ARAKATZEKO LAGUNTZAK:
Edukira joan zuzenean.
Menura joan zuzenean.
Batzar Nagusien agenda.
Batzar Nagusietako ekimenak.
ORRI HONEN BIDE-IZENA
ORRIAREN EDUKI NAGUSIA
Glosarioa
A
- Adineko Mahaia
- Ganbera aldi batez gobernatzeko organoa da, eta eratze-bilkuran Ganberako Mahaia hautatzeko bozketak zuzentzea dagokio. Batzarkide zaharrenak eta bi batzarkide gazteenek osatzen dute; zaharrenak lehendakariaren lana egiten du, eta gazteenek lehendakariordearena eta idazkariarena, hurrenez hurren.
- Agerraldia
- Ekintza honen bitartez Batzar Nagusietara bertaratzen da norbait, batzarkideren batek deituta, edota, Diputatuen Kontseiluko kideei dagokienez, berek eskatuta.
- Ahaldun
- Gipuzkoako Batzar Nagusiak osatzen zituzten eta botoa emateko eskubidea zuten kideen izen historikoa da.
- Aintzat hartzea
- Izapide honen bitartez, Batzar Nagusien Osoko Bilkurak iritzia ematen du foru-arauaren proposamen oso bati buruz; iritzia aldekoa bada, proposamena izapidetzeko onartzea eta zuzenketak aurkezteko epeari hasiera ematea dakar. Zuzenketak osokoak baino ezingo dira izan.
- Akta
- Bilera batean gertatu dena eta hartu diren erabakiak jasotzen dituen testu ofíziala da.
- Aldarrikapena
- Erritu-formula baten bitartez egiten den adierazpen solemnea, foru-arau bat behin betiko zuzenbide-ordenamenduan txertatuta geratzeko. Gipuzkoako Lurralde Historikoan formula hau erabiltzen da: ?Gipuzkoako diputatu nagusiak jakinarazten dut Gipuzkoako Batzar Nagusiek onartu dutela ??Foru Araua,??, eta nik aldarrikatu eta argitara dadin agintzen dut, aplikagarria zaien herritar guztiek, partikularrek nahiz agintariek, bete eta betearazi dezaten?. Batzar Nagusien Araudiak foru-arau baten maila eta balioa dauka, eta Batzar Nagusietako lehendakariak aldarrikatzen du.
- Araugintza-prozedura
- Izapide multzo bat da, foru-arau bat hasten denetik behin betiko onartu arteko prozesu osoa arautzeko helburua duena.
- Araugintzarako ekimena
- Foru Aldundiak eta batzarkide taldeek duten eskubidea da foru-arau bat onartzeko prozedura abian jartzeko. Ahalmen hori udalek eta Gipuzkoako herritarrek ere gauzatu dezakete, arautegian eskatzen diren baldintzak beteta.
- Araugintzarako herri-ekimena
- Adinez nagusiak diren eta hautesle-erroldan izena emana duten Gipuzkoako hiritarrek duten eskubidea da Batzar Nagusietan foru-arauaren proposamen bat aurkezteko. 9/1986 Foru Arauak, gai hori erregulatzen duenak, ekimena aurkezteko gutxienez 10.000 sinadura beharko direla ezartzen du.
- Araugintza-zeregina
- Batzar Nagusiek foru-arauak onartzeko esleituta duten zeregina da. Horretarako, beharrezkoak dira hainbat izapide, araugintzarako prozedura osatzen dutenak, eta beren helburua da araua sortzeko prozesu osoa erregulatzea, ekimenetik hasi eta behin betiko onartu arte.
- Arbitraje Batzordea
- Organo honi dagokio Autonomia Erkidegoko eta bertako lurralde historiko bakoitzeko erakundeen arteko eskumen-gatazken berri izatea eta horiek erabakitzea. Eusko Jaurlaritzak eta dagokion lurraldeko foru-aldundiak izendatutako ordezkari kopuru berak osatzen dute, eta Batzordeko lehendakaria Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko lehendakaria da.
- Artikulua
- Arau bat osatzen duten xedapenetako bakoitza da, eta elkarren segidako zenbakiak dituzte.
- Aulkia
- Batzarkide bakoitzak daukan eserlekua Ganberan.
- Autonomia
- Entitate jakin batzuek beren interesak gobernatzeko erabaki politikoak hartzeko daukaten ahalmena da, arau eta organo propioen bitartez.
- Azken xedapena
- Arau-testu baten bukaerako zatian txertatutako manamendu bat da, eta bere xedea arauaren indarraldia noiz hasten den edo noiz bukatzen den erregulatzea izan ohi da.
- Azterketa-batzordea
- Batzorde berezi bat da, eta bere helburua Gipuzkoako Lurralde Historikoari eragiten dioten politikekin zerikusia izan dezaketen gai interesgarriak aztertzea izaten da.
B
- Banakako zentsura-mozioa
- Kontrolatzeko tresna bat da, eta foru-diputatu baten ardura politikoa eskatzeko erabili daiteke. Hori planteatzeko, ez da beharrezkoa beste hautagai bat proposatzea. Onartzen bada, gehiengo osoz, diputatu nagusiak dagokion foru-diputatua kargugabetu eta beste bat izendatuko du.
- Barne-eraentzarako batzordeak
- Izen hori hartzen dute agintaldi guztietan egon ohi diren izaera iraunkorreko batzordeek: Bateraezintasunen Batzordea, Araudirako, Erakundeetarako eta Gobernurako Batzordea, eta Eskaeretarako eta Herritarrekiko Harremanetarako Batzordea.
- Bateraezintasunak
- Batzarkideek beren kargua betetzen duten bitartean eduki ezin dituzten bestelako kargu edo egoera juridikoen multzoa da. Zereginak behar bezala beteko direla ziurtatzea du helburu, beste botere batzuekiko independentzia zainduz. Bateraezintasunak batzarkidea aulkiaren edo kargu bateraezinaren artean aukeratzera behartzen du. Ez badu aukera hori egiten ezarritako epean, bere aulkiari uko egiten diola ulertuko da.
- Batzar Berezia
- Batzar Nagusien aparteko bilerak izendatzeko erabiltzen zen izen historikoa.
- Batzar Nagusien Barne Araudia
- Batzar Nagusiek onartzen duten Foru Arau bat da, beren burua antolatzeko duten ahalmena baliatuta. Ganberaren antolaketa eta jarduna gidatzen duten funtsezko arauak jasotzen ditu, bai eta bete behar dituen zereginak (finantza-zeregina, araugintza-zeregina eta Foru Aldundia kontrolatu eta bultzatzea) bideratzeko prozedurak ere. Batzar Nagusietako lehendakariak aldarrikatzen du Foru Araua.
- Batzar Nagusien egoitza
- Batzar Nagusien administrazio-bulegoak, batzarkide taldeek erabiltzeko lokalak, Osoko Bilkuren aretoa eta batzordeenak hartzen dituen eraikina da.
- Batzar Nagusietarako hauteskundeen deialdia
- Diputatu nagusiak egiten du dekretu bidez, eta hauteskunde horien egunak eta epeak udal-hauteskundeenak berak izaten dira.
- Batzarkide taldea
- Alderdi- edo ideologia-kidetasunak batutako batzarkideen elkarteak dira, Batzar Nagusien jarduna bultzatzen dutenak. Gaur egun, gutxienez hiru batzarkidek osatu behar dute, eta bozeramaile bat izendatu behar dute.
- Batzarkidea
- Batzar Nagusiak osatzen dituzten kideetako bakoitza da; Gipuzkoako hiritarrek hautatzen dituzte, lau urtean behin.
- Batzarkideen betebeharrak
- Batzarkideek beren zereginak direla-eta dituzten betebeharrak dira; horien artean daude organoen bileretara joatea organo horietako kide direnean, eta batzarkide-karguari dagokion gizalegearekin, zuzentasunarekin eta duintasunarekin jokatzea une oro.
- Batzarkideen eskubideak
- Batzarkideek beren zereginak direla-eta dituzten ahalmenak dira; horien artean daude organoen bileretara joatea organo horietako kide direnean, hitzarekin eta botoarekin, eta Foru Aldundiari haren esku dauden datuak, txostenak eta agiriak eskatzea.
- Batzorde arruntak
- Agintaldi bakoitza hasterakoan, Bozeramaileen Batzordeak batzorde arruntak eratzea erabakitzen du, eta bakoitzaren eskumen-eremua zehazten du. Batzordeen jardute-eremua, oro har, Foru Aldundiko departamentuenekin bat etorri ohi da.
- Batzorde berezia
- Helburu jakin baterako sortzen da, hain zuzen ere, batzordea sortzeko erabakiak zehazten duen lanerako. Agindutako lana amaitzen duenean desegiten da batzorde berezia, bai eta kideen gehiengoak hala erabakitzen duenean edo agintaldia amaitzen denean ere.
- Batzorde Iraunkorra
- Organo hau Batzar Nagusietako lehendakariak, Mahaiko gainerako kideek eta batzarkide taldeetako bozeramaileek osatzen dute. Batzorde Iraunkorrak zaindu behar ditu Ganberaren ahalmenak, Ganbera ez dagoenean bilduta bi bilkura-aldiren bitarteko epea delako (uztailaren 3tik irailera) edo deseginda dagoelako; horretarako, Batzar Nagusien zereginetako batzuk bere gain hartzen ditu, modu mugatuan, haien jarraipena bermatzeko.
- Batzordeak
- Kide kopuru txiki batez osatutako organoak dira; batzarkide talde guztiek dute ordezkaritza organootan, taldeko kideen kopuruaren araberakoa. Batzordeek ekimenen berri izateko eta horiek izapidetzeko eskumena dute, dagokion gaiaren arabera, eta beren zereginik garrantzitsuenetako bat foru-arauen proiektuak eta proposamenak eztabaidatzea da, Osoko Bilkuran onartu aurretik. Batzordeak arruntak, barne-eraentzakoak edo bereziak izan daitezke.
- Berri ematea
- Batzorde Iraunkorrak Ganberari ematen dion informazioa da, Batzar Nagusiak jarduerarik gabe egon diren epean aztertutako gaien eta hartutako erabakien jakinaren gainean egoteko haiek.
- Bilera
- Gai-zerrendan sartutako gaiak aztertzeko erabiltzen den denbora da. Osoko bilkuretarako deialdia Batzar Nagusietako lehendakariak egiten du, de batzordeetarakoa dagokion batzordeko lehendakariak.
- Bilkura-aldia
- Ganberek bilera arruntak egin ditzaketen denbora-tartea da. Gipuzkoako Batzar Nagusietan bilkura-aldi bakarra izan ohi da, urtero irailean hasi eta hurrengo uztailaren 2an bukatzen dena.
- Bilkura-egunkaria
- Batzar Nagusien argitalpen bat da, eta bertan hitzez hitz jasotzen dira bileretako hitzaldi, erabaki eta gertakari guztiak, bai osoko bilkuretakoak eta bai batzordeetakoak.
- Bortxaezintasuna
- Batzarkideek hala izateagatik dituzten zereginak gauzatzean adierazitako iritzi eta botoen gaineko ardura juridikoa alde batera uzten duen bermea.
- Boto haztatua
- Bozketa-sistema honen bitartez, botoa ematen duen batzarkideak bere batzarkide taldeak dituen batzarkide adina boto ordezkatzen ditu. Sistema hau Bozeramaileen Batzordeko bozketetan eta batzordeetan gertatzen diren berdinketak erabakitzeko erabiltzen da.
- Boto partikularra
- Batzarkide taldeen proposamenak batzordean, araugintzarako prozeduraren batean, galtzaile gertatu direnean, baliabide honen bitartez batzarkide taldeek berriz ere Osoko Bilkuran lehen arbuiatu diren proposamenez eztabaidatzea lortu dezakete. Idatziz egin ohi dira, batzordeko eztabaida bukatu eta hurrengo 48 orduko epean.
- Bozeramailea
- Batzarkide talde batek izendatzen duen batzarkidea da, taldearen izenean hitz egin dezan eztabaidetan eta hura ordezkatu dezan.
- Bozeramaileen Batzordea
- Batzar Nagusien organo bat da, Mahaiak eta batzarkide taldeen bozeramaileek osatzen dutena. Erabakiak boto haztatuaren bitartez hartzen ditu, eta bere zereginen artean dago Osoko Bilkurako gai-zerrenda erabakitzea; era berean, Mahaiak kontsulta egin behar dio, besteak beste, batzordeen kopurua edo Ganberaren jardueren egutegia finkatu aurretik.
- Bozketa
- Batzarkideen borondatearen adierazpena da, proposamen batekiko duten jarrera azaltzen duena. Aldekoa, aurkakoa edo abstentzioa izan daiteke. Adierazpen hori, aukeratutako bozketa-sistemaren arabera, modu desberdinetara egiten da, zer komeni den: Ganberan sistema arinen bat erabiltzea (horiek bozketa arruntetan erabiltzen dira), edo beste zorrotzagoren bat, garrantzi bereziko prozeduretan erabili ohi direnak.
- Bozketa-quoruma
- Batzar Nagusietako partaideetatik beharrezkoak direnen kopurua, organo batek erabaki baliodunak hartu ahal izateko.
D
- Deia
- Ekitaldi solemne bat da, batzarkideak karguak berekin dituen eskubide eta betebeharrak onartzen dituela adierazten duena. Legealdiaren hasierako Osoko Bilkura batean egiten da, eta Ganberako idazkariak batzarkideari dei egiten dio eta hura bere aulkian esertzen da.
- Deialdia
- Idatzi bat da, hainbat laguni dei egiteko egun zehatz batean eta ekintza jakin baterako toki batera joan daitezen.
- Diputatu nagusia
- Batzar Nagusiek hautatzen dute bere kideen artean. Foru Aldundiaren ordezkaria da, eta bere egitekoak dira, besteak beste, Diputatuen Kontseilua zuzentzea, foru-diputatuen jarduerak zuzendu eta koordinatzea, eta gobernu-programa zehaztu eta bideratzea.
- Diputatuen Kontseilua
- Foru Aldundiaren kide anitzeko organo bat da, eta Gipuzkoako Lurralde Historikoko herritarrak gobernatzea dagokio. Diputatu nagusiak eta foru-diputatuek osatzen dute.
E
- Ebazpen-proposamena
- Batzar Nagusietako batzorde batek edo Osoko Bilkurak hartzen duen erabakia da, batzarkide taldeen ekimenez. Erabakiak gai zehatz baten inguruan Ganberaren borondatea edo nahia zein den jasotzen du, edota organo jakin bati zuzendutako jarraibideren bat, oro har Foru Aldundiari. Ezertara behartzeko indarrik ez badaukate ere, foru-arauek duten bezala, Foru Aldundiari zuzentzen zaizkionean garrantzi politiko handia izaten dute, jarraibide horiek Batzar Nagusien eta Foru Aldundiaren arteko konfiantzazko harreman politikoaren esparruan ematen baitira.
- Egiaztagutuna
- Agiri bat da, eta funtzionario bati ematen zaio. Bertan agertzen da enplegu jakin batetarako izendatu dela pertsona hori, jabetzan eman dakion enplegua.
- Ekimena
- Titular jakin batzuek legebiltzar-prozedura bat abian jartzeko duten eskubidea da. Adibidez, batzarkide taldeek bakar-bakarrik dute ebazpen-proposamenak edo mozioak aurkezteko aukera.
- Ekonomia Ituna
- Euskadiren eta Estatuaren arteko zergen alorreko harreman-sistema da. Horren bitartez, lurralde historikoek zergak arautzeko ahalmena daukate, bai eta zergak bildu eta kudeatzeko autonomia ere; eta, era berean, Euskadik zerga-baliabideen zati bat Estatuko administrazioari transferitzen dio, Estatuarenak bakar-bakarrik diren eskumenen karga orokorrei aurre egiteko. Ekarpen horrek Kupoa izena du.
- Eratze-quoruma
- Bilera batera gutxienez bertaratu behar duten Batzar Nagusietako kideen kopurua, organo bat eratuta geratu ahal izateko. Gipuzkoako Batzar Nagusietan, Osoko Bilkura ezin da eratu ez badaude bertan kideen erdiak gehi bat.
- Erdibideko zuzenketa
- Zatikako zuzenketa bat da, lehendik aurkeztuta dauden zuzenketen eta eztabaidagai den arau-testuaren arteko akordio bat lortzeko xedea duena. Foru-arauaren proiektu edo proposamen baten eztabaidan zehar aurkeztu daitezke, batzordeko izapidetzean edo Osoko Bilkurakoan.
- Eskumena
- Autogobernu-erakundeek duten ahalmen juridikoa da gai jakin batzuetan esku hartu eta haiek arautzeko.
- Exekutiboa
- Gobernua. Estatua banatzen deneko botereetako bat da, legegilearekin eta judizialarekin batera.
- Eztabaida
- Legebiltzarrean egiten diren hitzaldiak, Barne Araudian ezarritako prozedurari jarraiki, dagokion organoko lehendakariak zuzendu eta moderatuta. Sarritan, bozketa egin aurretik batzarkide taldeek beren jarreraka urrez aurre jartzeko balio izaten du.
F
- Foru Aldundia bultzatzeko zeregina
- Batzar Nagusien ekintza batzuk dira, Lurralde Historikoko politikaren helburu garrantzitsuak edo ildo nagusiak zehaztea dakartenak, bai eta horiek lortzeko tresnak ere. Horien artean aipatu daitezke diputatu nagusia hautatzea eta mozioak eta ebazpenak onartzea.
