa handitzeari esker. Hiriak sendotzen jarraitzen du Amarako zabaltzearen garapenarekin.

 

Bai Donostia baita bere ingurunea ere migrazio-korronte garrantzitsuen hartzaile bihurtzen dira; horren %40tik gora Euskaditik kanpokoa da. Altza, Amara, Gros eta Egia auzoak, bolumen demografiko handiena dutenak, dira emigratzaile portzentaje handiena jasotzen dutenak.

 

Migrazio-korronte horrek, hiriaren izaera udatiarrarekin batera, lurzoruaren demanda handia eragingo du eta ondorioz, higiezinetan inbertitzea diru-sarreren iturri ziurra bihurtuko da.

 

1965ean Donostiak mendeko ekaitzik handienetako bat jasango du; 15 metrotik gorako olatuak Kursaal-eko zubiaren gainetik igaroko dira eta Alde Zaharreko kaleak urak hartuko ditu itsasgoraren orduan.

 

Donostiako Udala 1966an mozio bat onartzeko ekimenari batuko zaio. Bertan Gipuzkoa Kontzertu Ekonomikorik gabe uzten zuen 1937ko dekretua baliogabetzeko eskatzen da.

 

Data berean Jazzaldia sortuko da, urte askotan Espainian egon izan den bakarra.

 

Hirurogeigarren hamarkadan Donostia, euskal kulturaren berpizkundearen eta mugimendu politiko nazionalistaren gunea, hainbat manifestazioren tokia izango da, 1968 eta 1969an izan ezik, dekretuz salbuespen-egoera ezarri baitzen. Egoera hori luzatu egingo da hirurogeita hamargarren hamarkadan zehar, bereziki, Frankismoaren garaia amaitzen denean (1975).

 

Garai horren ostean sortutako erreforma politikoarekin eta Gernikako Estatutuaren onarpenarekin, Kontzertu Ekonomiko berria ezartzen da 1981ean.

 

Hiriburuak bere administrazio, kultura, merkataritza eta turismoarekin lotutako eginkizunak betetzen jarraituko du; bitartean auzo eta eskualdeko herri batzuek eginkizun industrialak, zerbitzu txikienak eta langileriarentzako egoitzari dagozkionak bere gain hartuko dituzte.

 

Udalerriak, 61,05 km²-ko azalerarekin, ondoko koordenatu geografikoak ditu: Latitudea: 43º 19´ N. eta Longitudea: 2º 3´ W Greenwich meridianotik, edo 1º 41´ 30´´ Madrileko meridianoaren ekialdetik. Iparraldean Kantauri itsasoarekin egiten du muga; hegoaldean, Astigarraga, Hernani, Lasarte-Oria eta Andoainekin; ekialdean, Pasaia eta Errenteriarekin; eta mendebaldean, Orio eta Usurbilekin.

 

Donostiak 2004. urtean zituen biztanleak 182.644 ziren, hau da, Gipuzkoako lurralde osoaren %26,6.

 

 


ORRI-OINA:

Orri honen hasierara joan.