ARAKATZEKO LAGUNTZAK:

Edukira joan zuzenean.

Menura joan zuzenean.

Batzar Nagusien agenda.

Batzar Nagusietako ekimenak.



BILATZAILEAK

Menua ireki Bilatzailea erakutsi

Herritarrak


ORRI HONEN BIDE-IZENA



ORRIAREN EDUKI NAGUSIA

Batzar Nagusietako Lehendakariak osoko bilkura ibiltarian egin zuen hitzaldia

 

Egun on guztioi.

 

Harrera dotorea, benetan, Eneko Goia alkateak eta Udalbatzak egin diguzuena Gipuzkoako Batzar Nagusiei, Bilkura Ibiltari hau hasteko. Eskerrik asko.

 

Ongietorri guztiok, diputatu nagusi Eider Mendoza andrea, foru gobernuko diputatuak, batzarkideak eta udal ordezkariak, hala nola Donostiako elkarteetako ordezkari eta herritarrak.

 

Has gaitezen bada. Alkate jauna, zuk duzu hitza.

 

...

 

Eskerrik asko, alkate jaun Eneko Goia.

 

Uztailaren 2ko Bilkura izaten da urte politikoaren amaierako saioa. Oraingo aldiari begiratu eta datorrenari igartzen saiatzeko bidea ematen du Bilkura honek.

 

Gertaera larriak bizi ditugu, Europan bertan Errusiaren inbasio eta eraso-gerra Ukrainaren eta zibilen aurka, herrialde ukrainarra bere burua defenditu beharrean gertatu delarik; eta Erdiko Ekialdeko gerra ankerrak, Hamasen eraso latza eta Israelen erantzun basatia Gazako palestinarrak milaka garbituz, abereak baino okerrago tratatuz eta desesperaziora eramanez; aldi berean, joera faxistak eta autoritarioak gailentzen ikusten ditugu eskuinetik ezkerrera, herritar botoa erabiliz, demokrazia bera, oinarrizko askatasuna eta giza eskubideak urratzeko mugarik gabe.

 

Bakea nahi eta behar dugu eta gerrak eta indarkeria ez dira bake-bide. Etorkizunean nora eta nola joan nahi dugun pentsatzeko aldiak dira hauek, herri identitateaz eta, beraz, geroaz pentsatzeko uneak, oraingoari erantzuten diogun bitartean.

 

Norbaitek esan zuenaren harian, gurea bezalako herri bat eraikitzean gerta daiteke garrantzi gehiago ematea mailu kolpeei, sartzea lortzen den iltzeei baino. Izan ere, itxurak asko balio du egia-osteko garai honetan, errealitatea baztertzen denean eta manipulazioak halako indarra dutenean. Baina gure belaunaldiak eta hurrengoak ez dituzte horrenbeste gogoratuko mailukadak eta zaratak, baizik eta herri honi eutsi eta aurrera egiten lagundu dieten erakunde eta politikak, hori baita geratzen dena, egiten denaren ondorioak dira irauten dutenak.

 

Amaitzen ari garen urte politikoan seinalatua geratuko da Erreforma fiskalaren onarpena, eta neurrien artean, Europako emantzipazio tasa baxuena dugula jakinda, gazteek etxebizitza eskuratzeko laguntzak, eta errenta baxueneko herritarrei zerga aitorpena egin beharra kenduz, betiere hiru herrialdeotako foru erakundeak eta Jaurlaritza elkar hartuta. Aldi berean, oraindainoko aurrekonturik handiena gauzatzen ari gara, eta ekonomian nahiz enpleguan ere aurrera goaz: Gipuzkoako zerga-bilketa, 2.000 milioitik gorakoa izan da maiatz arte, iaz baino %9 gehiago; langabezia %5'7koa da Gipuzkoan -Euskal Erkidegoan %7koa-; Gizarte Segurantzan 342.000 afiliatu - Erkidegoan milioi bat baino gehiago-; lehen lau hilabeteetako esportazioetan ere igoera, Erkidegoko esportazioen herena Gipuzkoari dagokio.

 

Gipuzkoako ekonomian pisu handia du hiriburuak, Barne Produktu Gordinaren %29 sortzen baitu. Eta nola ez aipatu ikerketa eta garapena, Bilkura Ibiltaria Donostian egiten ari garelarik. Politikan argi luzeak piztea komeni izaten da etorkizuna eraiki behar denerako. Gidaritza onak urrutira ikusten jakin behar du, bertakoa eta ingurua begiratuz. 90eko hamarkadan aurkitzen dugu Miramongo Teknologia Parkearen sorrera, hala nola Batzar Nagusiek onartu zituzten zerga-neurriak, enpresen lehiakortasuna eta esportazioa bultzatzeko.

 

Ikerketa eta Garapenean Europar Batasunaren batez bestekoaren gainetik dago Gipuzkoa, Danimarkaren parean, Barne Produktu Gordinaren %2'6ko inbertsioarekin, eta Donostia are gorago, %3'7ra helduta, eta, alkateak esan bezala, gehiago izango da Parkea Illunbera zabaltzean. Bestetik, gero eta emakume gehiago ari da ikerketan, Euskal Erkidegoan %40 eta Donostian %47; bioteknologian, berriz, emakumeak nagusi, 10etik 6 baitira.

 

Hau ez da inprobisazioaren emaitza. Politika eraldatzaileak prozesuak izaten dira, epe ertain edo luzerako. Kontua da ikerketa eta garapenaren sartzen den iltzeari arreta jartzea, ez mailukadak emateari. Eta konbentzimendua izatea Gipuzkoa eta Euskadi eraikitzen ari garela, ez orain hasiz baizik eta segiz, erakargarria egiteko geuretzat eta enpresentzat.

 

Halaber, "gizarte kohesioa Gipuzkoako gizartearen ezaugarrietako bat da". Izan ere, desberdinkeria gutxieneko gizarteen gailurrean dago Gipuzkoa GINI indizean, Europar Batasuneko Eslovakia bakarrik daukagu gorago. Hori ere ez da bat-batekoa: pobreziaren aurkako politika aitzindariak izan ditugu Erkidegoan lau hamarkada honetan, eta herri ikuspegia izan zutenek asmatu zuten justizia soziala funtsezko politika zela erabakiz. Aldi berean, dirutza biltzeak ez du zuzenean justizia soziala esan nahi, hori eragin egin behar baita, guztiontzako bizimodu duinaren aldeko politikak egitearen bidez. Eta hori da Gipuzkoan eta Erkidegoan egindako aukera: ekonomia lehiakorra eta orekatua bultzatu eta herriaren aberastasun-zati bat zerga bidez herriari itzuli, azkenekoak aintzat hartuz, eta guztiontzako zerbitzu publiko sendo bat antolatuz. Hau ez da nolanahiko aukera: gainera, bakearen aurpegietako bat da gizarte kohesioa eta herri eraikuntzaren zutabea ere. Amaitzen ez den lana da, eta horretan jarraitu behar dugu, erronka berriei helduz.

 

Hain zuzen ere, ez da nolanahiko desafioa azken aldiko migrazioa, sorlekua eta etxekoak utzita, bizimodu hobe baten bila datoz emakumeak eta gizonak. Euskadiko Erkidegoan eta Gipuzkoan biztanleen %13 t'erdi dira, eta Donostian %14 t'erdi (Eustat, 2024ko urtarrila). Denbora gutxian gertatu da hau; orain 25 urte Gipuzkoan 8.000 etorkin zeuden eta orain 100.000. Baina batzuek ikusi zuten zer zetorren: Migrazioaren Euskal Behatokia, "Ikuspegi", 2004an sortu zuen Jaurlaritzak.

 

Formazioa eta lana da pertsona horiek gizarteratzeko bide nagusia. Gureak ditugu integrazio-politikak eta horren adibide bat, Foru Aldundiak onartu berria duena: 400.000 euro Elkar-EKIN Lanean programan etorkinak kontratatzen dituzten enpresentzat. Pobreziari aurre eginez, urtean batez beste 700 enplegu sortu ditu 2016tik Elkar-EKIN Lanean foru programak, 700 pertsonarentzako bizibidea. Politika-eredu honek izen bat du: gizarte zuzena bilatzea, beharrean dagoenari laguntzea zuzena baita eta gizalegezkoa. Honek ere merezi du, eta lotsarik gabe esan behar dugu. Eta, aldi berean, erantzukizuna eskatu, herri laguntzak hartzeko eskubideak herriarekiko begirunea eta obligazioa duelako, aurrera ateratzen saiatzea, alegia.

 

Garapen handia, eta gaur egun ere adierazle onak. Eta hori guztia, Mendebaldean indarrean izan ditugun balio eta antolaketa handiak krisian daudenean.

 

Euskaltzaindiaren hiztegiak dio "zerbaiten bilakaeran gertatzen den une edo epe larria" dela krisia. Bagindoazen demokrazian barrena, bagindoazen giza eskubideetan babestuz -gorabeherak gorabehera, izan ere, giza eraikuntzak, baita demokrazia ere, ez dira eten gabe ajerik gabe garatzen-. Orain 23 urte, hemen bertan Batzar Nagusien Bilkura egin zenean, bagenituen arazo larriak, batzuk, zorionez, orain ez dauzkagunak. Baina munduko muturreko indarrek ez zuten halako indarrik, demokrazia krisian jartzeko lain ez behintzat. Orain harrotuta dabiltza eskuin eta ezker muturrak, eta elkar elikatzen. Krisiek, ordea, ez dute dena txarra. Oinarrietara begiratu eta jotzeko akuilua gertatzen dira krisialdiak, zer garen galdetzeko, nondik gatozen ikusteko eta nora goazen erabakitzeko.

 

Zeri heldu? Zertan oinarritu? Eta honi erantzutean, hasieran esan dudanaz ari naiz: identitateaz, zehazki euskal identitateaz. Izandakoaz eta, batez ere, izango garenaz. Identitatea etorkizuneko gaia delako, pentsatu eta erantzun beharrekoa zerk eragiten digun euskal nortasuna izatea.

 

Mila urte "Ipuscua" izena idatzita agertu zela. Ez gara oraingoak. Eta nola etorri gara ba honaino? Aipatu ditut gure egoeraren zertzelada batzuk. Ez dira kasualitatez sortuak, ekinez eta eraginez baizik. Nortasun baten arnasaz. Gero helduko diot euskarari, baina orain gure politikaren erroetan aurki daitezkeen euskal nortasun arrasto batzuk ekarri nahi ditut, herria eta demokrazia berritzeko aipagarriak, nire ustez.

 

Koldo Mitxelenak jakinduria handia zeukan gure Herriaz, eta gainera bazuen grazia gauzak zorrotz esateko. Honela dio:

 

"No creo que el saberme miembro de un pueblo pequeño y diferenciado me haya quitado nada (...). La adhesión a un grupo pequeño no es por necesidad exclusiva, y nunca debería serlo. (...) Ello afina nuestra sensibilidad para darnos cuenta de que también pertenecemos a círculos más amplios, como ha demostrado nuestro país a lo largo de todas las peripecias históricas". Y continúa Mitxelena: "No es universal quien quiere, sino quien puede, y el kilómetro cuadrado me parece una mala unidad para medir el grado de localismo en un mundo como el nuestro. Los vascos han tenido en el mundo una influencia que, aunque modesta, ha sido muy superior a lo que cabría esperar de su número". (1)

 

(1) "Ez dut uste herri txiki eta berezi batekoa naizela jakiteak ezer kendu didanik (...). Talde txiki bati atxikitzeak ez du itxia izan beharrik, eta ez luke inoiz izan behar. (...) Horrek biziago sentiarazten digu eremu zabalagokoak garela, gure herriak gertaera historiko guztietan erakutsi bezala." Eta eransten du: "Ez da unibertsala nahi duena, ahal duena baizik, eta kilometro karratua unitate txarra iruditzen zait txokokeria-maila neurtzeko gurea bezalako mundu honetan. Euskaldunek munduan izan duten eragina, apala izanik ere, beren kopuruari legokiokeena baino askoz ere handiagoa izan da."

 

Mitxelenaren ustez gutxienez bi gauza egin ditu herri honek jakingarriak direnak:

 

"Hemos producido por lo menos dos cosas interesantes: una es la Bascongada del siglo XVIII (...). La otra, más importante, puesto que permitió el nacimiento de la primera, es el modelo de vida colectiva, que se fue desarrollando al amparo de nuestras instituciones propias". (2)

 

(2) "Bascongada, Euskal Herriaren Adiskideen Elkartea, XVIII. mendean (...). Bestea, aurreko hori baino garrantzitsuagoa, aipatutako Elkartearen iturburua zelako: gure erakunde propioen babesean garatzen joan zen bizimodu kolektiboa da".

 

Berehalako emaitza balioesten den garaiak bizi ditugu eta, aldiz, gutxietsi egin ohi dira kultura eta historia. Modernoa izatea ez dago kontzientzia historikoaren aurka; are gutxiago munduari aurrera eragin dioten euskal balio historikoen aurka. Esango nuke kontzientzia historikorik gabe, modernismo alienatzaile batean erortzeko arriskua dagoela. Eta hau erronka politikoa da, nortasunarekin eta etorkizunarekin lotua. Gaur egun gure gazteak munduan zehar dabiltza ikasten edo lanean. Beharrezkoa da hegoak izatea, eta erroak ere bai. Bi pasarte aipatzera noa.

 

Batetik, ezaguna da arestian aipatutako gizarte berdintasun maila ez dela kasualitatez lortua, aspaldi-aspaldikoak direla bere sustraiak. Ez dugu ukatuko gure herrian ere izan ditugula gizarte-talde borrokak eta zoritxarrez zapalketa odoltsuak izanak garela iraganean eta herritar askok larrutik ordaindu zuela leinuen arteko gorrotoa. Ondo asko dakigu ez gaudela libre bidegabekeriatik. Baina badugu lur bat giza balioekin landua, mendeetako euskal berdintasunarekin moldatua, gure nortasunaren muina dena.

 

Esan beharrik ez dago Erdi Aroko giza eskubideak eta oraingoak ez direla gauza bera, baina esan daiteke gure herria aurreratua zela ingurukoen aldean, eta horrek arnasa ematen digula. Gai hau aztertu du Martin Ugaldek eta berak dio euskal berdinzaletasuna gure burua defenditzeko erantzuna izan zela: aurrena Erdi Aroko feudalismoak ezarri zuen banaketatik, gutxi batzuk jaunak eta gehienak jopuak edo bilauak; horren aurrean, euskaldunak gora jo zuen eta kapare izaera aitortu denei, berdintasunezkoa, ez jopu edo bilaua, ez esklabutza edo mendetasunezkoa.

 

Horrek eskubide batzuk zituen herri barruan eta kanpoan: euskaldunak ez zuen kanpoko zergarik ordaindu beharrik, inor atxilotzeko epailearen baimena behar zen, akusatua ez zegoen zigortzerik bere lekukotasuna entzun gabe, eta torturatzea foruaren aurkakoa zen. Aipatuta nago beste Bilkura batean euskal hargin bat atxilo hartu eta jipoitu zutenean Eskoriala eraikitzen ari ziren langileek, gehienak euskal harginak, lanari utzi ziotela eta estu hartu zutela alkatea, atxilotua askatu arte. Espainiako lehenbiziko greba euskaldunek egin zuten orain 500 urte, forua eta euskaldunen eskubideak urratzeagatik.

 

Euskal igualitarismoaren alde ez dute hemengoek bakarrik hitz egin. Humboldt jakintsuak gure herria ezagutu zuenean zera esan zuen orain 200 urte baino gehiago:

 

"Es la única tierra que he visto jamás en el que la cultura intelectual y moral sean verdaderamente populares, en las que las primeras y últimas clases de la sociedad no están separadas por una distancia inmensa, en la que las luces de las altas han penetrado, al menos hasta cierto punto, en las bajas, y que la honradez, la franqueza, el inocente candor de éstas no ha llegado a ser extraño a las altas". (3)

 

(3) "Ez dut inoiz beste lurralderik ikusi non kultura intelektuala eta morala egiazki herrikoiak diren; non gizarteko lehen eta azken klaseen artean ez dagoen leize handi bat; goi mailako jendearen argiak maila apaleko jendean sartu diren, neurri batera arte behintzat, eta jende xumearen zintzotasun, irekitasun eta xalotasuna ez zaizkien arrotzak handikiei".

 

Bigarren aipamena. Estatu Batuetan ikusi dugu "No Kings" mugimendua, Donald Trumpen agintea gaitzesteko. Ezagun dute ez dutela erregea balitz bezalako presidenterik nahi. Denbora asko ez dela erakusketa polit bat egon zen hementxe, Donostiako kaian, Euskal Itsas Museoan: "Euskal ekarpena Estatu Batuetako independentziari" zuen izenburua, eta argitaratu zuten liburuxkan atal bat dago "Euskal erakunde politikoak eta Estatu Batuetako Konstituzioa" izenekoa. Frantziako Iraultzaren atarian idatzi zuten Konstituzioa, Britainia Handiaren menpeko 13 koloniak errepublika demokratiko bilakatuz, independentzia lortu ondoren. Historia horretan izan zuen zerikusia Euskal Herriak. Museoko liburuxkan irakur daiteke John Adams, Konstituzio estatubatuarraren gurasoetako bat eta Washingtonen ondoren bigarren Presidente izan zena, Europara etorri zela "erregimen politiko desberdinak aztertzera, ea haien artean eraiki nahi zuten sistema eredugarririk ba ote zegoen. Aurkitu zituzten gobernu sistemak multzo desberdinetan banatu zituzten, besteak beste, monarkia absolutuak, monarkia konstituzionalak eta beste. Haien arteko gutxi batzuk errepublika demokratiko bezala sailkatu zituzten, besteak beste San Marinoko Errepublika, Suitzako Grisoiak eta Bizkaia. Bizkaiko foruak eta sistema politikoa aztertu zituen eta Ameriketan sortu nahi zituzten erakundeentzako eredugarri zela iruditu zitzaion". Esan gabe doa Gipuzkoako foru eta batzar nagusiak eredu berekoak direla.

