ARAKATZEKO LAGUNTZAK:
BILATZAILEAK
LAGUNTZARAKO MENUAK:
ORRI HONEN BIDE-IZENA
ORRIAREN EDUKI NAGUSIA
Ongietorri Gipuzkoako Batzar Nagusien Bilkura Ibiltarira Arrasateko Udal batza, Maider Morras alkatea eta zinegotziak; ongietorri Eider Mendoza diputatu nagusi eta foru diputatuak, hala nola batzarkideak. Eta agur uztailaren 2ko goiz honetan Bilkura internetez jarraitzen ari zaretenoi.
Batzarra hasteko, zeuk duzu hitza, Morras alkate andrea.
...
Eskerrik asko Alkate andrea.
Legealdiko lehen urtearen azken urratsak egiten ari gara Batzar Nagusietan -adibidez, Fiskalitatearen Ponentzia bere egitekoa burutzen ari da-, iazko maiatzetik 4 hauteskunde igaro ondoren.
Urtebete honetan bereziki, baina lehenago hasitako joera batez hitz egin nahi dut. Labur-bilduta esatera noa hasieran ikusten dudana, hitz gutxitan baina hitz larrietan: guztionak diren arazoen aurrean, Gipuzkoa eta Euskadiko gizarte eta herriaren onerako, lehia politiko zentzuzko bat bilatzeak izan behar du gure helburu nagusia. Eta guztion indarrak biltzea eskatzen digu arestian aipatutakoak. Gero helduko diot hari honi baina orain, aurrera egiteko, iraganera jo nahi dut, gure iragan hurbilera.
Orain 45 urte berreskuratu zituzten hementxe bertan, Arrasateko Udaletxean, Gipuzkoako Batzar Nagusiak. 1876ko irailean, Batzar Nagusiak hurrena Arrasaten biltzekotan geratu ziren. Baina ez ziren gehiago elkartu. 1876an, Espainiako Gorteek foru erakundeak desegin zituzten, bai aldundiak bai batzar nagusiak. Gure lurraldeei Espainiako probintzia-egitura ezarri zieten, Frantziako Iraultzak eratu zuen "departamentuen" kopia. Garai batean Gipuzkoa probintzia zen, baina ez beste probintzia menpeko bat, eta ezta 1833an sortua ere; Erdi Aroan ulertzen zen eran, "Gipuzkoako Ermandade Nagusiaren agintepeko lurraldea zen, bere foruak eta eskubideak zituen lurraldea". Hori kendu ziguten Madrileko Gorteek. Baina ez genuen galdu foruen burujabetzaren kontzeptua. Horren seinalea da 1979ko apirilaren 22an hemen gertatutakoa. Merezi du gogoratzea.
Orain ia mende erdia herri honen agintea hartu zutenek, ez zuten aliritzira aukeratu Arrasate. Bazekiten mende bat etenda egon zela gizaldiz gizaldi zetorren katea eta Arrasaten egitekotan geratu ziren Batzar Nagusiak; hortaz, 103 urteren buruan, Batzar Nagusiak Arrasaten berreskuratzea erabaki zuten biltzarrean ziren alderdiek. Hori batetik. Eta bestetik, herri-ikuspegiz hartu zuten gure erakundeak berreskuratzeko misioa herri-askatasun eta batasun bidetik. Gipuzkoa eta euskal lurralde bakoitza Euskadiko herri-enborrari lotutako adartzat joz.
Merezi du 1979ko apirilaren 22ko bilkuraren oroitzapena egitea. Batzarkideak banan bana deitu zituzten. Herri Batasuna ez zen agertu. Hautatuak izan ziren beste bost alderdiak bai: Eusko Alderdi Jeltzalea, PSE-PSOE, Euskadiko Ezkerra, Koordinadora Independentea eta UCD. Batzarkideen ziurtagiriak onarturik, 1979an bertan Arrasateko alkate aukeratua izan zen Jose Antonio Ardanzak, eratutzat eman zituen Gipuzkoako Batzar Nagusiak. Segidan, diputatu nagusia aukeratu zuten Batzar Nagusiek: Xabier Aizarna. Eta jarraian, mozio bat onartu zuten.
Batzarrean ziren bost alderdiek aho batez erabaki zuten, "Euskal Parlamentariek landu zuten Autonomia Estatutuaren txostena onartzea eta espainiar Gobernu eta Parlamentuari berehalaxe bide eman eta legezta zezatela eskatzea".
Zera dago jasota egun hartako Bilkura Egunkarian, hauteskundeak eta gero:
"Apirilaren 3an hautatuak izan diren Batzar Nagusiak eratu ahal izateak, berebiziko aurrerakada ageri du, erakunde demokratikoei buruz. Oso hedatua den estatu-ikuspegitik begiratuaz, badirudi aurrerakada horrekin iritsi garela demokratizatze-bidearen gorenera. Baina, euskal begiekin aztertuz, ezin genezake inola ere uste izan, funtsezko jokabidean sartua denik, gure Herriaren eskubideak onartu eta eraikuntza mamitzen ez den bitartean. Ez baitugu onargarri den demokraziarik izango, Euzkadik antzina zituen indarrez kendutako gobernatzeko bere burujabetza itzultzen ez dioten bitartean." Mozioak honela jarraitzen du: "gure eskuarteko ekonomia-jarduera, gure aurrerabidea mamitzeko plangintza, heziketa eta hedabideak izatea, gure kultur babesa eta, bereziki, gure euskararen zaintza, Euzkadiko bizikidetza antolatu eta herritar segurtasuna gordetzeko eta beste arazoei erantzuteko gaitasuna, behar horien guztien premian dago gure Herria".
Hortaz, Batzar Nagusiek mozio hartan jasotakoak argi egiten digu gaur ere. Batzuek kontrajarri egiten dituzte politika eta identitatea. Baina mozio hark erakusten digu hori ez dela horrela. Gizakiok beharrezkoa dugu nortasuna, zein garen jakitea elkarren arteko harremanean bizitzeko eta izateko. Herriek berdin. Herri nortasunak ez dio oztopo egiten ez herriaren garapenari ez herritarren bizitzari, alderantziz baizik. Herri nortasunaren baitan dago, herri bat dena izatea eta izaten jarraitzea, batez ere munduari begira.
Eta hemen, azken urte hauetan ikusten eta jasaten ari garen gai bati heldu nahi diot: euskara herriarenak diren lan-esparruetatik kanporatzeko joerari, azken 40 urtean ikusi gabeko epaiak direla eta. Herriaren muinean dagoen zerbaitez ari gara euskaraz ari garenean. Garrantzitsuak dira gauza asko politikagintzan, baina euskara berezia da herri egiten gaituelako.
Beharrezkoak ditugu erreferenteak eta Koldo Mitxelena da gidari horietako bat. Zera dio, Martin Ugalderekin solasean:
"Creo que si el Pueblo Vasco existe hoy con conciencia de pueblo se debe, sobre todo, a la lengua; no es que niegue los demás elementos diferenciales que hacen de la familia vasca un pueblo, pero creo que no hubiera podido con ellos la conciencia de ser pueblo si no hubiera mantenido viva su lengua. La lengua es la historia viva de un pueblo, y el euskera constituye la historia viva del pueblo vasco, porque si se habla del País Vasco como de una entidad, de una cierta unidad, aunque de límites más o menos variables, es gracias a la existencia de una lengua distinta."
Horretan gaude. Euskararen biziraupena, eustea eta berritzea, mundualdi honetara moldatuz, erronka handia dugu. Errespetua eskatzen dugu euskararentzat, eta hori egiten dugunean, errespetua izateko eskatzen dugu Euskadik euskara biziberritu eta hartutako erabaki politiko nagusiari, gure hizkuntza ofiziala izateko. Ezin dugu kostata eraikitako eskubideetan atzera egin. Batzar Nagusiek hemen orain 45 urte zuten kontzientzia harekin berarekin dagokigu euskara babestea. Gipuzkoan hartu du indar gehien euskarak baina ez da gure auzia bakarrik. Hau ez da lurralde bakoitzaren kontua, Jaurlaritzarekin, herri-ikuspegiz eta bat eginda aritzeko gaia da hau.
Politika horretarako dago, interes publikoa babesteko, gurea eta garena: euskara eta euskaldun euskaraz izatea. Are gehiago mundu zabal honetan, gu munduan batera eta bestera gabiltzan eta munduko bazter guztietatik gizon-emakumeak gure artera bizitzera datozkigun honetan. Denok ezagutzen ditugu oraingo etorkinak, eta ze poz izaten duten ere bai, beren seme-alabek euskaraz egiten dutelako. Hizkuntza ate asko zabaltzen dituen giltza da, eta ez da nolanahiko atea, Euskal Herrian sartzeko balio dielako eta, azken batean, bertakoak egiten ari direla sentiarazten dielako. Euskara urrezko giltza da guztiontzat. Mitxelenaren pentsamenduak laguntzen digu berriro:
"en un mundo en que las diferencias tienden a borrarse, es beneficioso que nuestra inserción en movimientos universales se haga mediante colectividades menores. Sobre todo, porque veo que, a pesar de esa tendencia a la uniformidad, los fuertes no empiezan por negarse a sí mismos, sino que afirman con toda energía, y muy a menudo con éxito, su personalidad".
Identitatea ez da aniztasunaren aurkakoa, identitatea uniformizazioaren aurkakoa da. Alde honetan gazteleniartzeak dakarren uniformizazioa dugu aurrez aurre -beste aldean frantsestea duten eran-, eta begirada zabalduz, uniformizazio handiagoa, ingelesak. Guk gurea nahi dugu, euskara, ez besteak gutxiesten ditugulako, gurea delako baizik. Euskararen eremu handiagoa dute gaztelaniak eta frantsesak, badakigu. Baina baita ingelesak ere bi hizkuntza horiek baino. Eta inork ikusi al du politikari espainiarrik edo frantsesik esaten hobe dutela ingelesa lehenestea, lehenbizi ingelesez eta gero gazteleraz? Ez, ala? Horixe ba. Guk ez dugu gehiago eskatzen, ezta gutxiago ere, euskararentzat. Senecak zioen bezala, "Aberria maite dugu ez handia delako, gurea delako baizik" (Epístolas, 66-26).
Politika, beraz, identitate kontua ere bada. Ezin du utzi, motz eta hotz bilakatuko ez bada politika, arnasarik gabeko jarduera itoa. Politika klase horrek badu ezaugarri bat: askatasun nahia. Baina ez borondatea bakarrik, boluntarismoa ez baita aski gauzak lortzeko. Borondateari bidea eman behar zaio legez eta erakundeen bidez. Hala ageri zaigu Arrasateko Batzar Nagusi haietan. Herri bat garela jabetuta, herriaren gauzak, geuk erabakitzeko eskubidea dago urte askotan eraiki dugunaren azpian, eta gaur egun Europar Batasunaren barnean.
A propósito de la UE, ayer mismo partió el buque "Aita Mari" hacia aguas del Mediterráneo. Hace tan solo unas semanas junteras y junteros, con la Diputada Foral de Cooperación, estuvimos en Pasaia con su tripulación. Con ellos conocimos su impresionante tarea colectiva. Mentes, brazos y manos que rescatan vidas del abismo, mientras algunos Estados de la UE prefieren mirar hacia otro lado. O lo que es peor todavía, llegar a procesar a miembros del Aita Mari.
Nire ustez, politika ezin da egin beste aldera begiratuz. Alderantziz, aukera bakoitzak bere nortasunetik herriari proposamena egin behar dio. Herriari zor zaio zer aukeratzen duen jakinaraztea, alderdi bakoitzak bere identitatea erakutsiz. Ez dago benetako eztabaidarik, nortasunik gabe. Bakoitzak bera den horretatik hitz egin behar du, bere nortasunarekin negoziatu eta ados jarri besteekin. Politika handian eta egunerokoan.
Urte hauetan, politikan, aldapa asko eta zailak egokitu zaizkigu. Baina, oztopoei aurre eginez, igo ditugu. Herri borondatea gailendu da askotan, herria bultzaka izatea ezinbesteko indarra baita politika egiteko. Baina ibil gaitezen kontuz. Dena politika al da? Edo behar dugun politika al da dena? Oso denbora gutxi da pandemia igaro genuela, eta gero Putinek Ukrainaren aurka lehertu zuen gerra, eta orain Erdialdeko Ekialdeko gatazka, munduko ekonomiak astindu dituzten krisiak eta zerbitzu publikoak, osasun arlokoak bereziki. Gipuzkoan eta Euskadin ere bai, jakina. Eta gauza bat ikusi dugu: larrialdiak gainditzeko herri-egitura eta tresnak dauzkagula, Osakidetzatik hasi eta egoitzetaraino, industria eta enpresei eusteko fiskalitatea eta finantza publiko saneatuak, eta hori guztia, herritarren eguneroko beharrei erantzuteko. Arrasaten egonda, horren adibide zuzena da Kooperatiben sistema; askotan etxekoak ez gara konturatzen baina 2020an "The New York Times"-ek aipatu zuen Mondragon sistema eredugarri bezala: nada menos que 70.000 empleos creados desde Gipuzkoa y en el mundo global y más de 11.000 millones de euros en ventas anuales producidos por el trabajo de este valle, a la sombra del Udalaitz.
Herri erabakiz daukagu daukagun sistema. Arazoak bere onetik atera eta gai konplexuei errealitatearekin zerikusirik ez duten deskalifikazioekin erantzunez gero, gizartearen konfiantza ahulduko da. Arazoak eta erronkak antzeman, konponbideak pentsatu eta erabaki politikoak hartu, eraikitakoari eutsi, hobetu, baita autokritika eginez ere. Herriarentzat gai nagusiak direnetan, elkar hartzeko borondatea behar da. Adibidez, Batzar Nagusietan dauzkagu Erreforma Fiskala eta Baso Politika berriari buruzko Ponentziak. Erantzukizunez jokatzeko ordua da. Aukera politiko bat daukagu, herriaren onerako berrikuntzak adostuz. Hori da politika herri ikuspegiz egitea eta behar duguna.
Amaitzeko esan nahi dut herri ikuspegia ere badela, politika handian, auzi politikoan, Euskadiren etorkizun politikoa herri honetan finkatzea, hitza gipuzkoarrek eta gainerako euskal herritarrek izanez, aske eta demokratikoki erabakitzeko herri honen estatus politikoa. Arrasaten, 79an, Estatutua eta euskal erakundeak eratzeko bultzada eman zuten. Arrasateko alkateak, gero lehendakari izango zen Jose Antonio Ardanzak, egoki azaldu zuen foruen garaitik izan zen aldaketa; jada ez zebilen lurralde bakoitza bere kasa: "bakarka eta banaka genbiltzan lehen -esan zuen-; batera joateko asmotan gaude gaur, eta horregatik Euzkadi osorako Autonomia Erakundea eskatuko dugu, indartsuago izan gaitezen". Mende erdia eta gero, herri bat garela berretsiz, Gipuzkoako Batzar Nagusietatik jar diezaiogun berriro arreta Euskal Herriari, eta orduan bezala, Legebiltzarrak, 13. Legealdia hasi berria denak, izan gaitzala bidelagun Euskadiren alde. Eguneroko politikan eta egiturazko oinarriak ipintzen, egin dezagula politika heldutasunez eta arduraz, politikaren onena eskainiz maite dugun herriari.
Ez dut bukatu nahi agur berezi bat bidali gabe Maria Ubarretxenari eta Susana Garcia Chuecari beraien ibilbide berriagatik Eusko Jaurlaritzan. Politikan ere "fitxajeak" daude eta foru harrobia bizi-bizirik dagoela esan dezakegu. Aldi berean, onena opa dizuegu Felix Urkolari eta Alberto Albistegiri zuen ibilbide berrietan. Legelarien postuetan ere aldaketak ditugu: eskerrak Iñigo Lamarkari bere lan bikainagatik eta zorionak Arantza Etxeberriari eta Iñigo Balerdiri. Eta esan didate Telesonic-eko teknikariak, Fernando Irazokik azken Bilkura Ibiltaria izango duela, erretiroa hartuko baitu aurki. Eskerrik asko, Fernando, zure lanagatik.
Eta honenbestez, amaitzeko, Batzar Nagusiak Donostian elkartzeko deia egiten dut urtebete barru, 2025eko uztailaren 2an. Milesker guztioi.
Xabier Ezeizabarrena Saenz
Gipuzkoako Batzar Nagusietako lehendakaria
Arrasate, 2024ko uztailaren 2an
ORRI-OINA: