ARAKATZEKO LAGUNTZAK:
BILATZAILEAK
LAGUNTZARAKO MENUAK:
ORRI HONEN BIDE-IZENA
ORRIAREN EDUKI NAGUSIA
2023-03-08
XI. Legealdiko azken Osoko Bilkura egin dute martxoaren 8.ean Gipuzkoako Batzar Nagusiek. Amaieran Xabier Ezeizabarrena lehendakariak iragandako lau urteei begiratu labur bat egin eta etorkizunerako bere gogoa adierazi du agurreko mezuan. Hona bere hitzak.
AGUR HITZAK LEGEALDIKO AZKEN BILKURAN
Gaurko Osoko Bilkura amaituta, egia esan, neuk ere agur labur bat egin nahiko nuke.
Lau urte hauetan ohore berezi bat izan da erakunde honen mahaiburu izatea. Eta baita ere, jakina, Gipuzkoako Batzar Nagusietako batzarkide izatea.
Legealdia, neurri handi batean, Covid-19aren pandemiak baldintzatu du eta une zailak bizi izan ditugu arlo guztietan. Oraindik gogoratzen naiz Peña andrearekin eta beste batzuekin nola ibili ginen hasierako asteetan musukoen bila nazioartean, Goierriko lagunekin eta enpresetan zehar, musukoak non aurkituko, batez ere Gipuzkoako adineko egoitzetako egoiliarrak babesteko.
“Ezina ekinez egina”, dio eserak. Guztion lanarekin gainditu genuen pandemia, baina ez da komenigarria ahaztea bizi izan dugun guztia eta zendu ziren pertsonek.
Guztion lana izan da beharrezkoa aurrera egiteko eta, beraz, eskerrik asko nirekin batera lan egin dutenei: Amagoiari, Maxuxi eta Nuriari. Eskerrik asko Aldundiko talde osoari ere, batez ere, zuri, Markel Olano, zure lanagatik eta ibilbide luzeagatik.
Baita legelariei ere: Idoiari, Iñigori eta Arantzari. Eta etxeko langile guztiei, Alberto barne, gure euskara-trebatzailea. Izan ere, ikusten dira hobekuntza nabarmenak gure euskara mailetan ere. Milesker ere mahaikidei eta bozeramile guztiei zuen laguntzagatik eta zuen lanagatik.
En ocasiones hemos tenido discusiones duras y choques, pero siempre dentro del “fair play” parlamentario y político.
Amaitzeko, ez dut bukatu nahi erakunde honen garrantzia aipatu gabe. Euskal Herriko eskubide Historikoen lehenengo aztarnak eta iturriak hemen bertan finkatu ziren: Lurralde bakoitzaren Batzar Nagusietan eta bere garaiko Nafarroako Gorteetan.
Irulegiko Eskuak dioen moduan gure nazioak, Euskal Herriak, zorionekoa izan nahi du Europan eta munduan. Beraz, egin dezagun bidea elkartuta. Agian mendi-bide aldapatsua izango da. Baina gaur egungo demokraziaren krisia gainditzeko guztion ekarpenak beharko genituzke.
Foraltasun kontzeptua eta gure Eskubide Historikoak eguneratu beharko genituzke Europari begira. Agian, zergatik ez, J. J. Rousseauk “Gizarte itunean” zioen moduan. Ziur nago itun horretan emakumeok lidergoa hartuko duzuela. Euskal Ilustrazioarekin batera, Rousseau Gipuzkoan izan zen, garai hartan hemengo berrikuntza politikoaren lekuko, Azkoititik hasita batez ere. Nire uste apalean hor badugu erronka nagusi bat: uztartu ditzagun ibilbideak eta sendotu gure erakundeak gizartearekin batera. Beti ere inor baztertu gabe. Ibilbide horretan elkar ikusiko dugulakoan,
milesker guztioi zuen laguntza eta zuen lanagatik.
Xabier Ezeizabarrena Saenz
Batzar Nagusietako lehendakaria
2023-03-08
ORRI-OINA: