ARAKATZEKO LAGUNTZAK:

Edukira joan zuzenean.

Menura joan zuzenean.

Batzar Nagusien agenda.

Batzar Nagusietako ekimenak.



BILATZAILEAK

Menua ireki Bilatzailea erakutsi

Herritarrak


ORRI HONEN BIDE-IZENA



ORRIAREN EDUKI NAGUSIA

Azkoitia eta Batzar Berezien arteko lotura

 

Batzar Bereziak Azkoitian
Basarteko Santa Krutz

Juan Bautista Mendizabal
Víctor J. Herrero

 

Gipuzkoako Lurralde Historikoko antolamendu politikoa Batzarretan oinarritzen da. Probintziako gobernuaren adierazgarri nagusia da erakunde hori, eta XIV. mendearen amaiera aldetik existitzen da. 1876 arte iraun zuen, foruak indargabetu zituzten arte. Ehun urte baino gehiago igaro zirela, 1979an sartu zen indarrean berriz, bete-betean, eta, gaur egun, Gipuzkoako Lurralde Historikoa eratzen duten hiribilduetako ordezkarien edo prokuradoreen bileren adierazle administratiboa da.

 

Gipuzkoako udalerrien borondatea adierazten zuten Batzarrek, eta bi bilera mota egiten zituzten: batzar nagusiak eta batzar bereziak. 1472an arautu zuten batzar nagusien funtzionamendua, bilerak egiteko garaiei eta lekuei zegokienez.

"E estas Juntas Generales son en cada anno dos, commo dicho es, e se han de començar e juntar en esta manera; la una a treze dias despues de Todos (los) Santos, e la otra a treze dias despues de Pascua de Resurreçion, e cada una a de durar veynte e çinco dias..."

 

Batzar bereziak, berriz, ez zituzten garai jakin batean egiten, arrazoi bakarra baitzegoen batzar berezietara deitzeko: batzar nagusi baten eta hurrengoaren artean jazotzen ziren ohiz kanpoko gaiak. Hain zuzen ere, Nueva Recopilación de los Fueros de Gipuzkoa liburuak 1696an zioenez, hauek lantzeko biltzen ziren:

"Negoçios gravísimos y de mucha importancia al servicio de su Majestad y a la utilidad y conservaçion de la Provincia y de su Hermandad."

 

Funtsean, hauek ziren arrazoiok: heriotza, errege-erreginen agindua eta segurtasun publiko falta (ordena nahastea edo gerra pizteko arriskua).

 

Kide anitzeko organoak ziren batzar bereziak, eta hurrengo batzar nagusietan haien erabakiak berrikusi behar zituzten. Bestalde, batzar berezietara deitzen zutenek (bai hiribilduek, bai partikularrek) ordaindu behar zituzten deialdiaren ondoriozko gastuak. Horixe zehazten du foru-koadernoko V. tituluko bosgarren kapituluak:

"Ordenamos e mandamos que si algunas villas o colaciones o alcaldías de esta Provincia, o qualquier de ellas,o otras qualesquier personas por su interes fiçieren llamamiento por qualquier causa e razon que sea, que la tal villa ... o persona singular, que fiçiere el tal llamamiento sea tenudo de forneçer ... toda la costa que en el tal llamamiento fuere necesario ... hasta la Junta General primera que se hubiere de façer."

 

Batzar bereziak egiteko lekuak, berriz, argi eta garbi araututa zeuden, eta Usarragako zelaiak (Bidania) eta Basartekoak (Azkoitia) aukeratu zituzten. Horren lekuko da 1457ko ordenantzen 36. kapitulua:

"Por ende que qualquier conçejo o personas singulares de la dicha provinçia, u otros señores o persona singular de la provincia, que sean tenidos de façer los dichos llamamientos a Usarraga o a Basarte, a qualquier de ellos, e non a otra villa o lugar".

 

Geroago, 1461ean, batzar bereziak Gipuzkoako edozein hiribildu edo lekutan egitea onartu zuten. Hala ere, pixka bat geroago, 1466 eta 1470 artean, ikusirik eguraldi txarrak bilerak egitea galarazten zuela eta batzarkideek azpimarratzen zutela bilerak aipatutako zelaietan egin behar zirela, batzarrak Bidaniko San Bartolome elizan egiteko baimena eman zuten,

"e quando se fiçieren para Vasarte se puedan faser en Santa Maria de Olas o en Santa Crus en Ayscoitia"

 

Gai zailak aztertzen zituzten batzar berezietan, eta, antza, haiei buruzko erabakiek eta akordioek ahalik eta adostasun handiena lortzea zen batzar bereziak leku horietan egin behar zirela azpimarratzeko gakoa. Horretarako, hiribilduen adostasunaz gain, beharrezkoa zen erabakien eta akordioen zuzeneko eraginaren pean zeuden Gipuzkoako ahaide nagusien onespena. Aipatutako lekuak Gipuzkoaren erdialdean eta hiribilduen jurisdikziotik urrun zeuden, eta, horri esker, oinaztarren eta ganboatarren leinuak ere joaten ziren bileretara, Funtsezkoa zen hori aro modernoaren hasieran, hiribilduek nagusi izan nahi baitzuten koroarekiko harremanetan. Horri buruzkoa da 1461ean Donostian egin zuten batzar nagusian ezarritako ordenantza:

"Por que los dichos lugares de Vasarte e Usarraga son en to medio de la Provinçia, porque los de los linajes e bandos que solian ser de Onnas e Ganboa pudiesen benir seguramente a los dichos logares".

 

Dakigunez, 1700 arteko batzar bereziak leku horietan egin zituzten funtsean. 1700. urtean, berriz, hiribilduen barnean egiten hasi ziren. Bidaniko azken bilera 1700eko otsailaren 9an izan zen, eta urriaren 31koa Olatzen egin zuten. Azkoitiko Santa Kutz ermitan, berriz, 1685ean egin zuten azken batzarra.

 

Batzar berezietan landu zituzten gaiak dira Azkoitiko jurisdikzioan (lehenik, Basarteko zelaietan eta, ondoren, Santa Kutz ermitan) egindako batzar berezien garrantziaren adierazgarri. Bilera ugari egin zituzten, eta hauek nabarmenduko ditugu:

1478-01-14. Gipuzkoak erreginatzat onartu zuen Elisabet Katolikoa, hark Gipuzkoako Ermandadearen legeak eta ordenantzak berrestearen trukean (J.L. Orella Unzué: Libro viejo de Guipuzcoa, del bachiller Juan Marínez de Zaldivia, "Fuentes documentales medievales del País Vasco" bildumako 33. liburukia, Eusko Ikaskuntza).

1482-01-08. Gipuzkoako 29 arau idazten dira eta gero Medina del Campon erregearen oniritzia jaso zuten (J.L. Orella Unzué: Libro viejo de Guipuzcoa, del bachiller Juan Marínez de Zaldivia, "Fuentes documentales medievales del País Vasco" bildumako 34. liburukia, Eusko Ikaskuntza).

1498-06-19. Gipuzkoari gaizkileak atxilotzen zituztenak saritzeko baimena eman zion ordenantza (J.L. Orella Unzué: Libro viejo de Guipuzcoa, del bachiller Juan Marínez de Zaldivia, "Fuentes documentales medievales del País Vasco" bildumako 33. liburukia, Eusko Ikaskuntza).

1590-10-06. Batzar berezietako erregistroa. Ingalaterrako hornigaiak eta debekatutako beste zenbait gauza sartzea xedatzen du, saka-pribilegioaren kaltean
(L.M. Díez de Salazar Fernández eta M.R. Ayerbe Iribar: Juntas y Diputaciones de Gipuzkoa, XI. liburukia, Batzar Nagusiak eta Gipuzkoako Foru Aldundia, 146-150).

1597-01-03. Batzar berezietako erregistroa, Agramonteko kodeak Gipuzkoan sartu eta Hondarribia hartzeko ahaleginari eta beste xedapen militar batzuei buruzkoa
(L.M. Díez de Salazar Fernández eta M.R. Ayerbe Iribar: Juntas y Diputaciones de Gipuzkoa, XIII. liburukia, Batzar Nagusiak eta Gipuzkoako Foru Aldundia, 240-252).

 

 


ORRI-OINA:

Orri honen hasierara joan.