ARAKATZEKO LAGUNTZAK:
BILATZAILEAK
LAGUNTZARAKO MENUAK:
ORRI HONEN BIDE-IZENA
ORRIAREN EDUKI NAGUSIA
2024-08-07
JOKIN PERONA OGASUN ETA FINANTZA FORU DIPUTATUAREN HERIOTZEAN GIPUZKOAKO BATZAR NAGUSIETAKO LEHENDAKARIAREN ADIERAZPENA
Jota utzi gaitu Jokin Peronaren heriotzak hura ezagutzeko suertea izan genuenak.
Lehenik bere sendia datorkit gogora, emazte Maitane eta seme-alabak, Julen, Udane eta June; dolumin sentitua bidaltzen diet hala nola gainerako senitartekoei.
Gizon prestua eta agintari prestatua izan dugu urte hauetan. Serio hartzen zuen bere lana Jokinek eta gogotik lan egiten zuen. Gipuzkoako Foru Aldundian eta Batzar Nagusietan hutsune handia geratu zaigu, Foru Ogasuneko zuzendari eta gero diputatu gisa Jokinek erakutsi zuen jarrera eta lan politiko sendoagatik. Tratuan errespetuzkoa eta irekia, zorrotz eta zuzen zaindu ditu gipuzkoarren herri finantzak, Gipuzkoaren interesa bultzatuz eta Euskadiren herri ikuspegiaz: aurrekoek eraikitakoari arreta jartzen ikusi izan dugu 9 urte hauetan, eta oraingo beharrei bermez erantzuten; eta biharkoa ez dagoela ziurtatuta jakinda, guztion diru publikoak zuhurki eta, aldi berean, ausarki gobernatu ditu.
Azken alderdi bat, baina ez gutxien balio duena: azpimarratzekoa da Jokinek euskarari beti eman izan dion tratu duina, Ogasun eta Finantza gaiak gure hizkuntzan jator eta ezin egokiago azalduz. Euskadin euskara biziberritzeko egin den apustu politiko handi horren ispilu eta akuilu izan dugu Jokin, zerbitzu publikoan euskaraz egiteko eta zabaltzeko erabakia benetan hartuz Ogasun diputatu izanik.
Jokin hil zaigula sinestu ezinik gauden honetan, jarrai dezagula haren bidetik, politika herriaren zerbitzurako dela egunero gogoratuz.
Goian bego Jokin Perona Lerchundi.
Xabier Ezeizbarrena, GBNetako lehendakaria
ORRI-OINA: