ARAKATZEKO LAGUNTZAK:
BILATZAILEAK
LAGUNTZARAKO MENUAK:
ORRI HONEN BIDE-IZENA
ORRIAREN EDUKI NAGUSIA
Gipuzkoako Batzar Nagusiak berrezarri eta hasierako urteetan, 1979. eta 1983. urteen artean, ez zuten beren eraikina izan, eta bilkurak Gipuzkoako Foru Aldundian (Gipuzkoa plazan) egiten zituzten. Gipuzkoako bizitza demokratikoarentzat hain garrantzitsua den erakunde batek ez zeukan egoitza propiorik bere jarduera garatzeko.
1983. urtetik aurrera, Batzar Nagusiak Donostiako Aiete auzoko eraikin batean ezarri ziren; eraikina Etxe Zuri izenez ezagutzen zen, eta Aldama Enea etxalde handiko zati bat zen jatorrian, eta Donostia-Oriamendi errepidearen eta Hernaniko bide zaharraren arteko bidegurutzean zegoen kokatuta. Etxaldearen jabea Francisco Ussía Cubas zen.
1913. urteko inbentario baten arabera, eraikin hau "ukuilu, kotxe-toki eta garaje" gisa erabiltzen zen. 1925. urtean Francisco Arocena Gurruchagak erosi eta Eva Enea izena jarri zion. Urte batzuk geroago, 1960.ean, etxaldea banantzen hasi ziren, eta hurrengo urtean Donostiako Udalak hizpide dugun eraikina erosi zuen. 1972an, Udalak eraikina eraberritu zuen Jornadako Ministerioak erabili zezan bulego gisa; izan ere, Kanpo Arazoetako Ministroak "La Cumbre"n igarotzen baitzuen uda, hots, errepidearen beste aldean dagoen txaletean. 1975 eta 1976 artean, Udalak Foru Aldundiari laga zion etxaldearen erdi banaezin bat, trukatze konplexuago baten esparruan; dena dela, lehen aipatu den bezala, Batzar Nagusiak 1983. urtera arte ez ziren etxe horretan ezarri.
Gainerakoan, bulego nagusietara beirate batez estalitako erdiko hall batetik joaten zen, eta bulegoen banaketa ez zen aldatu eraikina Jornada Ministerio bihurtzeko eraberritu zenetik. Eraikinean, administrazio-bulegoak eta batzarkide taldeen bulegoak zeuden, Mahaiaren eta batzordeen bilerak egiteko aretoa eta Batzar Nagusietako lehendakariaren bulegoa. Nolanahi ere, ganberako lanik gehienak egoitzan egiten baziren ere, osoko bilkurak ez ziren han egiten; osoko bilkurak Aldundiaren jauregian, Miramar jauregian eta Miramongo Teknologi Elkartegiko entzunaretoan egin izan ziren. Ez da harritzekoa, beraz, Etxe Zuri eraikinak zituen muga handiak kontuan hartuta, Batzar Nagusiek egoitza beste toki batera aldatzea erabaki izana.
ORRI-OINA: