AYUDAS A LA NAVEGACIÓN:

Saltar al contenido.

Saltar al menú.

Agenda parlamentaria.

Iniciativas parlamentarias.



BUSCADORES

Desplegar menú Mostrar buscador

Ciudadanía


RUTA DE ACCESO A LA PÁGINA ACTUAL



CONTENIDO PRINCIPAL DE LA PÁGINA

Discurso del Alcalde de Hernani

Batzar Nagusietako lehendakaria, Ahaldun Nagusia; foru diputatu batzarkide Hernaniko udal ordezkariak, langileak eta gonbidatu guztiok: egun on eta ongi etorri Hernanira.

 

Azken asteetan ekitaldi garrantzitsuen lekuko izatea suertatu zaio gure herriari eta udaletxeko areto honi: ekainaren 20an Euskaltzaindiaren batzarra izan genuen eta, lehenengo aldiz, hernaniar bat euskaltzain oso izendatu zuten: Irene Arrarats Lizeaga. Ondoren, sanjoanak izan ditugu, eta herriko festei hasiera ere hementxe eman genien.

 

Eta gaur, hirugarren aldiz, Batzar Nagusien aro berriko Osoko Bilkura Solemne eta Ibiltaria Hernaniko udaletxean hartzeko ohorea dugu, une hau elkarrekin konpartitzekoa ez baitira egunerokoan aukera asko izaten.

 

Lehenengo aldiz, 1980an izan zen Hernani Gipuzkoako Batzar Nagusien lekuko, ehun urteren ondoren, Gipuzkoarrok gure berezko erakundeak berreskuratuta, aro berriko hirugarren saioa hartu baikenuen gure herrian.

 

Bigarren aldiz, 2003an izan zen. Garai nahasiagoak ziren haiek: alderdi batzuen legez kanporatzea; herritarren ordezkaritza mugatua eta ez zuten islatzen ez hernaniarren ezta gipuzkoarren errealitatea. Zorionez, eta behar den moduan, gaur, hemen, Hernaniko zein Gipuzkoako herritarrek libreki aukeratutako ordezkariak gaude, gure herrikideak ordezkatzen.

 

Nolabait Gipuzkoa osoa dagoela irudikatuta gaur hemen esan dezakegu: gure eskualdearen ordezkari zuzen zareten 17 batzarkideak, eta Gipuzkoako gainerako lurraldeak ordezkatzen dituzuen 34 batzarkideak zarete horren erakusgarri.

 

Hernani berak ere, bere txikian, Gipuzkoa bera islatzen du, gure lurraldearen ezaugarrietako asko gure herriaren ezaugarri ere bai baitira: Hernani bada hiri industrial bat, garapen teknologikoan aurrera egiten ari dena, baina baita ere lehenengo sektorearekin lotura estua duena eta hori ez dugu ahaztu nahi. Lehen sektorea errekonozitu eta lehen lerroan jarri nahi dugu. Hernani bada bere kultura eta hizkuntza maite dituen herri bat eta mantendu nahi duena; bere sustraiez eta ohiturez harro dagoena, eta sustrai horietatik abiatuta, garaietara egokitzen ari dena.

 

Hernani bada euskaraz bizi den herria, hala diote herri sarreretako kartelek. Baina ez da horretara mugatzen, euskalgintzako eragile zein hizkuntza politika ausartak dituen herria da, euskaraz bizitzeko ahalegina egiten duena, baina harrera herria ere bada, bestelako jatorritako herritarrei harrera egiten diena eta haien hizkuntzekin ere elkarbizi direna; euskara eta harrera elkarren eskutik baitoaz, nahiz eta kontrakoa sinestarazi nahi diguten.

 

Hernani bada inguruko herriekin etengabeko harremanean garatzen ari dena.

 

Hein handi batean, Hernaniren erronkak ez dira Gipuzkoak dituenetik hain ezberdinak: etxebizitza; zaintza; euskara; kulturartekotasuna; trantsizio ekosoziala, feminismoa... Eta horri guztiari erantzuten ari gara beste erakundeekin batera eta batez ere komunitatearekin batera, burujabetza landuz eta aitzindariak diren politika publikoekin tresnak eta zerbitzuak sortuz kulturartekotasunari harrera egiteko; adinekoen zaintza hobetzeko; trantsizio ekologikoan pausoak emateko; politika feministei zentralitatea emateko....

 

Gure herria asko aldatu da hamarkadetan eta oraindik ere aldatzen ari da. Hala ere, nostalgian eta geldotasunean erori gabe, etorkizunera begira bizi gara, etorkizunerako nahi dugun herria egunero lantzen. Lanketa horretan gure aurrekoek egindako lanari esker ari gara. Puntu honetan aipamen berezia egin nahiko nieke, aurten 50. urteurrena dugun honetan, 1976an Alkateen Mugimendua bezala ezagun egin zen taldea osatu zuten Euskal Herriko ordezkariak. Euskal Herriaren nortasun nazionala, eskubide historikoak, udal tradizio demokratikoa eta autogobernurako nahia aldarrikatzeko elkartu ziren. 50 urte pasa dira ordutik eta oraindik-orain aldarrikapen haiek gaurkotasun osoa dute. Udalerriek euskal Herriaren historian izan duten eginkizun politiko eta instituzionala funtsezkoa izan da. Egun ere udal erakundeek herritarren borondate demokratikoaren adierazpen hurbilena izaten jarraitzen dute.

 

Izaera horrekin erronka berriei erantzun beharrean gaude eta erronka horiei erantzun baikor bat emateko Euskal Herriaren ahotsak bere lekua behar du.

 

Batzar Nagusiak ere erakunde historiko baina etorkizunera begirako Gipuzkoa lantzeko zereginarekin. Udalak, Batzar Nagusiak, Aldundia. Elkarlanean aritzea dagokigu herriaren garapenaren eta batez ere herritarren ongizatearen alde lanean. Hori da funtzio publikoaren muina, izan ordezkari politiko zein langile. Gure egunerokoan ezin dugu hori bistatik galdu. Gainontzean ez baikara leku egokian egongo.

 

Gure erakunde propioekin, irudikatzen dugun etorkizuneko lurraldea landu eta sortzen dugu. Izan ere, kanpoko inferentziarik gabe eraiki nahi dugu gure etorkizuna, gure erabakiak hartuz, gure burujabetza indartuz.

 

Hain justu ere, hemen gauden guztiok badugu ameslaritik ere. Izan ere, politika egitea, herria egitea, lurraldea egitea, amesteko modu bat da. Herri bezala ditugun erronkei elkarren indarrak batuz erantzuten badiegu, ziur amesten dugun gizarte, Hernani, Gipuzkoa eta Euskal Herri justuagoa, berdinzaleagoa, euskaldunagoa eta hobea hurbilago izango dugula.

 

 


PIE DE PÁGINA:

Ir a inicio de esta página.