ARAKATZEKO LAGUNTZAK:

Edukira joan zuzenean.

Menura joan zuzenean.

Batzar Nagusien agenda.

Batzar Nagusietako ekimenak.



BILATZAILEAK

Menua ireki Bilatzailea erakutsi

Ezagutu Batzar Nagusiak


ORRI HONEN BIDE-IZENA



ORRIAREN EDUKI NAGUSIA

Araugintza

FUNTZIOEN ATALEKO AUKERAK

Batzar Nagusiek foru-arauak onartzeko ahalmena daukate. Foru-arauen bidez, Lurralde Historikoaren eskumeneko gaiak arautzen dira. Foru-arauek edozein lurralde-legebiltzarrek emandako legeen balio material bera dute, betiere Lurralde Historikoaren eskumen esklusiboko gaiei buruzkoak badira.

 

Foru Arauak Aldundiak argitaratuak.

Batzar Nagusietan eztabaidatutako Foru Arauak, ondoren Foru Aldundiak argitaratuak.

Gai hauek foru-arauen bidez arautu behar dira nahitaez:

 

  • Foru-organoen antolaketa, araubidea eta funtzionamendua.
  • Lurralde Historikoaren aurrekontuak eta kontu orokorrak.
  • Lurralde osoari dagozkion sektoreko ezohiko planak.
  • Lurralde Historikoaren zerga-araubidea.
  • Korporazio lokalen zerga propioak, haien tutoretza finantzarioa eta Lurralde Historikoko udalerrien finantzaketaren araubide orokorra.
  • Probintziaren zein udalen ondasunen araubidea, jabari publikokoak, ondarezkoak, propioak nahiz komunalak izan.
  • Udalerrien mugaketak eta udalez gaindiko mugaketak, Lurralde Historikoaren mugak gainditzen ez dituztenean.

 

Batzar Nagusietan foru-arauak onartzeko prozedura Barne Araudian dago ezarrita. Araugintza-prozedura orokor bat eta prozedura berezi batzuk ezartzen dira.

 

Prozedura hasteko ekimena honako hauek har dezakete:

 

  • Batzarkide batek, beste lau batzarkideren izenpea duela.
  • Foru Aldundiak.
  • Batzarkide talde batek.
  • Gipuzkoako herritarrek, gutxienez 7.000 hautesleren izenpearen bidez.
  • Lurralde Historikoko udalek, gutxienez hiru udalek. Udal horiek bi hauteskunde barrutitakoak izan behar dute gutxienez eta hamar mila biztanletik gora eduki guztien artean.

 

Foru Aldundiaren ekimenaz aurkeztutako testuari foru-arauaren proiektua deitzen zaio. Besteei foru-arauaren proposamena deitzen zaie, eta, izapidetu baino lehen, Batzar Nagusien gehiengoak aintzat hartu behar ditu.

 

Foru-arauaren proiektua aurkeztutakoan, edo foru-arauaren proposamena aintzat hartutakoan, zuzenketak aurkezteko epea zabalduko da. Zuzenketak artikuluei edo osotasunari egin ahal zaizkio. Osoko zuzenketak foru-arauen proiektuen kasuan bakarrik egin daitezke. Proiektuaren egokierari, printzipioei edo espirituari buruzkoak izaten dira, eta proiektua Foru Aldundiari itzultzeko eskatzen dute, edo, bestela, ordezko testua proposatzen dute.

 

Foru-arauen proiektuen kasuan, osoko zuzenketak aurkeztuz gero, osoko eztabaida egingo dute Osoko Bilkuran. Eztabaidatu eta gero, proiektua Foru Aldundiari itzultzea ala ez bozkatuko dute, edo aurkeztu den ordezko testua onartzea.

 

Zuzenketak aurkezteko epea bukatu, eta osoko zuzenketen eztabaida bukatu eta gero (eztabaida egin bada), proiektua edo proposamena gaiaren arabera dagokion batzordeari bidaliko zaio. Batzordeak artikuluei buruzko zuzenketak eztabaidatuko ditu eta, horren ondorioz, irizpen bat onartuko du, onartutako zuzenketen bidez egin diren aldaketak jasoko dituena.

 

Zailtasun handiko gaietan, dagokion batzordeak bere barruan talde txostengile bat sortzea erabaki dezake, ekimena xehetasun handiagoz azter dezan eta txosten bat egin dezan. Ondoren, batzordeak eztabaidatuko du.

 

Aurkeztutako zuzenketak irizpenean sartu ez badira, egileek mantendu egin ditzakete Osoko Bilkuran defendatzeko. Halaber, proiektuaren edo proposamenaren testuan zuzendua izan denari buruzko boto partikularrak ere eman ditzakete taldeek, Osoko Bilkuran defendatzeko.

 

Irizpena, boto partikularrak eta mantendutako zuzenketak Osoko Bilkurara doaz. Osoko Bilkuran eztabaidatu eta gero, bozketa egiten da, proiektu edo proposamenaren behin betiko testua onartzeko. Horretarako, nahikoa da Batzar Nagusietako kideen aldeko botoak gehiengoa izatea (gehiengo soila), zenbait kasutan izan ezik (Batzar Nagusien Barne Araudia, edota Gipuzkoako Lurralde Historikoaren Erakunde Antolaketa, Gobernu eta Administrazioari buruzko Foru Araua onartzea), non aldeko botoek Batzar Nagusietako kideen erdia gehi bat izan behar duten (gehiengo osoa).

 

Batzar Nagusiek foru-araua onartu eta gero, Foru Aldundiari bidaltzen zaio, diputatu nagusiak aldarrika dezan eta Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitara dadin, indarrean jartzeko.

 

Batzar Nagusien Barne Araudia Batzar Nagusietako Lehendakariak aldarrikatuko du.

 

Azaldutako prozeduraz gain, beste prozedura berezi batzuk daude foru-arauak onartzeko:

 

  • Irakurraldi bakarra egitea Osoko Bilkuran: foru-arauaren proiektuaren edo proposamenaren izaerak hala aholkatzen duenean, edo erraza delako hala egin daitekeenean. Proiektu osoarentzat eztabaida eta bozketa bakarra egingo dira.
  • Gipuzkoako Batzar Nagusien aurrekontuen foru-arauaren proiektua: prozedura arruntari jarraitzen zaio baina berezitasun batzuekin.
  • Batzordeek araugintza-ahalmen osoa edukitzea; proiektu edo proposamenak ez direnean garrantzi bereziko gaiei buruz, erabaki daiteke irizpena egiteko ardura duen batzordeak onartzea foru-arauaren testua, azken onarpena Osoko Bilkurak eman beharrik izan gabe.

 

Foru-arauak izapidetu eta onartzeaz gain, Batzar Nagusiek Eusko Legebiltzarrak legeak onar ditzan bultza dezakete, Euskal Herriko Autonomia Estatutuko 27.4 artikuluan aurreikusitako ekimenaren bidez. Eusko Legebiltzarrari lege-proposamenak bidaltzeko prozedura arruntari jarraituko diote, baina berezitasun batzurekin. Berezitasun handiena da Osoko Bilkuraren gehiengo osoak onartu behar duela.

 


ORRI-OINA:

Orri honen hasierara joan.