ARAKATZEKO LAGUNTZAK:

Edukira joan zuzenean.

Menura joan zuzenean.

Batzar Nagusien agenda.

Batzar Nagusietako ekimenak.



BILATZAILEAK

Menua ireki Bilatzailea erakutsi

Gipuzkoa


ORRI HONEN BIDE-IZENA



ORRIAREN EDUKI NAGUSIA

Eskultura

XIX. mendearen amaierako eta XX. mendearen hasierako euskal eskulturaren testuinguru horretan, bi izen agertuko zaizkigu beste guztien gainetik: Paco Durrio (1868-1940) eta Mogrobejo (1875-1910). Lehenak, Gauguin-en adiskide minak, inspirazio modernista nabarmena zuten piezen bidez bere bitxigile-lanari ekiten zion bitartean, eskulturagile gisa ere jardun zuen, eta esaterako, berak egina da Arriagaren omenezko Monumentua (Bilbo). Mogrobejok, bestetik, eragin modernista eta Rodinen aztarna ukaezina bateratuko zituen.

 

Hortik aurrera, originaltasunak eta produkzioak une larriak biziko dituzte, eta berrogeita hamarreko hamarraldia etorri arte itxoin beharko dugu, urte horietan nazioarte mailan garrantzia handia izan zuen mugimendu sortzailea sortu baitzen.

 

Mugimendu honek, belaunaldi dei diezaiokegun horrek, abstrakzioaren ildoa jarraitu zuen. Artista handiek osatzen dute talde hau: Ricardo Ugarte, Bruselako Europar Batasunaren eraikin berrirako hautatua; Nestor Basterretxea, Remigio Mendiburu, Leon Barrenetxea, Andres Nagel, J. M. Alberdi Urkaregi, Askasibar, Cobreros, Lopez Carrizo, Elguezua Julio Beobide zumaitarra.

 

Baina beren garaikideengan eragin handiena izan dutenak Jorge Oteiza eta Eduardo Chillida izan dira. Euren lanak libreak eta originalak dira, eta lan horiek euren herrian nahiz beste kontinente batzuetan egin dituzte. Beren materialik gogokoenak ondokoak dira: burdina, zementua, zura eta harria.

 

Jorge Oteiza Orion jaio zen 1908an eta Donostian hil 2003. urtean. Oteiza eta bere lanak XX. mendeko bigarren zatiko abangoardia artistikoan eragina izan dute. Esperimentuarekin eta arte garaikideak gizartean eduki duen eginkizun transformatzailearekin konprometituta dagoen artistaren ospea hartu zuen.

 

1957an São Pauloko IV. Bi Urteko Nazioarteko Sari Nagusia lortu zuen, eta garai horretan espresionismoa eta figurazioa alde batera uztea erabaki zuen, geometria arrazionalean oinarritutako abstrakzioan barneratzeko. 60. hamarkadan eskultura alde batera uztea erabaki zuen eta artista kolektiboak sortu eta indartzeari ekin zion, Gaur taldea sortu zuen esaterako.

 

Euskal kulturarekin duen konpromisoak eraginda, haren defentsaren aldeko mugimendu eta jardueretan buru izango dugu. Testuinguru horretan mugituko dira Euskal Eskolako taldeak, probintzia bakoitzean osatuak. Aipatutako Gaur taldea izan genuen aktiboena, eta horren barruan ditugu Oteiza, Chillida, Basterretxea, Zumeta edo Balerdi bezalako izen handiak. Aldi berean, beste profesional batzuekin batera parte hartuko du hainbat hirigintza-proiektutan, hala nola Errenteriako Foruen Plazan edo Madrilgo Kolon Plazan. 1972. urtean eskultura-lanari ekingo dio berriro

 

Oteizaren lanen artean honakoak aurki ditzakegu: monolito monumentalak (Preso politiko ezezagunaren monumentua), kaxa geometriko eta "hustuak" edo eraikinak (Kaxa hutsa), erredukzionismoaren eta hutsaren protagonismoaren gailurra liratekeenak.

 

Eduardo Chillida (Donostia, 1924-2002) arteari egindako ekarpenagatik eta utzitako legatuagatik artista unibertsala da. Gauza materialen eta gauza espiritualen artean oreka sortzen zuen, horretarako, lurrez, burdinez, altzairuz, granitoz, hormigoiaz eta baita argiaz ere baliatu zen. Horrekin guztiarekin, bere ingurunera egokitutako espazio intenporalak sortu zituen.

 

Bere produkzioaren barruan hiru alderdi garrantzitsu nabarmendu genitzake: espazioaren definizioa, beharbada arkitekto gisa izan zuen heziketaren ondorio, edo agian, Henry Moore eskulturagileari zion miresmenaren (berak aitortua) eta harengandik jasotako eraginaren ondorio; primitibismo bortitza, Brancusi-rekin bat datorrena, eta azkenik, obraren kokapen ezin egokiagoa. Izan ere, 1966. urtetik aurrera arkitekturaren, eskulturaren eta espazio publikoaren artean biziko da. Beste artista batzuen aldean, Chillidak obraren barruko parte-hartzaile aktibo gisa ikusten du espazio publiko hori.

 

Bere lehendabiziko erakusketa Parisen burutu zuen 1950ean, Pilar Belzunce-rekin ezkondu zen urte berean.

 

Chillida-ren obra zabala da, jaso dituen sari kopurua eta mundu osoan zehar egin dituen erakusketa kopurua bezala. Bere bizitza osoan zehar existitzen diren ia sari guztiak jaso ditu: Venezioako Bi Urtekoa, Kandinsky saria, Wilhem Lehmbruck saria, Asturiasko Printzea saria, Kaiserring alemaniarra, Japoniako Sari Inperiala. Bere lanak mundu osoko hogei museo baino gehiagotan daude eta atzera begirako erakusketak ospatu dira Houston eta Berlin-en, Madril eta Caracas-en, Londres eta Palermo-n.

 

Bere eskulturak itsasoaren aurrean daude, esaterako, Donostian, edota mendian, Japonen esaterako, baita Washington, Paris, Lund, Munster, Madril, Palma, Gernika edo Berlin-en ere. Bere obrari buruz idatzi dute arkitekto, matematikari eta filosofoek, esaterako, Martín Heideggeer eta Emile Cioran-ek, edota Octavio Paz bezalako olerkariek.

 

Artearen eta gune publikoaren sinbiosia Donostiako harkaitzetan ikus daiteke, non 1977an Haizearen orraziak ezarri zituzten. Egileak berak obra honi buruz "naturari irekia dagoela" dio, olatuen eta haizearen ekintzaren bidez natura horrek esku hartzeko aukera ematen baitu, haren oinarrian irekitako zuloetatik barrena sartzean hotsak eginez, eta metalaren jatorrizko egoera eraldatuz. Egileak, hain zuzen ere, ez du prozesu hori eragozteko inolako asmorik izan, osotasun guztiari espresibotasun handiagoa ematen diola irizten baitio.

 

Aipatzekoa da, 2000ko irailean Chillidak Hernanin ireki zuen estalperik gabeko museo zoragarria, Chillida-Leku, artearen munduan eginiko urteei amaiera ona emateko.

 

 


ORRI-OINA:

Orri honen hasierara joan.