ARAKATZEKO LAGUNTZAK:

Edukira joan zuzenean.

Menura joan zuzenean.

Batzar Nagusien agenda.

Batzar Nagusietako ekimenak.



BILATZAILEAK

Menua ireki Bilatzailea erakutsi

Gipuzkoa


ORRI HONEN BIDE-IZENA



ORRIAREN EDUKI NAGUSIA

Historiaurrea eta protohistoria

Historia

Historiaren beste atal batzuk

Gaur arte aurkitutako hondar arkeologikoei esker jakin dugu Gipuzkoa jada populatuta zegoela Paleolitiko ertainean. Gipuzkoako historiaurrearen hondar materialak 1916 eta 1936 bitartean jaso ziren J. M. Barandiaran-en (T. de Aranzadi eta E. de Eguren-ekin) trikuharri-gune batzuen eta gela-haitzulo paleolitiko batzuen indusketetan (Ermittia, Urtiaga), eta 1953tik aurrera Barandiaran berak hasieran eta 1975etik aurrera Aranzadi Sozietateko taldeek trikuharrietan eta hilobi-tumuluetan nahiz haitzuloetan (Lezetxiki, Aitzbitarte, Marizulo, Altxerri, Ekain, Amalda, Errailla).

 

Erromanizazioaren ezagutza handitu egin zen 1970etik aurrera Bidasoa Beherean egindako prospekzio eta indusketekin (Asturiaga, Junkal, Ama Xantalen...). Historiaurreko ia aztarna guztiak Aranzadi Sozietateak babesten ditu eta Donostiako Udal Museoan erakusten dira; bestalde, Probintziako arkeologia erromatarraren aztarna esanguratsuenak Irungo Ama Xantalen museo monografikoan biltzen dira.

 

70.000 - 30.000 K.a.: Paleolitiko Ertaina. Gizaki mota bereizgarria: Neanderthal. Lezetxikiko aztarnategiak Arrasaten (Mondragon), eta Amaldakoak Aizarnan. Musterienseko kulturako lanabes eta armak, Aitzbitarteko aztarnategia Errenterian. Lehen lurperatzeak gertatzen dira.

 

33.000 - 9000 K.a.: Goi Paleolitikoa. Klima hozteak lekuz aldatzen du gizakiaren habitata Kantauri isurialdera. Giza aztarnategia, Urtiagako haitzuloa Deban, Cro-magnon motakoa. Ñabardurekin esan daiteke euskal etnia Cro-magnon arrazatik abiatuta sortu zela. Lezetxikiko aztarnategiak Arrasaten (Mondragon), Aitzbitarte IVkoak Errenterian, Ermittia, Urtiaga eta Ekaingoak Deban, eta Altxerrikoak Orion. Arte parietala Ekain eta Altxerrin.

 

9000 - 4000 K.a.: Mesolitikoa. Tenperaturen igoera. Haitzuloak utzi eta ibaien haranetara hurbiltzea. Herrialdea basoz estaltzen da. Mikrolitoak Marizulon (Urnietan).

 

3500 K.a.: Neolitikoa, ahula eta berantiarra. Abelazkuntzarako joera. Aztarnategi urriak. Hainbat adituk diote balitekeela neolitikoan euskal biztanleriaren hizkuntza euskara izatea.

 

2000 K.a.: Kobre Aroa. Transhumantziak aldaketak sortuko ditu autoktonoen bizitzeko moduan. Lurperatzeak hilobi-haitzuloetan eta trikuharrietan. Jaizkibel, Landarbaso, Aizkorri, Altzania eta Ataunen. Kobre Aroko aztarnategiak ondokoak dira: Jentiletxe, Mutrikun; Urtiaga, Deban; eta Marizulo, Urnietan.

 

900 - 500 K.a.: Zeltak izango dira burdinaren metalurgiaren garraiatzaileak. Gipuzkoa, zeltarren hondar urriengatik, zeltiartze horretatik aparte geratu zela esan daiteke. Lurperatzeko beste modu bat sortzen da: cromlech-ak, Jaizkibelen, Oiartzun mendietan eta Adanan.

 

K.a.I. - K.o. IV.: Euskal Herriari zegokion lurraldea baskoi, barduliar, karistiar eta autrigoiez populatua zegoen. Barduliarren tribua gaur eguneko Gipuzkoan zegoen kokaturik. Bere elikaduraren oinarri ezkurra zen. Nekazaritza urria zen, abelazkuntza, aldiz, garrantzitsua.

 

25 K.a. - K.o. 150.: Erromatarrak Irunen. Oiartzun (Arditurriko meatzeak) eta Hondarribia (ontziratze-portua). Gipuzkoa, erromanizazio prozesuaz aparte geratzen da.

 

Paleolitikoa

 

Gipuzkoan gizakiaren presentzia erakusten duten aztarna zaharrenak 50.000 urte baino gehiago dituzte, Paleolitiko Ertainekoak dira. P. Ertaineko eta Goi Paleolitikoko kulturak egungoa baino hotz eta lehortasun handiagoko egoeran garatu ziren. Azken glaziazio horretan gizaki-taldeek itsasertzetik gertu zeuden babes-lekuak eta haitzuloak okupatu zituzten, altitude moderatuetan zeudenak. Lezetxiki haitzuloko (Garagartza - Arrasate) 10 m. baino gehiagoko potentzia duen estratigrafiak Musteriensean (K.a. 60.000 - 30.000) izan zituen okupatzaileen gordetegi garrantzitsu bat mantendu du: gizaki haiek, Neanderthal motakoa (horietatik emakumezko baten humeroa eta hainbat hortz-pieza berreskuratu dira), beren harrizko tresnak haitzuloan bertan lantzen zituzten eta beren ehizaldien hondarrak lurrean uzten zituzten. Amaldako haitzuloaren (Aizarna-Zestoa) oinarri-maila ere Musteriensekoa da.

 

Europaren hego-mendebaldeko Goi Paleolitikoan Cro-Magnon gizakia agertu eta garatu zen. Berari dagozkio hainbat kultur-berrikuntza interesgarri, bai teknikari dagokionez (makil eta hezurren, eta lanabes litikoen lantze zaindua) baita espresioari dagokionez ere (labar-artea). Halaber, bizimoduan ere berrikuntzak sustatu zituzten (ehizarako lurralde finkoak, barnealdean pixkanakako kokapena, ...). Gizaki mota haren hondar fisikoak Gipuzkoako aztarnategi batean soilik aurkitu dira (Urtiagan, Madeleine aldi aurreratuan); baina bere jarduera eta egonaldiaren hondarrak ugariak direla esan daiteke. Goi Paleolitikoko lehenengo erdialdeari (Aurignac eta Perigord aldiei) dagozkio Lezetxiki, Aitzbitarte (Errenteria), Amalda eta Usategi (Ataun) haitzuloetako maila arkeologiko batzuk. Solutre aldian bereziki garatu ziren silex harria lantzeko teknikak, modu espezifikoetako gezi-puntak eginez: horren frogak Amaldan eta, batez ere, Aitzbitarte eta Ermittian (Sasiola, Deba) aurkitu dira. Goi Paleolitikoaren azken zatian, Madeleine aldiko (K.a. 15000 - 8500) kulturarekin oreinaren (edo, eremu malkartsuetan, sarrioaren eta basahuntz piriniarraren) ehizan espezializatutako taldeek kantauriar aurrealde osoa okupatu zuten. Hezur-substantziazko tresna sofistikatuak egiten zituzten eta, gainera, labar-artearen "santutegi" interesgarrienen egile ditugu. Gipuzkoako Madeleine aldian, Lezetxiki, Ermittia, Aitzbitarte, Urtiaga (Itziar-Deba), Errailla (Zestoa) eta Ekain (Deba) haitzuloak dezente okupatu ziren. Arte eramangarriaren erakusgai zoragarri bat aurkitu zen (hegazti baten hezur bat, sei animalia-buru eta gizaki-buru baten grabatu zehatzekin hornitua) Torre-n (Oiartzun) eta nabarmentzekoak dira, halaber, Ekain eta Altxerri (Aia) haitzuloetako grabatu eta labar-margoen bi multzo bikainak.

 

Haitzulo gehienek Epipaleolitikoan (edo Mesolitikoan) ehiztarien babes izaten jarraituko dute eta hauek tresna litiko txikiagoak landuko dituzte, pixkanaka itsasertzeko, ibaietako eta basoetako elikadura-baliabideak aprobetxatuz eta labar-artearen espresio-moduak erabat baztertuz. Azil alditik aurrera, glaziar-ondoko hobekuntza klimatikoak itsasertzetik urrunago dauden lurretara zabaltzea ahalbidetzen du, altitude handiagoko kotetara: horren adibide argi bat da Pikandita haitzuloarena (Ataun). Marizulo haitzuloaren (Urnieta) estratigrafiak, bere 2,5 m-ko lodieran, aldaketa klimatiko eta kulturalaren prozesua erakusten du, oinarri-mailetan okupatu zutenen eta, geroago, Neolitikoaren berrikuntza batzuk onartzen dituztenen artean emandakoak.

 

Neolitikoa eta Brontze Aroa

 

Gipuzkoako Neolitikoak Brontze Aroarekin bat egiten duela esan daiteke, ezaugarri komunak dituen garai bat sortuz, K.a. 4000 eta 1000 bitartean. Aldaketa garrantzitsuak gertatu ziren: izaera sozialekoak (hazkunde demografikoa, artzain-kultura bizia, habitata kanpora zabaltzea,...), teknikokoak (harriaren leunketa, zeramika, metalurgia,...) eta fedearen ingurukoak (gorputegi kolektiboak, gurtza astralak agian...).

 

Hondarrak probintzia osoan zehar daude: kanpoan egindako tailer edo txabolak (Higer, Jaizkibel), gela-haitzuloak (Jentiletxeeta Mutrikun, Agarre Elgoibarren, Olatzaspi Asteasun, Zabalaitz Urbian, Paleolitikoan okupatutako beste asko bezala), gorputegiak ziren haitzulo eta babes-lekuak (Sorginzulo Belauntzan-Tolosa, Txispiri Gaztelun...). Oso interesgarriak dira ehun eta berrogeita hamarretik gorako hilobi-monumentuak (ganbera megalitikoak edo dolmenak; edo harri eta lurrezko tumuluak), taldekako ehorzpenen gordetegi gisa erabiltzen direnak, eskaintza gisa arreoak erabiliz.

 

Dolmenak, nahiko gune trinkotuetan pilatua, eremu menditsuetan eta larreetan kokatzen dira eta askotan tumulu-egiturekin partekatu izan dute lekua. Gipuzkoako dolmen gehienak gerra zibila baino lehen aurkitu eta induskatu zituzten Aranzadi, Barandiaran eta Eguren-ek (horrela, Elosua-Soraluze, Aizkorri-Urbia, Altzania, Ataun-Borunda, Aralar...); horiei ikerketa berriagoko taldeak gehitu behar zaizkie (Iboin-Akola, Andatza-Ernio, Adarra-Mandoegi, Elgea-Artia, Udala-Intxorta, Otsabio-Zarate...). Tumuluen artean, azken hamabost urteotan identifikatutakoak, Satui-Arrolamendi-koak nabarmentzen dira (20 metro inguruko diametroak eta ondo zehaztutako "arkitektura" dutenak), Elgea-Artia, Andatza-Ernio eta Murumendi. Elgea-Artia-n, gainera, harrizko bi mugarri handi adierazi dira (horietako bat, Mugarriaundi-koa, 5 m-tik gorakoa), "menhir" estilokoak.

 

Protohistoria eta Erromanizazioa

 

Burdin Aroarekin, K.a. 1000. urtetik aurrera, Pirinioez bestaldeko gizaki-taldeek penintsula inbaditzeko hainbat saiakera egin zituzten: dirudienez ez zuten Gipuzkoan eragin handirik izan, nahiko lurralde marjinala zelako. Lehenagoko trikuharri eta tumuluetako batzuk erabiltzen jarraitu zuten baina, orokorrean, gorpuak errausteko erritu berriaren ondorioz neurri txikiagoko tumulu-pilaketak edo harrizko zirkuluak (baratzak, "cromlech" erara) eraikitzen hasi ziren eta horien erdian hildakoaren errautsak kokatzen zituzten. Deigarria da monumentu horiek Gipuzkoako ekialdeko zerrendako mendi-tontorretan kontzentratzea, Nafarroarekin mugan.

 

Plutarko eta Estrabon geografo eta historialarien eskutik sartu zen Gipuzkoa historian K.a. I. mendearen amaieran. Idatzizko erreferentzia erabilgarrienak Estrabon-en Geografian aurki daitezke, Ponponio Mela-ren Korografian, Plinio Zaharraren Historia Naturalean, eta Ptolomeo-ren taula geografikoetan. Haien deskribapenen arabera, gizarte pobre, gerrazale eta tribu-antolaketa nabarmenekoa zen.

 

Horien arabera, Aro aldaketaren urteetan Gipuzkoa gehiena Barduliarrek okupatzen zuten eta horien lurraldearen mugak Debako arroa (mendebaldean Karistiarrak zeuden) eta Oiartzungoa (Ekialdean, Baskoiak) ziren. Gipuzkoan aipatzen diren biztanleria-gune nagusiak ez dira zehazki identifikatu; mendebaldetik ekialdera itsasaldean aurkitu dira eta Tritium Tuboricum (Debaren bokalea), Menosca (Urola eta Oria bitartean?), Morogi (Urumea inguruan) eta Oiasson dira. Toponimo horrek (Oiartzun eta agian Bidasoan irauten duena) hiru entitate geografiko ezberdin biltzen ditu: Baskoien hiri bat, kostako gailur edo lurmutur bat eta igarobide bat, irekia, Iberia eta Akitaniaren arteko mugan.

 

Gipuzkoako ipar-ekialdean (Oiartzun eta Bidasoa ibaien arro baxuetan) biltzen dira erromatarren presentziaren hondar esanguratsu bakarrak: Arditurriko (Oiartzun) meatze-ustiapenak, Junkaleko (Irun) hiri-kokapena (I. mendea), Ama Xantalengo (Irun) kutxen nekropolia eta agian tenplua (lehenengoa I eta II. mendekoa eta bigarrena, akaso, IV. mendekoa), Asturiagako (Hondarribia) ainguratokiko urperatutako hondarrak (K.a. I eta K.o. I. mendekoak), Irun, Oiartzun, Pasaia eta abarretan aurkitutako txanponak, edo Oiartzungo Andrearriagako hilobi-lorratza, Valerius Beltesonis bati eskainia.

 

Dirudienez erromatarrek eragin txikia izan zuten, inperioaren lehenengo bi mendeetan ekialdeko itsasertzean bakarrik egon ziren: ziur aski berun eta burdinaren ustiapenarengatik, itsasoaren bidez lortzen dena.

 

 


ORRI-OINA:

Orri honen hasierara joan.