ARAKATZEKO LAGUNTZAK:
BILATZAILEAK
LAGUNTZARAKO MENUAK:
ORRI HONEN BIDE-IZENA
ORRIAREN EDUKI NAGUSIA
Batzar Nagusietako lehendakari jauna,
Ahaldun Nagusi anderea,
Foru Diputatu jaun-andreok
Batzarkide jaun-andreok
Arrasateko Udal eta herri ordezkari guztioi
Gonbidatu eta komunikabideetako langile eta ordezkariok,
EGUN ON GUZTIOI.
...
Gaurkoa, hirugarren aldia dugu Arrasateko Udal Areto honek Gipuzkoako Batzar Nagusietako Bilkura bat jasotzen duena.
1979 urtea zen, lehen aldiz, Batzar Nagusietako bilkura bat egiten zena areto honetan. Ez zen edonolako bilkura izan. Gipuzkoako Batzar Nagusiak berrezarri ondoren egin zen lehenengo Osoko Bilkura izan zen hura, oraindik Gipuzkoako Batzar Nagusiek egoitzarik ez zutenean. Arrasate momentu historiko horren lekuko izan zen. Atzo, gaur eta bihar, Arrasate harrera herria izango da Gipuzkoar guztiontzat.
Momentu horretan, orain ez bezala, Batzar Nagusien eraketa bilkura izan zen hura. Momentu historikoa gure herriarentzat. Izan ere, Foruen aboliziotik mende bat igarota, 1979an bildu ziren berriz ere Batzar Nagusiak, areto honetan, Arrasaten.
Eta orduko Osoko Bilkuraz hitz egiten ari garela, gogora ekarri nahiko nuke orduko alkate zena, Jose Antonio Ardanza Garro. Duela hilabete gutxi zendu zen, eta Bilkura honetan momentu historiko horren parte izan zenaren aitortza egitea gustatuko litzaidake, berak izan baitzuen eratu berri zegoen Gipuzkoako Batzar Nagusiei harrera egiteko ardura.
2001 urtean berriz ere hemen izan ziren Batzar Nagusiak, orduan Xabier Zubizarreta "Txiron" alkate zela. Arrasate Gipuzkoan nola kokatzen den ulertzeko hainbat gako azpimarratu zituen alkateak berak. Honela egin zion erreferentzia Arrasateri:
"Gipuzkoako ertz batean bizi gara. Bizkaieraz berba eitten dauen gipuzkoarrak gara, eta Arabako Aramaiotik urak bustitzen gaituena. Muga artean bizi garelako edo, baina gure Gipuzkoartasuna, Euskal Herri osoari begira ulertzen dugu".
Pasarte hau ekarri nahi izan dut, izan ere, Arrasate badelako Gipuzkoarra, nola ez, baina, batez ere, Nazio sentimendu eta ikuskera daukan herria delako. Herrigintzan eta elkarlanean aritzen erakutsi digute txikitatik, horren adibide ditugu eskualdean ditugun lan eredu kooperatiboak, Arrasatearron harrotasunerako. Eta elkarlanerako eredu hori Batzar Nagusietan islatua ikusi dadin gustatuko litzaidake. Herri honen aldeko apustuan, aberastasuna banatuz eta herri borondateak errespetatuz.
Izan ere, urtebete igaro da Udal eta Foru hauteskundeek mapa politikoa aldatu zutenetik, eta Arrasate horren adibide dugu. Herritarrek politika berdinzaleagoak, egiteko modu berriak eta gure Herriaren subiranotasunerantz jauzi bat emateko ordua iritsi dela esan digute, eta mandatu horri erantzun behar diogu ezinbestean.
Erronka handiak ditugu parez pare, eta XXI. mendeko hamarkada erabakigarrian sartuta gaude, gaur egun hartzen ditugun, eta hartzen ez ditugun, erabakiek baldintzatu egingo dute datozen belaunaldiak, baina baita Herri moduan ere, dugun egitekoa. Eta maila lokalean, jasotako mandatuari erantzunez, datozen urteetan hartuko ditugun erabakiek markatuko dute tamainako erronkei zer eta nola erantzungo diegun. Bai Arrasatetik, baina baita "Gipuzkoa ertzean" kokatzen den Debagoiena eskualdetik ere.
Debagoienak, Gipuzkoak eta Euskal Herriak dituzten erronka konplexuen aurrean, erantzun integralak emateko gaitasun kolektiboa eraiki behar dugu. Erantzunkidetasunetik eta desberdinen arteko akordiotik abiatu behar dugu. Arrasaten eta Debagoienean, aitzindariak gara tokiko garapenean, langileek protagonismoa izan eta eskualdean errotutako ekimen sozioekonomikoak martxan jarri genituen pasa den mendean. Desindustrializazio garai honetan, erronka berrietara egokitutako industria eta enpresa ereduaren alde jardun behar dugu ezinbestean, eta Arrasatetik zein Debagoienetik hamarkadetan pilatutako jakintza guztia hartu eta Gipuzkoari gure ekarpena egiteko prest gaude.
Hori guztia ezingo dugu bakarrik egin, edota okerragoa dena, elkarri bizkarra emanda. Elkarrekin lan eginez, gizartearen gehiengoak errespetatuz eta akordioak bilatuz lan egin behar dugu. "Bakarrik azkarrago, elkarrekin urrutiago" leloan oinarritutako kultura politiko berri bat beharrezkoa da, gizartearen zein instituzioen arteko lankidetza leialean oinarritutakoa.
Horregatik, eta amaitzeko, Herri honen subiranotasunaren behar defendatuko dut, estatus berri baten beharra. 1979an Foruak eta Batzar Nagusiak berreskuratu genituen bezala, politika aurrerakoiak garatzeko tresna guztiak eskuratu behar ditugu. Gure erabakien jabe izateko. Herri aske bat izateko.
Maider Morras Azpiazu
Arrasateko alkatea
Arrasate, 2024ko uztailaren 2an
ORRI-OINA: