ARAKATZEKO LAGUNTZAK:

Edukira joan zuzenean.

Menura joan zuzenean.

Batzar Nagusien agenda.

Batzar Nagusietako ekimenak.



BILATZAILEAK

Menua ireki Bilatzailea erakutsi

Herritarrak


ORRI HONEN BIDE-IZENA



ORRIAREN EDUKI NAGUSIA

Batzar Nagusietako Lehendakariak osoko bilkura ibiltarian egin zuen hitzaldia

 

IRUN, Osoko Bilkura Ibiltaria, 2013-07-02

 

Irungo Alkate jauna, Ahaldun Nagusi jauna, foru-diputatuak, zinegotziak, batzarkideok, bertaratutako guztioi egun on eta eskerrik asko gure artean izateagatik.

 

Ohore handia da niretzat jarleku honetatik hitz egitea, izan ere, Batzar Nagusietako lehendakaritzat hautatua izan ez banintz, hemen emango nituzke nire lanorduak, Iruneko zinegotzi gisa.

 

Irun da nire herritako bat, bertan hazi naiz, eta hein handi batean bertako sentitzen naiz. Baina ez da nire herri bakarra. Euskal Herritar askori gertatzen zaiena gertatzen zait niri ere. Ama herri batekoa, aita beste batekoa, bitartean muga pasa behar, hemen hezi eta han bizi.

 

Herri guztietan sentitu naiz etxean, eta etxeko. Hain zuzen, sentimendu hori garatzen lagundu beharko lukete udaletxeek: zenbat aldiz igaro gara Udaletxe aurretik, zenbat jaitan egon gara udaletxeen parean, zenbat euritetan udaletxetako arkupetan babestu.

 

Udaletxea, edota Udala, da herritarrek gertuen sentitzen duten erakundea. Ezagutzen duten erakundea, konfiantza ematen dien erakundea, interesa sortzen dien erakundea; guztion eguneroko bizitzan txertatuta baitago. Eta Udala osatzen duten alkate zein zinegotziek herriak gaurko eta biharko dituen beharrak aztertu, hauek kudeatu eta erantzunak eman behar dituzte. Baita ere herriaren eta herritarren ordezkaritza lanak egin behar dituzte, bai herritarren aurrean, zein beste instituzioen aurrean ere.

 

Eta Udala izanik herritarren eskura dagoen erakundea, krisi garai hauetan nire buruari galdetzen diot, guraizea hartzerako orduan, zergatik jo nahi izan duten batzuk lehenbizi Udaletara . Zergatik beraien eskumen izan ez, baina hala ere betetzen dituzten zerbitzuak (euren artean gizarte ekintza) handitzen doan heinean, kudeatzen dituzten finantzak mehetzen dira? Krisi garaiaz hitz egiten dugu denbora guztian, baina krisitik haratago, politikari guztiek zuhurtziaz eta giza legez erabili behar ditugu herritarrek emandako ahalmenak. Ahalik eta zentzu gehienarekin xahutu, ahalik eta zerbitzu hoberena eskainiz. Hori ez da magia, hori kudeaketa ona egitea da, zintzotasunez jokatzea, eta herrien garapena eta bide ona ziurtatzea.

 

Baina badirudi beste instituzio batzuek, askotan arrotzegiak zaizkigunak, ez dituztela herrietako errealitate hauek ezagutzen, eta gure gainetik hartzen dituzte guri zuzenean eragiten dizkiguten erabakiak. Guri buruz ezer jakin gabe, diote ezin diegula gure langileei soldataren zati bat ordaindu, ezin dugula norbait kontratatu zerbitzu hobea eskaintzeko gure herriei, diote, eta hala legeztatu, diru apur bat aurrezten badugu, zorra ordaintzeko izan behar duela, eta ez herriaren ongizatean inbertitzeko, kontuan hartu gabe horretarako zein den gure herriaren zorpetzea. Eta hori guztiarekin batera, orain diote, erakunde asko soberan daudela; erakundeen eskumenak bikoizten direla, eta hauetakoren bat desagertzekotan, herritarrengandik gertuen dauden erakundeak izan behar dutela, hots, udalak izan behar dutela. Eta honekin lortuko den gauza bakarra, epe motzera, erabakiak herritarrengandik geroz eta gehiago urruntzea izango da.

 

Udal finantzaketaren legea, Lurralde Historikoen Legea, eta azken finean Euskal autogobernua kolokan jartzen ari dira gurekin kontatu gabe. Azterketa sakona egin behar dugu, GUZTION ARTEAN, gai honi guztion gustukoa izango den erantzuna emateko, hemendik emateko eta hemengo errealitateari erantzuteko. Ez da erraza izango; are gehiago esango dut: zaila da, kostatuko zaigu. Pazientzia, adimen eta argitasuna eta negoziatzeko gaitasuna beharko dugu. Baina kontsentsu hori beharrezkoa zaigu; beharrezkoa zaio herri honi. Finean, herri hau hemen gaudenok konpondu behar baitugu, eta barrutik egin behar dugu lan hori, kanpotik ez baitituzte gure beharrak eta interesak ulertu edo errespetatuko.

 

Lan txukuna egiten baldin badugu, garbia, denon partaidetzarekin, egun herritarrek politikoekiko duten irudia aldatze bidean jarriko genuke. Kudeaketa ona egin behar dugu, herritarrekin batera lan eginez, erakundeen arteko batasuna erakutsiz, alderdi eta instituzioen arteko elkarlana bultzatuz. Hori da indartsu egingo gaituena, eta hori da gure herritarren ahotsa gardenen adieraziko duen bozgorailurako bidea.

 

Azkenik, historia garaikideari errepaso bat egin nahi diot, ezin baitugu ahaztu nondik gatozen Batzar Nagusi hauek nondik datozen. Herrien eta bailaren arteko batasun beharretik sortu ziren Batzar Nagusiak. Herrietatik gaindi egongo zen erakunde bat, batzar horietan hartutako erabakia errespetatu eta errespetarazi egingo zuena.

 

Batzarre eta Bilera horietako ordezkariak 1392tik biltzen gara, Gipuzkoako herriei, eta Gipuzkoako herriari ardura zaizkion gaiak eztabaidatzeko. Baina orain dela oso gutxira arte, ordezkari guzti horiek gizonezkoak ziren soilik.

 

1990. urtean izan zen Batzar Nagusiak azkenekoz Irunera etorri ziren urtea. 23 urte igaro dira, tradiziozko zerrenda zahar horretan agertzen diren herri kopurua bezain bat urte. Eta orain dela 23 urteko argazkiak ikusten nengoela, Mahaikide eta Diputatu guztien artean, emakume bakarra zegoela ohartu nintzen. Euzkadiko Ezkerrako Marisol Erauskin Etxenike anderea, urte horretan bertan, 1990eko martxoan, gizon bat ordeztu zuena. Eta 23 urte ondoren, erabat aldatu da argazki hori. Mahaikide eta Diputatuen artean, emakume eta gizonen arteko parekidetasun sanoa lortu da. Politika, herrigintza, emakume eta gizonen artean egitea lortu dugu, eta argi dago, askoz ere aberasgarriagoa, beteagoa eta errealagoak direla gure erakundeak orain. Espero dut bada, erakundeetan lortu dugun berdintasun hori, hain beharrezko eta normala den berdintasun hori, pareta hauetatik kanpo, alor guztietan, berandu baino lehen ematea, herriarentzako, lurraldearentzako eta aberri osoarentzako mesedegarri, osasuntsu eta beharrezkoa delako.

 

Eskerrik asko guztioi, eta besterik gabe, eguneko gai zerrendarekin hasiko gara.

 

 


ORRI-OINA:

Orri honen hasierara joan.