 

Alegia, herriaren gauzak herriak erabakitzea, errepublika demokratikoa eraikitzea aukeratu zuten, ez erregeak agintzea eta kondez eta dukez betetako gorteek. Gertaera historiko honen berri denok jakin behar genuke, gure nortasun politikoa daukagula jabetzeko. Azken batean, gure eskubide historikoak herri honen askatasun politikoa, soziala eta kulturala dira, herritarren borondate askearen bidez eguneratzen direnak.

 

Amaitzera noa, euskal identitate ezaugarri lehena eta azkena aipatuz: "Euskara da Euskal Herriaren ezaugarri nagusia eta bereizgarria. Hizkuntzarik gabe izenak berak galdu egiten du zentzua. Beraz, Euskal Herririk ez litzateke izango euskararik gabe (...); administratiboki existitu daiteke baina berezitasuna, kultura eta arima galduko lituzke". Hitz horiek ez dira nireak, makinak emanak dira, adimen artifizialeko aplikazio baten erantzuna dira Euskal Herria euskararik gabe posible den galdetuta.

 

Azken teknologiak erabiltzen du euskara, besteak beste, batzuek ikusi zutelako euskarak, iraungo bazuen, euskara batua behar zuela. Idazteko, jendaurrean hizkuntza jasoan aritzeko, eta orain adimen artifiziala erabiltzeko. Inkesta soziolinguistikoek erakusten dute hori dela herritar gehienen nahia, euskara sustatzea. Ardura politikoa dugunok euskaraz egiteko eskubidea sendotu behar dugu legearen babesaz eta euskalduntzen ari den herria errespetatuz. Duela egun batzuk Jon Sarasuak Batzar Nagusietan zioen euskarari dagokion politikan orain arte egindakoa aintzat hartu eta aurrerako bidea aztertzea ere. Euskaltzaindiako Gogoetagunea koordinatzen duenarentzat ona litzateke "ahalik eta adostasun handiena lortzea eta euskara arma politiko gisa ez erabiltzea". "Elkarrekin asko hitz egiteko" deia luzatu zigun, Euskaltzaindiaren eta gainerako jakintzen ekarpenak eskainiz. "Lur honetan hizkuntza asko ditugu baina euskarak lur hau bakarrik dauka", ohartarazi zuen.

 

Ados nago kulturgintzan ahots propioa duen Jon Sarasuarekin, eta gogoeta horri helduz bukatuko dut: aniztasunaren garaian herri batean bizi gara, lehendik hemen gaudenak eta orain etorri datozenak. Lehen aipatu dut lanak gizarteratzen duela etorkina, eta orain erantsiko dut euskarak bertakotzen duela herri honetan. Kanpotik datozen haur eta gaztetxoak eskolan hasi orduko, euskaran murgiltzen dituen programa bat du Hezkuntza Sailak 2021etik. Urtebeteren buruan entzutekoa da nola egiten duten euskaraz Honduras, Mongolia, Nikaragua eta hainbat lekutatik etorritako neska-mutilek! Itxaropena ematen du.

 

Orain 40 urte euskara biziberritzeko politikak hasi zituztenek bazuten fedea; gizarte berdintasunerako neurriak hartu zituztenek, ekonomia berpizteko eta lanpostu onak sortzeko lan egin zutenek, bazuten esperantza; Euskadiko autogobernua eta erakundeak bakea eta demokrazia defendituz jaso zituztenek, bazuten uste ona herriarekiko. Ez zuten hutsetik egin, mendez mende iraun zuten nortasun ezaugarriez jabetzen ziren eta askatasunean antolatutako bizimoduaz eta foru erakundeez, eta nola ez, euskarak ematen zien nortasunaz. Hor daukagu hori guztia, XXI. mende laurdena beteta, erronka berrietarako eguneratu eta estatus politiko berri bihurtzeko. Erabil dezagun.

 

Horrela bada, datorren urteko Batzar Nagusi Ibiltaria deitzen dut, Hernanin, uztailaren 2an. Egun ona izan guztiok, eta arnasberritu gaitezela udako atseden aldian. Milesker guztioi eta batez ere Donostiako Alkateari eta udalari.

 

 

Xabier Ezeizabarrena Saenz

Gipuzkoako Batzar Nagusietako lehendakaria

Arrasate, 2025ko uztailaren 2an

 

 


ORRI-OINA:

Orri honen hasierara joan.