ARAKATZEKO LAGUNTZAK:

Edukira joan zuzenean.

Menura joan zuzenean.

Batzar Nagusien agenda.

Batzar Nagusietako ekimenak.



BILATZAILEAK

Menua ireki Bilatzailea erakutsi

Herritarrak


ORRI HONEN BIDE-IZENA



ORRIAREN EDUKI NAGUSIA

Ganberaren adierazpena

 

Emakumearen nazioarteko eguna

 

Ganberaren adierazpena

 

GIPUZKOAKO LEGEBILTZARRA GIZON ETA EMAKUME BERDINEN GIZARTE ZUZENAGO BATEN ALDE

 

 

Datorren martxoaren 8an Emakumearen Nazioarteko Eguna ospatuko dugula eta, gipuzkoar gizartean zein honetatik kanpo emakumeak eta gizonak berdinak izatearen aldeko 51 aldarrikapen irakurriko dituzte Gipuzkoako ganberako kideek. Eskubide berdinak izatea pertsona guztientzat, eta noski emakume guztientzat. Horixe da Gipuzkoako Legebiltzarrak mundu osoko herrialdeetan posible izatea nahi, eta ekitaldi honetan aho batez aditzera emango duena.

 

Horretarako, Gipuzkoako Batzar Nagusiek erreferentziatzat hartu dituzte Nazio Batuen Nazioarteko Konbentzioak 1981eko irailean egin adierazpenak, emakumearen kontrako bereizkeria forma guztiak desagerrarazteari buruzkoak.

 

Horregatik, GIPUZKOAKO BATZAR NAGUSIEK:

  1. Berriro adierazten dugu oinarrizko giza eskubideetan, pertsonaren duintasun eta balioan eta gizon eta emakumeen arteko eskubide berdintasunean dugun fedea.
  2. Berretsi egiten dugu bereizkeriarik ez izateko printzipioarekiko konpromisoa, eta gizaki guztiok, jaiotzen garenean, libreak eta duintasun eta eskubideetan berdinak garela aldarrikatzen dugu, sexu bereizketarik gabe.
  3. Oso gogoan dugu emakumea baztertzea, baztertze honek duen forma duela, oztopo bat dela gizartearen ongizaterako, eta traba bat herrialde baten gaitasun eta ahalmenak garatzeko.
  4. Oso kezkatuta gaude, oraindik ere, eta pobrezia egoeretan bereziki, emakumeak aukera gutxiago duelako elikadura, osasun, irakaskuntza, prestakuntza, enplegu aukera eta oinarrizko beste hainbat behar ase ahal izateko.
  5. Oso argi dugu nazioarteko ordena ekonomiko berri batek, ekitate eta justizian oinarrituta badago, izugarri lagunduko duela gizon eta emakumeen arteko berdintasuna lortzeko bidean.
  6. Aditzera ematen dugu emakumeenganako indarkeria giza eskubideen eta oinarrizko askatasunen urraketa larria dela.
  7. Baloratu egiten dugu gizarte eta instituzioek genero indarkeria desagerrarazteko hartutako konpromisoa, eta konpromisoa hartzen dugu emakumeek, pertsona gisa, indarkeriarik gabeko bizitza izateko duten eskubidearen alde bakezko borrokan segitzeko.
  8. Ildo honetatik, ezinbesteko deritzogu estatu guztiek emakumearenganako indarkeria gaitzetsi eta arbuiatzeari, eta indarkeria hori desagerrarazteko duten obligazioa saihesteko inolako ohitura, tradizio edo antzekoren aitzakiarik ez jartzeari.
  9. Estatu guztiek arduraz egin beharko dute lan, eta gogotik, emakumeak emakume izateagatik jasaten duen indarkeria prebenitzeko, ikertzeko eta zigortzeko.
  10. Gainera, gure iritziz indarkeria jasaten duten emakumeek eta hauen seme-alabek arreta espezializatua jaso behar dute, eta aholkularitza eta laguntzako gizarte programak izan behar dituzte eskura.
  11. Emakumearenganako indarkeria da, gure ustez, gizonen eta emakumeen artean gertatzen den desberdintasunaren adierazpenik dramatikorik eta tragikoena.
  12. Emakumearenganako indarkeria oztopo bat da, ez bakarrik ekitatea eta bortizkeriarik eza lortzeko, baizik eta munduko herrialdeetan gizartearen garapena, bakea eta kalitate demokratikoa iristeko.
  13. Zeharo konbentzituta gaude, emakumeak eremu guztietan gizonaren baldintza berdinetan parte hartzea ezinbestekoa dela herrialde baten erabateko garapena, munduko ongizatea eta bakea lortzeko.
  14. Oso aintzat hartzen dugu emakumeak gizartearen garapenari egiten dion ekarpena, eta duen garrantzia aitortzen diogu amatasunari, argi baitugu ama eginkizun hori ezin dela, inolaz ere, bereizkeriarako arrazoi izan.
  15. Seme-alaben zaintza eta heziketan gizonek eta emakumeek erantzukizun partekatua izatearen alde gaude.
  16. Uste dugu ezen, gizonaren eta emakumearen artean erabateko berdintasuna lortzeko, aldatu egin behar direla gizonak eta emakumeak gizartean eta familian dituzten rol tradizionalak.
  17. Emakumeak jasaten duen bereizkeria kondenatzen dugu, horrek dituen forma guztietan, eta prest gaude bereizkeria hori desagerraraztera zuzendutako politikak luzamendutan ibili gabe jorratzeko.
  18. Emakumearen eskubideen lege babesaren berdintasun printzipioarekin bat egiten dugu, gizonaren eskubideekiko berdintasunezko oinarri batez.
  19. Eta baita bereizkeriazko ekintza ororen aurrean emakumearen babes eraginkorra bermatzeko printzipioarekin ere.
  20. Konpromisoa hartzen dugu gure eskumenen esparruan emakumearen kontrako bereizkeriazko ekintza edo praktikarik ez garatzeko.
  21. Eta, era berean, printzipio hau berau sustatzeko beste herri administrazio eta erakunde guztietan.
  22. Emakumeen eta gizonen arteko berdintasun errealaren alde lan egiteko eta hori bermatzeko erronka geure egin dugu, arlo guztietan, hala nola politika, gizarte, ekonomi eta kultur arloan.
  23. Egoki deritzogu gizonen eta emakumeen portaera-molde soziokulturalak aldatzeari.
  24. Horren helburua ohiturazko eta beste edozein motatako aurreiritzi eta praktikak baztertzea izango da, baldin eta sexuetako bat bestearen gainetik, edo azpitik, dagoelako ideian oinarrituta badaude, edo gizon eta emakumeen eginkizun estereotipatuak badituzte sostengu.
  25. Emakumeen salerosketa, esplotazio eta prostituzio forma guztiak desagerrarazteko premiazko neurri egokiak hartzearen alde gaude.
  26. Konpromisoa hartzen dugu bizitza politikoan eta publikoan emakumearen kontrako bereizkeria mota oro desagerraraztearren lan egiteko, eta emakumeei arlo hauetan baldintza eta aukera berdintasuna bermatzeko.
  27. Estatu guztiei eskatzen diegu emakumeei eta gizonezkoei eskubide berberak ematea nazionalitatea lortzeko, nahiz aldatu edo mantentzeko; eta emakumeen nortasun nazionala ez egoteko senarraren nazionalitate aldaketaren mendean, are aberrigabe bihurtzeko arriskuaz.
  28. Era berean, estatu guztiei eskatzen diegu emakumeari eta gizonari eskubide berberak ematea, seme-alaben nazionalitateari dagokionez.
  29. Ezinbesteko deritzogu gizon eta emakumeen eskubide berdintasuna bermatzeari hezkuntzari dagokionez: karreren arloan, gaikuntza profesionalean eta ikasketetarako aukeran, bai landa inguruetan bai hirietan.
  30. Ezinbesteko ikusten dugu irakaskuntzaren maila eta forma guztietan erabat baztertzea rol maskulinoaren eta femeninoaren kontzeptu estereotipatuak.
  31. Horretarako, bat egiten dugu hezkuntza mistoaren eta helburu hori lortzen lagundu dezaketen beste hezkuntza mota batzuen alde.
  32. Aukera berdinak exijitzen ditugu, herrialde guztietan, gizonentzat eta emakumeentzat: ikasteko bekak eta dirulaguntzak lortzeko, eta hezkuntza iraunkor, alfabetatze funtzional eta helduen hezkuntzako programetan parte hartzeko.
  33. Gure iritziz, mundu mailan hiritarrek duten helburuetako bat honakoa da: emakumeen artean ikasketa abandonuak duen tasa murriztea eta garaia baino lehen ikasketak laga dituzten neska gazte eta emakumeentzako programak antolatzea.
  34. Konpromisoa hartzen dugu enpleguan eta gizarte prestazioetan bereizkeria mota oro desagertzearen alde lan egiteko.
  35. Hori guztia dela eta, uste dugu gizonek eta emakumeek aukera berberetarako eskubidea izan behar dutela, tartean alegia lanbidea libreki aukeratzeko, lanean igotzeko, enplegu egonkorra izateko eta prestazio guztiez eta gizarte eskubideak hobetzeko beste laneko baldintza batzuez gozatzeko.
  36. Lansari berdinak eta prestazio sozial berdinak izateko eskaria berresten dugu, eta tratu berdintasuna exijitzen dugu lanaren kalitatea baloratzeko unean.
  37. Laguntzako gizarte zerbitzuak sustatzeko politikak bultzatuko ditugu, laneko eta familiako bizitza batera eraman ahal izatearren.
  38. Beharrezko ikusten dugu estatu guztietan emakumearen kontrako bereizkeria deuseztatzea mediku-arretaren arloan, hain zuzen mediku-arreta zerbitzuetarako aukera, baita famili plangintzari lotuen kasuan ere, berdintasunezko baldintzetan ziurtatzearren.
  39. Gure ustez, kontuan hartu behar dira emakumeak landa munduan jasaten dituen arazo bereziak, eta landa inguruetan emakumeak jasaten duen bereizkeria desagerrarazteko neurri egokiak ahalbidetu behar dira, landa garapenean eta honetatik etor daitezkeen onuretan gizonek eta emakumeek berdintasunezko partaidetza izatea ziurtatzeko.
  40. Gizonek eta emakumeek gaitasun juridiko berdina izateko berme unibertsala eskatzen diegu estatuei, gaitasun hori baliatzeko aukera berberak izatearekin batera.
  41. Ildo honetatik, gaitzetsi egiten dugu ondorio juridikoak dituen eta emakumearen gaitasun juridikoa murriztera jotzen duen ekintza, pronuntziamendu edo tresna pribatu oro.
  42. Nazioarteko komunitateak, gure ustez, ahalbidetu egin behar du pertsonek, gizon zein emakumeek, libreki zirkulatzeko eta egoitza eta bizilekua libreki aukeratzeko duten eskubidea bermatzen duen legedia.
  43. Lagundu egingo dugu ezkontzarekin eta famili harremanekin lotutako gai guztietan emakumearen kontrako bereizkeria desagerrarazteko neurri guztiak garatzen.
  44. Neurri horien artean, ezkontidea edo bikotekidea aukeratzeko edo ezkontzeko askatasuna eskatzen segituko dugu munduko emakume guztientzat, hauen askatasuna errespeta dadin, eta hauen erabateko onespena behar izan dadin, beti.
  45. Gainera, uste dugu estatuek bermatu egin behar dutela ezkontza indarrean den bitartean gizon eta emakumeentzat eskubide eta erantzukizun berberak ziurtatzen dituen erregulazio bat, eta gauza bera bikotea desegiten denean ere.
  46. Era berean, lege antolamenduak eskatzen ditugu, herrialde guztietan, emakumeak askatasuna izan dezan amatasunaren gainean erabakitzeko eta eskubide hau baliatzea ahalbidetuko dioten informazio, hezkuntza eta tresnak eskuratu ahal izateko.
  47. Justizia demokratikokoa da eskubide eta erantzukizunetan gizon eta emakumeentzat berdintasuna babesten duen legedia, seme-alaben tutoretza, zaintza eta adopzioari dagokionez.
  48. Izan ere, gizon eta emakumeen artean desberdintasuna dagoen bitartean begi-bistako defizita izango da gure kalitate demokratikoan.
  49. Eskubide eta askatasunean bereizkeriaz edo desberdintasunak ezarriz jardutea, eta desberdintasun hori kromosomen antolaketaren arabera ezartzea, zentzugabe eta irrazionala delako.
  50. Munduan ez dagoelako gizarterik, bere kideetatik erdia kontuan ez hartzea jasan dezakeenik.
  51. Ekitatearen alde, justiziaren alde, eta etorkizuneko gizarteak, gizarte eta giza garapen hobe baten aldeko lanean, eraginkorragoak izan daitezen.

 

Nazio Batuak 1981. urtean sortutako emakumearen aurkako bereizkeriaren ezabaketaren aldeko hitzarmenatik Batzar Nagusietako Lehendakaritzak egindako dokumentua.

 

 


ORRI-OINA:

Orri honen hasierara joan.