AYUDAS A LA NAVEGACIÓN:

Saltar al contenido.

Saltar al menú.

Agenda parlamentaria.

Iniciativas parlamentarias.



BUSCADORES

Desplegar menú Mostrar buscador

Ciudadanía


RUTA DE ACCESO A LA PÁGINA ACTUAL



CONTENIDO PRINCIPAL DE LA PÁGINA

Discurso del Presidente de Juntas Generales en la Sesión Plenaria Itinerante

 

Gipuzkoako diputatu nagusi andrea, Eider Mendoza,

Hernaniko alkate jauna, Xabier Lertxundi,

Batzarkide, diputatu eta zinegotzi jaun-andreak,

Egun on guztioi.

Eskerrik asko Hernaniko udalbatzari Gipuzkoako Batzar Nagusiak hartzeagatik, 23 urteren buruan itzuli baikara Bilkura Ibiltaria egitera, ohitura zaharra berrituz.

Eta alkate jaun Xabier Lertxundi, lehenik zuri dagokizu hitza. Aurrera.

...

 

Eskerrik asko.

 

Aurki ikusiko dugu, Bergaran, 1976an egin zen Alkate Mugimenduaren oroitzapena, iraganetik etorkizunera begiratzen duena. Eta nola gogoratuko duten foru-abolizioa ez zela herriak nahi zuena. Horregatik, Foruak kendu zituztela, baina ez zutela Herri hau desegin, ez euskara ezabatu, ez herriaren memoria itzali. Azken batean, ez zutela gure herriaren izateko borondatea hautsi.

 

Frantziako Iraultzak "berdindu" nahi izan zituen bazterrak, Euskal Herriko askatasunak birrinduz. Eta Parisen atzetik Madril. 1876ko uztailaren 21ean Foruen deuseztapena. Ia 40 urte lehenago, Gipuzkoa, Bizkaia, Araba eta Nafarroako "Foruak berretsi" zituzten Espainiako Gorteek, baina... "erregetzaren batasun konstituzionalaren kaltetan ez" izatekotan. 1839ko urriaren 25a zen agindu hura eman zenean, euskal foruei lehen kolpea -ez zen kasualitatez aukeratu egun bera, urriaren 25a, Gernikako Estatutuaren erreferenduma egiteko, 1979an, frankismo ondoren-. Talka agerikoa zen. Hain agerikoa ere, bi gerra karlista, makur askoak, jasandako herria bere legedi propio gabe geratu baitzen, eta Canovasen hitzak memorian iltzatuta: "Cuando la fuerza causa estado, la fuerza es el Derecho".

 

Hala ere, hemen gaude. Foru-espirituaren defentsarekin, eta eskubide historikoekin, Euskal Herriko autonomia politikoa antolatzeko heldulekua eta autogobernua berritzeko funtsa, Gipuzkoa, Bizkaia eta Araba elkartzen dituen egituran, eta Nafarroa betiere elkartzeko bidea irekita. Batez ere gure burua gobernatzeko helburuarekin, gure Herriak inoiz uko egin ez dien bere eskubideak eguneratuz.

 

Ez da oraingo auzia. Gizon handi bat datorkigu pare-parera: Manuel Larramendi. Bere eskutik egingo dut gaurko saioa. Andoaindarra dugu Manuel Larramendi, Garagorri baserrian jaioa. Domingo Garagorri zuen aita; ama, berriz, hernaniarra, Manuela Larramendi. Txikitan Hernanira bizitzera etorriak, hernaniarrek Larramendi deitzen zioten, amaren abizenaz. Eta huraxe hartu zuen Manuel Larramendik, jesuita joan zenean.

 

Patxi Altuna euskaltzainak dio "euskaldun berria ez, baina bai euskaldun berritua", zela "El Imposible vencido" eta lehen Hiztegiaren egilea -euskara, gaztelania eta latinezko hiztegia Gipuzkoako Probintziak "oso eta oro ordaindu ziona"-. Hau ez da hutsaren hurrengoa, adituek dioetenez, XVIII. mendean, Ilustrazio aldian, oso garrantzitsua zen hizkuntzaren gramatika eta hiztegia egitea, hizkuntzaren osperako eta duintzat hartua izateko. Etxeparek euskara "ezin inprima" zitekeela gezurra zela "forogatu" zien eran, euskarak ez zuela egiturarik ziotenei, "ezina egina" erakutsi zien Larramendik. Eta behar zuen prestigioa eman zizkion euskarari. Berebiziko eragina du Larramendik. Koldo Mitxelenak euskal kulturaren bigarren mugarritzat dauka -lehena Axular, Larramendi ondoren Jose Manterola donostiarra, eta laugarren mugarriak Sabino Arana eta Azkue, Mitxelenak dioenez-.

 

Euskararen aurkako oldarrak gogortzen ari zirenean, euskara ezagutu ez eta onartu are gutxiago egiten zutenei aurre egin zien jesuita andoaindarrak. Gartsu defenditu zuen euskara eta zorrotz erantzun zuen, bertakoen utzikeria uxatzeko edo aienatzeko, "gure hizkuntza ederra galtzen diguten hitz-jario motel txarrak" zokoratzera deituz. Euskarari buruz, Larramendirentzat erabakigarria da "elkar hartzea" Frantzia eta Espainiaren aurrean, eta elkarketa faltak dakartzan "kalteak eta gaitzak" ez ikusteak ematen dio berari "min garratzena".

 

Batasunerako deia, beraz, euskara bultzatzeko. Euskara hutsaltzeko indarrek zuztar luzeak dituela ikusten dugu, baita euskal kontzientziaren erroak ere, herrian itsatsiak. Euskaldunek elkar hartzea giltzarria zela igarri zion Larramendik. Erkidego honetan ofizialtasuna du euskarak, herritarrak euskalduntzeko. Baina ez da frenorik falta. Gai handia da euskara Euskadin. Elkar hartzeko garaia da Gipuzkoan eta gure herrian euskara ziurtatzeko.

 

Bestetik, Loiolan idatzitako lan eskergan, bada bat, Gipuzkoako Foruen defentsan idatzia, Borboi monarkia foruak eta askatasuna zapaltzen ikusita. Edo, adibidez, bere "Gipuzkoako Korografian" (1882, 83. or): "Este fuero de Gipuzkoa no tiene otro origen que el de su primera población. No procede de alguna concesión y favor humano. Antes que Castilla y Navarra tuviesen reyes gozaba Guipúzcoa de este fuero primitivo".

 

Bere garaiko Batzar Nagusiei buruz ere idatzi zuen Larramendik (1882, pág. 91): "Las juntas son siempre a puerta cerrada: están prohibidas las fiestas de toros durante las juntas, aunque no otras diversiones de danzas, pelota y bueyes enmaromados. Prohibido está el que se dé de comer a medio día a los junteros; pero no por eso se ahorra el gasto, pues se van trasladando a refrescos ostentosos por las tardes, aunque hay en esto su más y su menos, según es la diferencia de las repúblicas, más o menos acomodadas, y más o menos bizarros sus cargohabientes".

 

Eta jarraitu egiten du beste testu batean: "El abandono injusto de Castilla nos ha puesto en estado de mirar por nuestra subsistencia y libertad; ni parecerá extraño que nos valgamos de ella para dar un gran pesar a Castilla y otro a Francia, en desquite de los daños que nos han causado. Las Provincias de Labort, Zuberoa y Baja Navarra lloran sepultadas recientemente sus libertades, derechos y posesión antiquísima, a violencias injustas del poder. El Señorío de Bizkaya gime también bajo el yugo que le están poniendo como a nosotros. Solicitemos a unos y a otros y nos llamaremos las Provincias Unidas del Pirineo".

 

Tiempo atrás, el viejo reino de Navarra también nos deja alguna nota curiosa sobre la igualdad. Nos relata Alison Weir, en su libro sobre la reina Leonor de Aquitania, que la primera soberana inglesa que firmó documentos oficiales de su puño y letra fue Joana de Navarra, nada menos que en el Siglo XV (A. Weir, "Eleonor of Aquitaine", London, 2000, pág. 133).

 

Larramendi akuilu, aitzindari izan zela aitortzen dute historialari eta hizkuntzalariek. Foruen gainbehera hasia zelarik, erantzun egiten du: "Gaztelak bidegabeki abandonatu gaitu eta horrek gure iraupen eta askatasuna bilatzea garamatza". Handik mende batera, foruen ezabaketa eta Canovasen hitzak: "indarrak egoera bat sortzen duenean, indarra lege".

 

Canovasen hitz haietan XXI. mendean itzultzen ari den indarraren araberako mundua aurkitzen dugu. Euskal Foruen baliogabetzea bi gerrate karlisten buruan egin zen. Indartsuaren boterea, ez eskubidezko agintea.

 

Es cierto que nuestros Derechos Históricos nacieron en el pasado pero no son una mera apelación a la historia. Buscan su proyección hacia el futuro y podemos actualizarlos mirando a la UE. Son derechos de nuestros territorios históricos, pero también de cada una de las personas que componemos nuestro pueblo a ambos lados del Pirineo, desde el Adour hasta el Ebro. Así lo recoge el Estatuto de Gernika (1979) y el Amejoramiento navarro (1982).

 

Disp. Adic. 1ª, Estatuto de Gernika (1979): "La aceptación del régimen de autonomía que se establece en el presente Estatuto no implica renuncia del Pueblo Vasco a los derechos que como tal le hubieran podido corresponder en virtud de su historia, que podrán ser actualizados de acuerdo con lo que establezca el ordenamiento jurídico".

 

Irakurri eta bermatu ditzagun indarrean dauden testu juridikoak, baina oso-osorik. Zatikako irakurketak ez dira zilegi. Eta XIX. mendeko hura gaitzetsi egiten dugu XXI. mendean.

 

Baita ere jakina, beste esparru batean, Trump eta Putin, Netanyahu eta ayatolen erregimenen bortxazko agintekeria salatu behar dugu denon artean. Canovasen ikuskera berak mugitzen ditu: indartsuaren legeak eta Estaturen arrazoiak. Ez eskubidean oinarritutako legeak, indartsuaren boterean baizik. Ez bakean eta demokrazian eraikitzen den aginteak, gerran eta zapalketan oinarritzen den botereak baizik. Euskadin, badakigu irteerarik gabeko bideetan sartzen gaituela armen dinamikak, bizitzeko eskubidea urratzetik herrien bakea eta askapena oztopatzeraino. Ezetz esan genion indarkeriari eta orain ere bai gerrari, ez Ukrainan, ez Palestinan, ez Israelen ez Iranen. Ez beste inon.

 

Erronka handiak ditugula jabetuta gaude: gerrateek eta klima aldaketak eragiten dituzten krisiak; bestetik, Europan eta gurean ere bai, belaunaldi zabal bat zahartzen ari da eta berri bat dator, asko eta asko kanpotik. Euskadi honetan herri bat daukagu egiteko, guztiok bateratuta bizitzeko. Eginkizun honetara ez gatoz hutsetik. Euskadiri buruz hitz egiten dugunean, azken hamarkadetako aurrerakadak ageri zaizkigu. Hau gaur egun. Eta iraganean? Hara Larramendi berriro, Gipuzkoako herriei buruz:

 

"están las calles aseadas y limpias, no indecentes, asquerosas y fétidas, ni el que va de noche por las calles tiene que temer el "agua va" que las deja apestadas".

 

Orain hiru mendeko erretratua egiten jarraitzen du, Gipuzkoako Corografian: "En todos los pueblos hay escuela de niños y casa destinada para enseñarles a leer, escribir y contar y la doctrina cristiana, y maestros asalariados. En las más de las villas hay médicos, barberos, cirujanos, boticas y boticarios. Hay hospitales, más o menos acomodados".

 

Ez gara gaur jaioak, ez. Altzon esan nuen adimen artifizialaren aroan, onerako erabil daitekeela aurrerapen hori, datuak ikaragarri azkar kudeatzeko gai dena. Baina giza adimena datuak baino gehiago dela erantsi nuen: "Adimen artifizialak funtsezko giza alderdiak falta ditu: gorputza, bihotza eta pentsamendu kritikoa, erabakimena, giza harremanak... Ez dago adimen artifizialik giza jakinduria hori ordezkatuko duenik". Ezta herri-jakinduria eraikitzeko ere. Mendez mendeko euskal kulturan ageri diren osagai mardulak, aspalditik ditugu bultzaka, barru-barrutik. Aldaketa ordu handi honetan, ez ote ditugu berrituko berritzea merezi dutenak, patxadaz aztertuz, zentzuz aukeratuz eta euskal sormenaz eguneratuz? Edo, bestela, berreskuratu dezagun Victor Hugoren lan erromantikoa, kasualitatez "Hernani" izena duena, Parisen 1830an lehen saioa eman zuelarik.

 

Izateko eta jokatzeko modu bat behar dugu, euskararekin euskal nortasun bat. Izanak ez du ziurtatzen izandakoa geroan ere izango dela. Ziurtatzen duena da ezaugarri batzuk gure baitatik sortuak direla eta gure bizimodua antolatzeko. Izan ere, geuk eman dizkiogula gure buruari, ez direla bestek guri emanak. Gipuzkoan euskal balioak ditugu, eta nortasun horretan iraun dugu euskal gizon-emakume eta euskal herri gisa: euskara, euskal lotura berezia eta herri-iraupenerako eragile berdingabea. Hona berriro zorioneko Irulegi, Nafarroako bihotzean, duela 2000 urte aitzin-euskaraz idatzitakoak.

 

Batuko gaituzten balioak behar ditugu. Berezitasun aberasgarriak ezabatzen dituen uniformizazioa ezarri gabe, eta, aldi berean, aniztasunean, indibidualismoan eta taldekerian sakabanatu gabe. Elkar ezagutzen lagunduko diguten balioak behar ditugu Euskadin, gipuzkoar euskaldun garela esan dezagun XXI. mendean.

 

Legealdiko azken Bilkura Ibiltaria amaitzen ari gara.

 

Legealdi honetan berretsi dugu elkarrizketa baliotsua dela politika eraikitzailea egiten denean: emankorra gertatzen da. Beharra eta nahia uztarturik, ahal izatea sor daiteke elkarrizketatik, negoziaketako aldeen mugak eta aukerak zein diren jabetuz. Hor ditugu bi aurrekontu onartuta, erreforma fiskala, toki entitate txikien arau-berritzea, mundu mailako krisiei erantzuteko neurriak eta beste akordio batzuk, adostasun zabalekoak eta baita aho batezkoak ere. Politika egiteko era heldu bat da. Inoiz ez erraza, baina beti beharrezkoa herritarren ona bilatzeko.

 

Aldi berean, Euskadin gehiegitan jasan dugu akordio handietatik kanpo geratzeko erabaki politikoa. Iraganekoa da hori, batetik, politika zaharra, eta bestetik, betoen eta inposaketen politika txarra. Gatazken politika itoa. Foruen deuseztapena gogoratzea ez da ariketa historiko soil bat, ariketa politikoa baizik. Akatsak ez errepikatzera deitzen gaitu eta, benetako elkarrizketaren bidez, konponbidea emango duen gure eskubide historikoen eguneraketaren beharra gogoan hartzera, batez ere Europari begira. Herri honek bere burua gobernatzeko eredu berri bat behar du, menpekotasun zentralistarik gabe, herri ikuspegiarekin, herritarrei hitza eman eta Euskadiren erabakia bideratuz. Demokrazia duin bat izateko.

 

Badakigu hauteskunde-atariak ez duela erraz zabaltzen akordioen atea, baina beharraren eta ahalaren artean, borondatea dago. Gida dezala gure politika gipuzkoarren onak, Gipuzkoak eta Euskadik behar dutenari erantzuteko borondatez. Larramendiren "ezina egina" egia izateko itxaropenarekin XXI. mendean ere.

 

Beraz ba, hurrengo hitzordua jartzea geratzen zait. Batzar Nagusiak berrituta elkartuko dira 2027ko Bilkura Ibiltarian. Elgoibarren batzarra deitzen dut, datorren urteko uztailaren 2rako.

 

Milesker Hernaniko Udalari eta herriari zuen harreragatik, uda ona igaro eta ondo izan!

 

 

Xabier Ezeizabarrena Saenz

Gipuzkoako Batzar Nagusietako lehendakaria

Hernani, 2026ko uztailaren 2an

 

 


PIE DE PÁGINA:

Ir a inicio de esta página.