- Foru Aldundia kontrolatzeko zeregina
- Batzar Nagusietako kideek Foru Aldundiaren lana fiskalizatzeko egiten dituzten ekintzen multzoa da. Ekintza horien bitartez, egokiera politikoari buruzko irizpide batzuei jarraiki, aldez aurretik ezarritako balio edo printzipio batzuk errespetatu ote diren egiaztatzen dute, eta, ez bada hala, zigortzeko neurri batzuk ezarri. Ekintzen artean bi azpimarratu daitezke: zentsura-mozioa edo konfiantza-eskaera; horien ondorioz, beste diputatu nagusi bat hautatu beharra gertatu daiteke, haren eta Batzar Nagusien arteko konfiantzazko harremana, legealdiaren hasieran hura hautatzean hasi zena, amaitzeagatik.
- Foru Aldundia
- Gipuzkoako Lurralde Historikoaren erakunde-organoa da, historian izan duen tradizioaren arabera, eta Lurraldearen gobernua eta administrazioa hartzen ditu bere gain. Diputatu nagusiak eta hainbat foru-diputatuk, inoiz ez hamar baino gehiagok, osatzen dute. Bere ahalmenen artean dago, besteak beste, foru-arauen proiektuak onartzea, ondoren Batzar Nagusiei bidaltzeko, eta foru-arauak garatzeko arauak, araudi izenekoak, egitea.
- Foru Aldundiaren erantzukizuna Batzar Nagusien aurrean
- Legebiltzar-sistemen ezaugarri bat da, eta bere balio nagusia exekutiboak (kasu honetan Foru Aldundiak) herri-ordezkaritza adierazten duen organoarekiko (Legebiltzarrareriko, edo, zehazki, Batzar Nagusiekiko) daukan menpekotasuna da; izan ere, honek boteretik baztertu dezake hura baliabide jakin batzuk erabilita, hala nola konfiantza-eskaera edo zentsura-mozioa.
- Foru Ganbera
- Gipuzkoako Legebiltzarrak daukan beste izen bat da.
- Forua
- Antzina lurralde bati ematen zitzaion lege berezia, haren funtsezko legea zena.
- Foru-araua
- Lurralde Historikoko zuzenbide-ordenamenduko arau nagusi bat da, Batzar Nagusiek onartzen dutena.
- Foru-arauaren proiektua
- Diputatuen Kontseiluaren araugintzarako ekimena da.
- Foru-arauaren proposamena
- Diputatuen Kontseiluaz bestelako edozein titularrek, horretarako legitimatuta dagoenak, aurkeztutako araugintzarako ekimena da. Gipuzkoako Lurralde Historikoan honako hauek daude foru-arauaren proposamenak aurkezteko legitimatuta: Batzar Nagusietako kideak, Gipuzkoako hiritarrak araugintzarako herri-ekimenaren bitartez, eta udalak.
- Foru-diputatua
- Foru Aldundiaren Diputatuen Kontseiluko kide bakoitza da, eta diputatu nagusiak izendatzen eta kargutik kentzen ditu. Gainera, Foru Aldundiko departamentu bakoitzaren arduradun politiko nagusiak dira.
- Foru-gobernua
- Foru Aldundia izendatzeko beste izen bat da.
G
- Gai-zerrenda
- Osoko Bilkurak edo batzordeek bilera bakoitzean aztertu behar dituzten gaien zerrenda da.
- Galdera
- Batzar Nagusiek Foru Aldundia kontrolatzeko duten tresna bat da, eta honen bidez batzarkide batek foru-diputatu bakoitzari edo bat baino gehiagori batera datuak, argibideak edo azalpenak eskatu diezazkieke gai zehatz baten inguruan. Erantzuna idatziz emateko eskatu daiteke, edota ahoz eman dadila Osoko Bilkuran edo dagokion batzordean.
- Gehiengo osoa
- Aldeko botoen kopuru jakin bat adieraztea da, hain zuzen ere, dagokion organoko eskubidezko kide guztien kopurua zati bi egin eta lortzen den emaitzaren hurrengo zenbakia adina aldeko boto.
- Gehiengo soila
- Aldeko botoak aurkakoak baino gehiago direnean lortzen da, abstentzioak, boto zuriak eta baliogabeko botoak kontuan izan gabe.
- Gipuzkoako Batzar Nagusiak
- Gipuzkoako Lurralde Historikoaren ordezkaritza daukan erakunde-organoa da. 51 batzarkidek osatzen dute, eta sufragio unibertsal, libre, zuzeneko eta sekretuz hautatzen dira, ordezkaritza proportzionala errespetatuta. Honako zeregin hauek dituzte esleituta, besteak beste: foru-arauak onartzea eta horien emaitzak ebaluatzea, diputatu nagusia hautatzea, Lurralde Historikoaren aurrekontuak onartzea eta Foru Aldundiaren jarduna kontrolatu eta bultzatzea.
