ARAKATZEKO LAGUNTZAK:
BILATZAILEAK
LAGUNTZARAKO MENUAK:
ORRI HONEN BIDE-IZENA
ORRIAREN EDUKI NAGUSIA
2014-07-08
Hai Al Bustan ume palestinarren futbol talde bat da, Jerusalemeko Silwan auzokoak. Laster baten auzoa utzi beharko dute, kolono israeldarrek lur horien jabe egin delako. Bitartean, haur hauek futbol taldea osatzeaz batera, beraien bizitza ere osatu dute. Pobrezian murgildutako haurrak dira gehienak; umezurtzak eta behin baino gehiagotan poliziaren ziegetatik pasatu behar izan direnak, horrek suposatzen duen tratu txar, bortizkeria eta ezintasun guztiarekin.
Futbol taldea eratu zutenetik, gatazkatik aldendu dira nolabait, eta eskolan zein harreman pertsonaletan asko hobetu dute. Hai Al Bustan taldeak baino, ez du futbola soilik jorratzen; dantza taldea ere badute, 4 eta 14 urte bitarteko ume eta gazteen udalekuak antolatzen dituzte, eta emakumeen formakuntza saioak ere egiten dituzte.
Gipuzkoako Batzar Nagusiek harrera egin nahi izan diete, euren jarduna zein garrantzitsua den azpimarratzeko, eta pertsona gazteak izanik ere, beraien egunerokotasunean egiten duten ekarpena aitortzeko. Bukatzerakoan esan diguten esaldi motz baina indartsuarekin geratzen gara:
“Herri honi kasu egitea eskatzen dizuegu laguntza behar duelako, ulermen asko behar duelako, baina batez ere Herri gisa aitortua izan dadila behar duelako. Eskerrik asko gure hitzok entzuteagatik”.
Batzar Nagusietako jarduneko lehendakari Julio Astudillo jaunak, batzarkide talde guztien izenean ongi etorria eman dio talde palestinarrari, hurrengoa azpimarratuz:
" Badakigu zuen bizimodua ez dela batere erraza, eta zuen herria injustuki sufritzen ari dela. Horregatik, Gipuzkoako batzarkide guztien izenean, gure elkartasun, babes eta maitasunik beroena helarazi nahi dizuegu".
"Harro gaude gure laguntzaz zuek Donosticup 2014ean parte hartzea, eta urtero, horrelako kirol ekitaldia gure lurraldean antolatzeaz. Aurten gainera 7.000 lagunetik gora bildu zarete, munduko bost kontinenteetatik etorriak. Bejondeizuela! Kirolak erakusten dituen baloreak mundu guztian berdin ulertuak dira: talde lana, berdintasuna, disziplina, aurkariarekiko errespetua... Elkartasuna eta bakean oinarritutako elkarbizitzarako oinarri ere badira".
ORRI-OINA: