ARAKATZEKO LAGUNTZAK:

Edukira joan zuzenean.

Menura joan zuzenean.

Batzar Nagusien agenda.

Batzar Nagusietako ekimenak.



BILATZAILEAK

Menua ireki Bilatzailea erakutsi

Herritarrak


ORRI HONEN BIDE-IZENA



ORRIAREN EDUKI NAGUSIA

Batzar Nagusietako Lehendakariak osoko bilkura ibiltarian egin zuen hitzaldia

 

ORDIZIAKO Osoko Bilkura Solemne eta Ibiltaria 2014-07-02

 

Eskerrik asko Eguren jauna.

 

Ordiziako Alkate jauna, Ahaldun Nagusi jauna, foru-diputatuak, zinegotziak, batzarkideok, bertaratutako guztioi egun on eta eskerrik asko gure artean izateagatik.

 

2011 urtean Gipuzkoarrok udaletxe eta Batzar Nagusietako kideak aukeratu zituzten, eta azken hauek ni lehendakari gisa, ohore handia niretzako. Lehendakari jardunean hasi eta berehala, lehenengo Osoko Bilkura Ibiltari eta Solemnea ospatu genuen, urte horretan Azpeitian. Zarautzera joan ginen hurrengo urtean, eta iaz Irunera. Gaur, legegintzaldi honetako azken Osoko Bilkura Ibiltariak Ordiziara ekarri gaitu, eta Ordiziako Udalak abegi onez hartu gaitu, mila esker.

 

Orain 23 urte egon ziren Batzar Nagusiak azkenengoz herri esanguratsu honetan, eta bertan, garaiko Diputatu Nagusia aukeratua izan zen, Eli Galdos jauna hain zuzen. Ez da lehenaldia, baina, Batzar Nagusi hauek Ordizian Gipuzkoa guztiarentzat garrantzitsuak izan diren erabakiak hartu dituztena. Duela 251 urte, 1763an hain zuzen, Xabier Maria Munibe Peñafloridako konteak, herri honetan,Ordizian, eta Batzar Nagusi hauen aurrean aurkeztu zuen garaiko Gipuzkoak jasaten zuen krisi latzari aurre egiteko plana; "Gizartea garatzeko plana, Gipuzkoako Probintziako egoera eta ekonomia bereziari egokitua" izenekoa hain zuzen.

 

Egun horretatik aurrera, Gipuzkoak aurrerapauso asko eman zituen, bai ekonomiaren susperraldian, teknologia kontuetan, edo probintzien arteko harremanetan, baina garrantzitsuena izan daitekena, Gipuzkoarron gizartea ulertzeko mugimendu sozial ezberdinak sorrarazi zituen. Ordizian gure lurraldearen historiaren zati garrantzitsu bat idatzi genuen, eta Batzar Nagusientzako herri hau historiko bilakatu zuten. Beraz, berriro ere, utzidazue esaten ohore bat dela hainbeste urteren bueltan hemen egotea, Osoko Bilkura garrantzitsu hau burutzen.

 

Historia egitea inportatea da, eta etorkizuna egitea beharrezkoa. Horretarako behin eta berriro egokitu beharra dugu garai ezberdinetara, formula berriak asmatuz, harremanak egiteko era eraldatuz eta arau zein erakundeak gaurkotuz. Eraldaketa hau lortzeko modurik eraginkorrena, elkarlanean eta adostasunean oinarritutako erabakiak jorratzean datza, iraunkortasuna bermatu nahi badugu behintzat. Kontsentsuaren aldeko diskurtsoa egin nuen Batzar Nagusietako lehendakari izendatu nindutenean, eta urte hauetan horri eusten saiatu izan naiz.

 

Urte hauetako lanaren ondorio da beraz, gaurko Osoko Bilkurara dakargun gaia. Talde guztien adostasunez, guztien arteko elkarlanaz, egungo beharrizanetara egokitzen den Batzar Nagusietako Araudia gaurkotuko dugu. Beraz, berriro ere, Ordizia gure arautegian letra handiz txertatua geratuko da.

 

Aldaketak ezarri dizkiogu gure Araudiari. Baina aldaketa horien oinarria herritarrengan datza. Alde batetik herritarroi are gehiago ireki nahi dizkiogulako parteartzearen ateak, gardentasuna eta irisgarritasuna bermatuz, eta bestetik gu geu ere, Gipuzkoarron ordezkari izanda, herritarrak ere bagarelako. Hartara, beste esparruetako langileek dituzten eskubide eta betebeharrak ezarriko dizkiegu gure buruari. Honen inguruan luzeago arituko zaizkigu gaur batzarkideak, baina utzidazue gaietako bat azpimarratzen; emakume eta gizonen arteko berdintasunerantzako beste pauso bat ezarri baitugu, amatasun bajarena hain zuzen. Egun emakumeen eta langileen eskubideak murrizten dizkigutenean hiritarrongandik hain urruti dauden erakundeetatik, guk eskubideon aldeko apustu garbi eta zintzoa egin nahi izan dugu. Uste osoa baitaukat eskubideon bermatzeak, gizarte osasuntsu eta aberatsagoa ekarriko digula alde batetik, eta egun pertzibitzen den politika ilunari argitasun eta garbitasun gehiago emango diogula bestetik.

 

Garai berriei ausardiaz ekin behar diegu. Ausardia da ezberdin pentsatuta ere, batzen gaituen horren inguruan elkarlana egitea. Eta zerbait bada guztiok batzen gaituena, herri hauek, eta bereziki Herri hau dira. Gu geu gara gizarte modura, gure izaera eta baloreak dira, gure erantzukizuna lurralde eta herritarrekiko. Eta horretarako beharrezkoa zaigu lehenbizi herriarekiko langiletzat hartzea gure burua, eta ondoren lanari ekin, langile moduan, gizon eta emakume bezala ditugun herraminta hoberenekin, gure eskubideak bermatuaz. Herritarrok eman ziguten eginkizun hau, eta goazen bada gure lana, haiekiko eta gurekiko errespetu osoz gauzatzera.

 

Honenbestez, gaurko gai zerrendari ekingo diogu:

 

 


ORRI-OINA:

Orri honen hasierara joan.