- Gipuzkoako Batzar Nagusien Aldizkari Ofiziala
- Gipuzkoako Batzar Nagusien argitalpen ofíziala da; Erakundeak izapidetutako legebiltzar-ekimenak argitaratzen dira aldizkarian.
- Gipuzkoako Legebiltzarra
- Gipuzkoako Batzar Nagusien sinonimoa.
H
- Hauteskundeak
- Lau urtean behin abian jartzen den prozesu bat da, eta horren bitartez hiritarrek beren ordezkari politikoak hautatzen dituzte. Batzar Nagusien kasuan, eguna eta epeak udal-hauteskundeen berberak izaten dira.
- Hauteskunde-barrutia
- Lurralde Historikoa banatzen deneko mugapeak; barruti bakoitzak batzarkide kopuru jakin bat aukeratu behar izaten du. Gipuzkoako Batzar Nagusien kasuan, Lurralde Historikoa lau hauteskunde-barruti hauetan dago banatuta:
- "Donostialdea" barrutia: Donostia-San Sebastián, Hernani, Lasarte-Oria, Urnieta eta Usurbil udalerriek osatzen dute.
- "Bidasoa-Oiartzun" barrutia: Hondarribia, Irun, Lezo, Oiartzun, Pasaia eta Errenteria udalerriek osatzen dute.
- "Oria" barrutia: Abaltzisketa, Aduna, Albiztur, Alegia, Alkiza, Altzaga, Altzo, Amezketa, Andoain, Anoeta, Arama, Asteasu, Ataun, Baliarrain, Beasain, Belauntza, Berastegi, Berrobi, Elduain, Ezkio-Itsaso, Gabiria, Gaintza, Gaztelu, Hernialde, Ibarra, Idiazabal, Ikaztegieta, Irura, Itsasondo, Larraul, Lazkao, Leaburu, Legazpi, Legorreta, Lizartza, Mutiloa, Olaberria, Ordizia, Orendain, Orexa, Ormaiztegi, Segura, Tolosa, Urretxu, Villabona-Amasa, Zaldibia, Zegama, Zerain, Zizurkil eta Zumarraga udalerriek osatzen dute.
- "Deba-Urola" barrutia: Aia, Aizarnazabal, Antzuola, Aretxabaleta, Arrasate, Azkoitia, Azpeitia, Beizama, Bergara, Bidegoian, Deba, Eibar, Elgeta, Elgoibar, Errezil, Eskoriatza, Getaria, Leintz-Gatzaga, Mendaro, Mutriku, Oñati, Orio, Soraluze-Placencia de las Armas, Zarautz, Zestoa eta Zumaia udalerriek osatzen dute.
- Hauteskunde-kanpaina
- Alderdi politikoek beren programak aurkeztu eta hautesleen botoa eskatzeko ezartzen den epe ofizial eta tasatua da.
- Hauteskunde-zerrenda
- Alderdi edo hauteskunde-koalizio batek hauteskundeetara aurkezten duen hautagaien zerrenda da.
- Hauteslea
- Botoa emateko eskubidea daukan pertsona da. Gipuzkoako Batzar Nagusietarako hauteskundeetan, dagokion hauteskunde-barrutiko edozein udalerritan hautesle-erroldan izena emanda ageri diren adin nagusikoak dira hautesle.
- Hemizikloa
- Osoko bilkurak egiteko aretoaren beste izen bat da. Izena eserlekuak edo aulkiak banatzeko zirkuluerdi-formatik dator (grezieraz hemi: erdi; ciclo: zirkulu).
- Hitz egiteko txanda
- Proiektu edo proposamen baten alde edo aurka hitz egiteko aurreikusten diren tarteak dira.
I
- Ikerketa-batzordea
- Batzorde berezi bat da, eta bere helburua Lurralde Historikoarentzat interesgarria den edozein gai argitzea izaten da.
- Interpelazioa
- Foru Aldundiari zuzentzen zaizkion galdera bereziak dira, izaera orokorreko edo garrantzi politiko bereziko gaiei buruzkoak. Horien ondorioz eztabaida bat sortu ohi da, eta, batzuetan, eztabaida bukatutakoan mozio bat bozkatu ohi da, Batzar Nagusiek eztabaidagaiari buruz duten jarrera zehazteko.
- Irakurraldi bakarra
- Araugintza-prozedura berezi bat da, eta horri esker, Osoko Bilkurak aldez aurretik hala erabakitzen badu, lege-proposamenak onartu daitezke Batzar Nagusietako kideek haiek aldatu ahal izateko zuzenketak aurkeztu gabe.
- Irizpena
- Foru-arauaren proiektu edo proposamen bat eztabaidatu ondoren batzordeak egiten duen testua da; batzordean onartu diren zuzenketak jasotzen dira bertan, eta Osoko Bilkurak eztabaidatu behar izaten du behin betiko onarpena emateko.
- Izapidea
- Prozedura batek dituen urratsetako bakoitza da.
- Izapidetzeko onartzea
- Mahaiak emandako iritzia da, legebiltzar-izaerako idatzi batek hura izapidetzeko beharrezko baldintzak betetzen ote dituen zehazteko.
K
- Kalifikatzea
- Ekintza honen bitartez legebiltzar-izaerako idatzi baten izaera juridikoa erabakitzen da, aplikatu behar zaion araubidea finkatzeko.
- Kide anitzeko organoa
- Zenbait kidez osatutako organo bat da.
- Konfiantza-eskaera
- Batzar Nagusiek Foru Aldundia kontrolatzeko duten tresna bat da; Foru Aldundia boteretik baztertzea ekar dezake, Batzar Nagusien konfiantza lortzen ez badu. Konfiantza-eskaera diputatu nagusiak planteatzen du bere programarekiko edo politika orokorraren adierazpen batekiko; hori galtzeak Batzar Nagusien eta Foru Aldundiaren arteko konfiantzazko harremana apurtu dela adierazten du, hain zuzen ere, Batzar Nagusiek diputatu nagusia hautatu zutenean hasitako konfiantzazko harremana, programa politiko bat bere egin zutelako. Emandako botoen gehiengo soila lortuz gero, konfiantza emana dago.
L
- Legea
- Zuzenbide-ordenamenduko arau nagusi bat da, ordezkaritza-izaerako organo batek onartzen duena.
- Legealdia
- Batzar Nagusien agintaldiak irauten duen denbora da, elkarren segidako bi hauteskunderen bitartekoa. Gipuzkoako Batzar Nagusietan legealdia lau urtekoa da.
- Legebiltzarra
- Ordezkaritza-izaerako batzar bat da, eta legeak eta aurrekontuak onartzea eta gobernua kontrolatzea dagozkio, beste zeregin garrantzitsu batzuen artean.
- Legelaria
- Batzar Nagusien lege-aholkularitzaz arduratzen den pertsona da. Haren lanen artean daude batzordeei eta Osoko Bilkurari aholku ematea, eskatzen dizkioten gaiei buruzko txosten juridikoak prestatzea, eta Batzar Nagusiak ordezkatzea epaitegietan.
- Lurralde Historikoaren Aurrekontu Orokorrak
- Lurralde Historikoaren Aurrekontu Orokorrek Lurralde Historikoan aurreikusten diren diru-sarrerak eta egin daitezkeen gastu guztiak jasotzen dituzte. Urtero onartzen dituzte Batzar Nagusiek, Foru Aldundian foru-arau baten bitartez abian jarritako ekimenez.
M
- Mahaia
- Organo honek Batzar Nagusiak ordezkatzen ditu, Ganberaren lana antolatzen du eta Batzar Nagusietako lehendakariari laguntzen dio bilkuretako eztabaidak zuzentzen eta ordena zaintzen. Batzar Nagusietako lehendakariak, bi lehendakariordek eta bi idazkarik osatzen dute, eta Osoko Bilkurak hautatzen ditu.
- Mandato
- Kontzeptu hau zuzenbide historikotik dator; han hautesleen eta hautatuen arteko harremana azaltzeko agintaldiaren figura juridikoa erabiltzen zen, ordezkariak beren hautesleek emandako jarraibide zehatz batzuei lotuta zeudela ulertzen zelako, eta horiek ez betetzeak ordezkaria kargutik kentzeko aukera ematen zuela (aginduzko mandatoa); hori Erdi Aroan gertatzen zen. Gaur egun, ordezkariak ez daude jarraibide batzuei lotuta: behin ordezkaria hautatutakoan, haren ahotsa eta karguaren iraupena ez daude ordezkatuen borondatearen menpe (ordezkaritzako mandatoa).
- Mozioa
- Interpelazio batean gai bat eztabaidatu ondoren, Ganberak gai horri buruz duen jarrera adierazten du mozioak. Behin aurkeztu eta izapidetzeko onartu ondoren, hurrengo Osoko Bilkuran eztabaidatu eta bozkatzen da.
O
- Ohartarazpena
- Diziplina-zehapen bat da, eta horren bitartez batzarkide bati ohartarazten zaio bere jarrerari eusteak zer ondorio kaltegarri ekar ditzakeen.
- Ordezkaritza-erakundea
- Batzar Nagusiak ordezkaritza-erakunde bat direla esan ohi da, Gipuzkoako hiritar guztiak ordezkatzen dituztelako eta hiritar horien borondatea adierazten dutelako legebiltzar-egoitzan.
- Osoko Bilkura
- Batzar Nagusien organo nagusia da. Batzarkide guztiek osatzen dute, eta zereginik garrantzitsuenak ditu esleituta, hala nola diputatu nagusia eta Ganberaren Mahaiko kideak hautatzea, zentsura-mozioa, edo foru-arauak onartzea, ahalmen hori eskuordetzen den kasuetan izan ezik. Osoko Bilkuretara Foru Aldundiko kideak ere joan daitezke, eta beren aulkiak dituzte esleituta osoko bilkurak egiteko aretoan.
- Osoko bilkurak egiteko aretoa
- Batzar Nagusien Osoko Bilkura biltzeko tokia. Hemizikloa.
- Osoko zuzenketa
- Foru-arauaren proiektu oso bat edo batzarkide talde batek aurkeztutako ebazpen-proposamen oso bat aldatzeko proposamena da. Foru-arauaren proiektuen kasuan, osoko zuzenketak proiektua atzera Foru Gobernuari itzultzeko eskatu dezake edo beste testu bat proposatu.
T
- Talde Mistoa
- Talde honetan beren batzarkide taldea osatzeko behar besteko kopurura iristen ez diren batzarkideak sartzen dira. Talde hau alderdi edo koalizio desberdinetako batzarkideek osatu dezakete.
- Talde txostengilea
- Batzordeen barne-organo bat da, kide anitzekoa, eta batzordeen eskumen-esparruko gaiak edo auzi zehatzak aztertzeko antolatu ohi da. Bere lana bukatzean, ateratako ondorioak eta partaideen gehiengoaren iritzia jasotzen dituen txosten bat egiten du. Bestelako iritziak boto partikular gisa txertatzen dira txostenean.
U
- Udalen araugintzarako ekimena
- Udalek Batzar Nagusietan foru-arauen proposamenak aurkeztuta gauzatu dezaketen araugintzarako ekimena da. Ekimena gutxienez hiru udalek gauzatu behar dute, udalek gutxienez bi hauteskunde-barrutikoak izan behar dute eta gutxienez hamar mila biztanle eduki.
X
- Xedapen gehigarria
- Arau-testu bateko manamendu bat da, bukaerako zatian kokatzen dena, artikuluen ondoren, eta arauaren erregimen bereziak, araua aplikatzeko salbuespenak edo beste arau-testu batzuetarako bidaltze-oharrak erregulatzen ditu.
- Xedapen indargabetzailea
- Arau-testu baten bukaerako zatian txertatutako manamendu bat da, eta eragiten dion arauaren baliogabetzea erregulatzen du.
- Xedapen iragankorra
- Arau-testu batean xedapen gehigarrien ondoren txertatzen den manamendu bat da, eta egoera juridiko jakin batzuk behin-behinekoz erregulatzen dituzten arauak jaso ohi ditu.
Z
- Zatikako zuzenketa
- Ekimen baten atal bat aldatzeko proposamena da, Batzar Nagusietako kide batek edo batzarkide talde batek egina. Hainbat motatakoak izan daitezke: kentzekoa, ekimenaren zati bat ezabatzea eskatzen badute; aldatzekoa, atalen baten beste idazkera bat proposatzen badute; eta eranstekoa, atal berriak txertatzea proposatzen badute.
- Zenbaketa
- Hautagai bakoitzak hauteskundeetan lortu dituen botoak zenbatzen dira eragiketa honen bidez.
- Zentsura-mozioa
- Foru Aldundiaren ardura politikoa eskatzeko erabili daitekeen kontrol-tresna bat da. Zentsura-mozioa planteatzeko, beharrezkoa da gutxieneko batzarkide kopuru bat, eta diputatu nagusi izateko hautagaia proposatu beharra daukate. Zentsura-mozioa onartzeko, Osoko Bilkurako kideen gehiengo osoak aldeko botoa eman beharko du, eta, onartzen bada, diputatu nagusiak kargua galduko du, eta mozioan azaldutako hautagaia diputatu nagusi aldarrikatuko da.
- Zuzenketa
- Legebiltzar-ekimen bat aldatzeko proposamena da.
ORRI-OINA:
Orri honen hasierara joan.